Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/01/08

Pasaiako Gobernuak diru publikoa erabildi du alderdiko mezuak helarazten dituen triptikoa herritarrei bidaltzeko

Nahikari Oterminek salatu du gobernuak bidalitako triptikoak alderdiko mezuak jaso eta ezarri duten sistemaren arrakasta saltzea duela helburu. Nabarmendu du 5. edukiontziak emaitzak hobeak emango lituzkeela pasaitarren beharretara egokiago moldatzen den sistema izanagatik.
Pasaiako Gobernuak diru publikoa erabildi du alderdiko mezuak helarazten dituen triptikoa herritarrei bidaltzeko

Pasaiako EAJ-PNVko udal taldeko bozeramaile Nahikari Oterminek Bilduko udal gobernua pasaitar ororen diruarekin nahi duena egiten ari dela salatu du publikoki. “Lotsagarria da gobernua diru publikoaz baliatzea beren alderdiko mezuak helarazten dituen triptikoa egin eta herritarrei bidaltzeko” adierazi du. Horren harira, jeltzaleak azaldu du Bilduko udal gobernuak herritarrak zoriontze asmoz bidali duen liburuxkak alderdiko mezuak jasotzeaz gain, sistemaren arrakasta saltzea duela helburu. “Propaganda hutsa da” gehitu du Oterminek.

“Beste behin ere, udal gobernuak sistema zeinen arrakastatsua den saldu nahi izan digu informazioa manipulatuz, errealitatea ezkutatu nahi duten ehunekoak emanaz eta egia guztia ukatuz” azaldu du bozeramaile jeltzaleak. “Gainera, jarraitu du Oterminek, triptiko honen bidalketa probokazio hutsa dela iruditzen zaigu 5. edukiontziaren aldarrikapenean diharduten herritarrekiko”. Jeltzaleen ustetan, liburuxka honen xedeetako bat da herritar eta gobernuaren arteko indarrak neurtzea, non gobernuak argi utzi duen euren jarrera inposatzailea hondakinen kudeaketari dagokionean, “Bilduk ez du amore emango eta ez ditu aintzat hartuko pasaitarren eskaerak eta nahiak, atez ateko sistemaren aldekoak ez badira behintzat” gaineratu dute jeltzaleak.

EAJ-PNVko udal taldeak 5. edukiontziaren aldeko apustua berretsi du pasaitarren beharretara egokien moldatzen den sistema delako, eta ondorioz atez ateko sistemak baino emaitza hobeak emango lituzkeela uste dute jeltzaleek. “5. edukiontziak herritarren onespen eta babesa du, eta Eguberrietan ikusi ahal izan dugu atez ateko sistemak ez diela herritarren beharrei erantzuten eta ez dela pasaitarren ohituretara egokitzen” aitortu du Oterminek. EAJ-PNVko alkategaiak gaineratu du “hainbat herritarrek aldarri gisa lurrean uzten dituzten zabor poltsei, beste hainbat batu zaizkiela gabon garaian, eta horrek udal gobernuak pasaitarren nahiaren aurka atez atekoa ezartzeko erabakia hartu zuenetik Pasaian bizi dugun zikintasun egoera areagotu du nabarmen”.

Hori dela eta, EAJ-PNVk Bilduko udal gobernuari eskatu dio atez ateko inposaketan amore emateko eta 5. edukiontzia ezartzeko Pasaia osoan. Azkenik, Bilduri exijitu diote pasaitar guztiena den dirurik ez erabiltzeko beren alderdiko mezuak helarazi eta herritarren aurkakotasunari esker huts egin duen sistemaren arrakasta saltzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...