Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Elgoibarko enpresa eta lanbide heziketa zentro desberdinetako ordezkariekin bilera
Ane Beitia alkategaiak eta Aldun Nagusi izateko hautagai jeltzale Markel Olanok adierazi dute ekonomia eta enplegua sustatzea lehentasuna izango dela EAJ-PNVrentzat, bai Aldundian eta baita udaletxean ere. Olanok azpimarratu du Gipuzkoak aldaketa sakona behar duela eta berretsi du EAJ-PNVk Asmaola bezalako proiektuak sustatzen jarraituko duela bertako industria sareari babesa eta bultzada emateko.
EAJ-PNVko Gipuzkoako Aldun Nagusi izateko hautagai Markel Olano eta Elgoibarko alkategai Ane Beitia udalerriko hainbat enpresetako eta lanbide heziketa zentroetako ordezkariekin bildu dira. Hala nola, Danobat Group, Goratu, Alcorta, Schaeffer, IMH eta Asmaola bisitatu zituzten atzo, gertutik beren beharrak entzun, egungo egoeraren berri izan eta etorkizunera begira izan ditzaketen erronkak ezagutzeko.
Markel Olanoren hitzetan “Elgoibarko hezkuntza zentro, enpresa eta erakundeen arteko lankidetza eredugarria da”. “Administrazio publikoetatik gure industria sarea babestu behar dugu proiektu berriak landuz bertako enpresen lehiakortasuna hobetzeko” azaldu du. Horregatik, Olanok lankidetza publiko-pribatua dela etorkizuna jorratzeko bidea nabarmendu du. Halaber, aldun nagusi izateko hautagaiak adierazi du gure lurraldeko enpresen etorkizuna hiru zutabeetan oinarritzen dela: pertsonen inplikazio eta formazioa, berrikuntza eta nazioarteratzea. “Arrazoi horregatik balorean jarri nahi dut enpresa txiki eta ertainei berrikuntzan laguntze asmoz Asmaolak egiten duen lana, industria sarearen berrikuntza sustatzen baitu” gaineratu du. “Asmaola proiektua, aurreko legealdian EAJ-PNVk bultzatutako ekimena da, eta pozik gaude une honetan proiektua errealitate bilakatu eta laster ateak irekiko dituelako” aitortu du. “Alderdiak horrelako proiektuak bultzatzen jarraituko du, etorkizuna hemengo enpresetan baitago, horregatik Foru Aldundian Bilduk gure industria sarearekiko erakutsitako sentiberatasun falta salatzen dugu, ezin ahaz baitezakegu lurraldeko enpleguaren %85a enpresen eskutik datorrela” gehitu du.
Ane Beitia alkategaiak eta Olanok nabarmendu dute ekonomia eta enplegua sustatzea lehentasuna izango dela EAJ-PNVrentzat, bai Aldundian eta baita udaletxean ere. “Gipuzkoan ezinbestekoa da aldaketa sakon bat egotea erakundeetan, krisiari aurre egitea lortzeko eta enpresa proiektuak babestu eta bultzatzeko” gaineratu du Olanok.
Ane Beitia eta bere taldeak, lan bilera bat egiteko eta Elgoibarrerako lantzen ari diren etorkizunerako proiektua Markel Olanorekin partekatzeko aprobetxatu dute bere bisita. Helburua da herritarren beharrei erakunde desberdinetatik erantzuna emateko lan koordinatua gauzatzea. “Hilabeteak daramatzagu datozen hauteskundeetarako proiektua lantzen, proiektu integrala izan dadin, tokiko ekonomia bultzatzea, gizarte zerbitzuak hobetzea eta egunerokotasuneko beharrei erantzuna ematea ardatz hartuta” azaldu du Beitiak.
“Beti dago zer hobetu eta horregatik oso garrantzitsua da herritarrei entzutea, beraiekin hartu-eman estua izatea eta gertutik beren kezkak, beharrak, nahiak, proposamenak… ezagutzea, guztion artean erabaki dezagun Elgoibar nola hobetu eta zer nolako herria nahi dugun” amaitu du Ane Beitia EAJ-PNVko alkategaiak.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


