Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/01/09

Eibarko EAJ herri partaidetzari buruzko ordenantza lantzen ari da

Ekimenak parte hartzea arautzea du helburu, herritarren proposamenek pisu handiagoa izan dezaten udal erabakietan; modu berean, udalaren gardentasun eta gertutasuna areagotzea lortuz. Eva Juez bozeramaileak azpimarratu du beharrezkoa dela herritarrak entzun eta kontutan izatea udal politikagintzan.
Eibarko EAJ herri partaidetzari buruzko ordenantza lantzen ari da

Eibarko EAJ-PNV herri partaidetzari buruzko ordenantza lantzen ari da eibartarren proposamenek eragin handiagoa eta leku gehiago izan dezaten udal erabakietan. Alkategai eta bozeramaile jeltzale Eva Juezen nahia da udala herritarrei gerturatzea, bere ustetan “udal politikagintzaren oinarri izan behar duelako”.

Juezek azaldu duenez, “ekarpen eta proposamenak jasotze asmoz, eragileekin egindako bileretan eta martxan jarri dugun Lagundu Eibar hobetzen ekimenean ikusi ahal izan dugu eibartarrek udaletxeko erabakietan parte hartu nahi dutela, horregatik beharrezkoa da udaletxeko ateak eibartarrei zabaltzea”.

Jeltzaleek aipatu proposamena eragileekin partekatzeaz gain, gainerako alderdi politikoekin ere alderatuko dute ordenantza tresna eraginkorra izan dadin lortzeko eta “orain arte egiten diren gauza batzuk hobetu eta udalaren eta herritarren arteko komunikazio kanal berriak sortzeko” gehitu du. Hori horrela, ordenantzak ondorengoa jasoko du: auzoka bilerak, gaikako eztabaida-lekuak, aholku batzordeak, Plan estrategiko berria aztertu eta lantzeko bilerak, parte hartze prozesuak, gardentasun politikak eta 2.0. parte hartzea, Pegorako zerbitzuak, herritarrentzako panelak, besteak beste.

Ordenantza egiteko, talde jeltzalea tokiko eragile zein herritarren iritziak jasotzen, beste udalerrietako arautegiak berrikusten edota antzeko ekimenak aztertzen ari da, hala nola Markel Olano Gipuzkoako Aldun Nagusi zenean onartu zen Herri Partaidetzari buruzko Foru Araua.

Herritarrengana gerturatzea

EAJko bozeramailea Eva Juezek nabarmendu du funtsezkoa dela gertutasuna, politikan orokorrean, baina udal politikagintzan bereziki. “Herritarrek gertu sentitu behar gaituzte, zinegotzion betebeharra baita entzutea, laguntzea eta beren beharrei erantzuna, eta posible den heinean konponbidea ematea” azaldu du Juezek.

Eskaerak udal eskumenekoak direnean, gobernuari eta baita oposizioari dagokie horiei erantzuna ematea; eta beste erakundeen ardura direnean, zinegotziek bitartekaritza lanak egin behar dituzte, jasotako arazo horien berri dagokion erakundeari emanaz, haiek eskaerari erantzuna eman diezaioten.

Azken hilabeteotan autobide zubiko, zein Arratebide eta Milaflores arteko irisgarritasun arazoari irtenbide emateko eskaerak egin dira, adibidez. Aldundiak, eibartarren egunerokotasunean eragina duten arazo horiek konpontzea onartu du aho batez, orain udalari dagokio Aldundiak hitzartutakoa bete dezan ziurtatzea.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...