Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/12/18

Zuzenketak aurkeztu dizkio Irungo EAJk aurrekontuari

Ekonomiaren suspertzean eta enpleguan, ongizatean eta mugikortasunean −EAJ-PNVren hiri proiektuaren ardatzetan−, eta auzoekiko konpromisoan oinarrituta lehenetsi dituzte proposamenak. Bere taldearen ekarpenek udal gobernuak aurkeztutako zirriborroa hobetzen dutela uste du Xabier Iridoyk, eta Ogasun arloko ordezkariak oposizioaren ekimenak jasotzeko eta talde nagusiekin akordioetara heltzeko duen asmoa betetzea espero du.
Zuzenketak aurkeztu dizkio Irungo EAJk aurrekontuari

Xabier Iridoy Irungo EAJ-PNV Udal Taldeko bozeramaileak bere taldeak 2015eko Udal Aurrekontu Proiektuari aurkeztuko dizkion zuzenketak ezagutzera eman ditu gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan. Oposizioko talde politikoek ekarpenak egiteko duten tarte eskasa kontuan izanik, jeltzaleek beren hiri proiektuko hiru ardatz estrategikoetan oinarrituta lehenetsi dituzte proposamenak. «Ekonomiaren suspertzea eta enplegua, gizarte ongizatearen hobekuntza eta mugikortasuna dira Irunerako dugun proiektuaren zutabeak, eta abenduaren 30eko Udalbatzara eramango ditugun zuzenketak arlo horien baitan kokatzen dira» azaldu du Iridoyk. Halaber, EAJ-PNVk hiriko auzoekin duen konpromisoa berretsi du, bizilagunen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko helburuarekin.

Jeltzaleek mahai gainean jarriko duten lehenengo zuzenketa Mondragon Unibertsitateko Irun Berrikuntza Faktoria proiektura bideratuta dago. Xabier Iridoyk adierazi duenez, Bidasoako kanpusa bere egoitza Arretxe-Ugalde eraikinera zabaltzeko eta lekuz aldatzeko proiektua abian jartzen ari da. Egitasmo horren helburuen artean, administrazio publikoek eta inguruko enpresek definitutako arlo estrategikoetan, nazioarte mailan erreferente izango litzatekeen berrikuntza eta ekintzailetza aurreratuaren ekosistema Irunen sortzea nabarmendu behar da.

Horretaz gain, proiektuak eraikin berean bildu nahi ditu ekimen ezberdinak, erakunde hezitzaileak eta enpresak, berrikuntza eta ekintzailetza arloarekin lotutakoak; era berean, enpresa ekimen berritzaileen eskutik enpleguaren sorrera sustatzea da egitasmoaren xedea. Proiektua gauzatu ahal izateko, 1.000.000 euro beharko lirateke, eta horietatik 600.000 euro Eusko Jaurlaritzatik iritsiko direla aurreikusten da. «Egitasmo hau errealitate bilaka dadin, euskal erakundeen inplikazioa garrantzitsua dela deritzogu, horregatik udal aurrekontuetan 100.000 euroko diru-partida sartzea eskatzen dugu» azaldu du zinegotzi abertzaleak.

Bestalde, jeltzaleek 100.000 euroko zuzenketa erregistratu dute Txingudi badiako oinezkoentzako eta bizikletentzako bidearen proiektua sustatzeko. «Duela urte batetik hona adierazi dugun moduan, badiako hiru hiriak bidegorriz lotzeko egitasmoa EAJ-PNVtik egiten dugun apustu sendoa da. Hiriarentzat eta eskualdearentzat proiektu estrategikoa da, eta horregatik, Irungo Udaletik bultzatu egin behar dela uste dugu» baietsi du.

Azkenik, EAJ-PNVk auzoekiko duen konpromisoari erantzunez, jeltzaleek 300.000 euroko zuzenketa aurkeztuko dute Harrobieta eta Iparragirre kaletik Dario de Regoyos kalera doan luzapenaren artean dagoen udal lursailean, 50 automobilentzat aparkaleku eremua eraikitzeko. «Artia auzoak behar garrantzitsuak ditu hiri-berroneratze eta aparkaleku arazoari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, bertako bizilagunen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko helburuarekin, gure taldetik hainbat esku-hartze proposatu genituen» nabarmendu du Iridoyk. 2012an egin zen hiritarren parte-hartze prozesuaren ondorioekin bat eginez, hilabete hauetan zehar azterketa bat egin da eta auzoa berrordenatzeko 1.000.000 euroko proiektua idatzi da −Pio Baroja kaleko oinezkoen eremua zabaltzeko eta egun dagoen zoladura aldatzeko, bankuak, lore-askak, etab. bezalako ekipamenduak hobetzeko, eta Pio Baroja eta Portu plazaren arteko lotura eta arrapala hobetzeko−. «Proposatzen dugun partida ekonomikoa hainbat urteko proiektuaren baitan lehenengo urratsa izan daitekeela uste dugu» esan du. Era berean, helburu berarekin, 2016an 700.000 euroko aurrekontu-partida sartzeko konpromisoa eskatuko lukete jeltzaleek.

Bestetik, komunikabideen aurrean egin duen agerraldia aprobetxatu du Xabier Iridoyk udal aurrekontuen testuinguruan, 1,5 milioi euro zein proiektuetara bideratu erabakitzeko gobernu sozialistak martxan jarri duen hiritarren parte-hartze prozesuaren inguruko balorazioa egiteko. Udal bozeramailearen aburuz, «urrats esanguratsua eman da hiritarrei aurrekontu proiektuan zein egitasmo sartu nahi zituzten erabakitzeko aukera emanda, baina abiapuntua ez dela egokia izan eta prozesuaren baitan akatsak egon direla deritzogu». Hala ere, bere taldeak prozesutik irten diren 18 proposamenen alde bozkatuko duela aurreratu du Iridoyk, «azken finean, irundarrek erabaki dutena delako».

Amaitzeko, EAJ-PNVk aurrekontu proiektuari eman diezaiokeen babesa gobernu sozialistak onartuko dituen zuzenketen araberakoa izango dela ziurtatu du Xabier Iridoyk. «Gure ekarpenak onargarriak direla iruditzen zaigu, eta gainera, gobernuaren hasierako proposamena hobetzen lagunduko luketela uste dugu» adierazi du. «Ikusiko dugu ea Ogasun arloko ordezkariak benetan oposizioaren ekimenak jasotzeko eta talde nagusiekin akordioetara heltzeko asmoa duen. Gu, jakina, gure zuzenketak Aurrekontu Proiektuan sar daitezen negoziatzeko prest gaude» bukatu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...