Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Aitor Gorrotxategik lehentasuna ematen dio Azpeitiaren suspertze ekonomikoari eta gizarte-kohesioari
Azpeitiko Udalerako hautagai jeltzaleak azpimarratu du “erakunde publiko guztien, ekintzaileen eta gizarte-eragileen lan bateratuaren bidetik etorriko dela suspertze ekonomikoa”.
Azpeitiko EAJ-PNVk joan den larunbatean lan-jardunaldi bat egin zuen Azpeitiko gaur eguneko egoera ekonomikoa eta soziala aztertu eta kontrastatzeko, eta bertan sektore desberdinetako hogeita hamar azpeitiarrek hartu zuten parte, Aitor Gorrotxategi hautagai nazionalistaren “gobernu programa osatuko duten ildo estrategikoak eta lehentasunak markatzeko helburuarekin”.
Alde horretatik, Gorrotxategik azpimarratu du bere helburu nagusia “erakunde publiko guztien, ekintzaileen eta gizarte-eragileen lan bateratuaren bidetik etorriko den suspertze ekonomikoa” dela. “Gure ekintzaileen aitorpena egin eta balioan jartzearen alde egiten dugu, pertsona horiek baitira industria-proiektuak pentsatu eta gauzatzeko giltzarria, eta horien bidez sortzen baitira kalitatezko lanposturik gehienak, eta Azpeitiaren etorkizun eta ongizatearen berme direnak. Gainditu egin behar dugu konfrontazioa, eta proiektu partekatuen aldeko konpromisoaren kultura aldarrikatu”. “Alde horretatik –jarraitu du esanaz– gure iritzia da turismoarekin zerikusia duten jarduerak gero eta protagonistagoak dira, eta izaten jarraitu behar dute”.
Horrez gain, alkatetzarako hautagai jeltzaleak azpimarratu du: “Azpeitiak, herri erakargarria eta, krisiak eragin ikaragarria izan badu ere, bizitzeko maila handikoa izateaz gain, proiektu berrietan inbertitzeko erakargarritasuna berreskuratu behar du”.
Horrela, adierazi du lan-jardunaldi honetan parte hartu duten kideek azpimarratu dutela “ezinbestekoa” dela “jabeekin elkarlanean, gaur egunean hutsik dauden industria-pabilioiak modu lehiakorrean eskaintzeko kudeaketa-planak egin beharra”. Horrez gain, adierazi du “Larre-Larrin abian jartzeko lan-egutegi bat zehaztu beharra dago, SPRIren inplikazioarekin, eta ekintzaileen elkarteekin, hasi Adegitik eta kooperatiben mundua osatzen duten erakundeetaraino, etengabeko dialogo eta elkarreraginean”.
“Alderdi ekonomiko-industrialez gain, lan-jardunaldian parte hartu zutenek lau lan-mahairen inguruan, gizarte zerbitzuen gaia, komunikabideak, gaur eguneko ekipamenduen –hala gizarte arlokoen, nola kirol eta kultur mailakoen– egoera eta etorkizuneko beharrak, eta horien mantenimenduak dakartzan erronkak ere aztertu genituen” gehitu du.
Halaber, Gorrotxategik azpimarratu du partehartzaileek “garrantzi handia” eman ziotela herriko festa eta ospakizun-egunak berreskuratzeari “gizarte-kohesioaren elementu eta azpeitiarrak zer garen adieraztearen bidetik, eta ez aldarrikapen politikoetarako elementu moduan”.
Amaitzeko, bozeramaile eta hautagai nazionalistak aurreratu du mahai gainean jarritako ekarpen horiekin guztiekin zerrenda estrukturatu bat antolatuko duela, hiru jarduera-ildo nagusiren inguruan ardaztuta: batetik, ardatz ekonomikoa, honen barruan sartuz industria, merkataritza, lehenengo sektorea, turismoa eta ingurumena. Bigarren ardatza gizarte arloari lotua, hemen sartuz bi azpiatal: aurrena, gizarte-zerbitzuak, kultura eta kirola hartzen dituena, eta bigarrena, hezkuntza, euskara, gazteria eta festak elkartzen dituena. Eta hirugarren ildoak, berriz, udalaren kudeaketarekin zerikusia duen guztia hartuko du, hor txertatuz gardentasuna, gizarte-kohesioa, bizikidetza eta partehartzea, eta eskualde mailako ekimenak.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


