Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/12/16

Edukiontzi bidezko sistema berriari lehenbailehen aldaketak egiteko eskatu dio Tolosako EAJk Bilduri

5º edukiontziak emaitza hobeagoak emango lituzke eta tolosarren beharretara egokiago moldatuko litzateke. Herritarrei eta hauen ohiturei sistema nola egokitu jaso nahi duen azterketa berandu dator, berau sistema martxan jarri aurretik egin beharko litzatekelako.
Edukiontzi bidezko sistema berriari lehenbailehen aldaketak egiteko eskatu dio Tolosako EAJk Bilduri

Udal gobernuak azken hilabeteko zabor bilketaren emaitzen inguruan egin duen balorazio baikorraren ondoren, EAJren udal taldeak zenbait argibide eman ditu.

Lehenik eta behin, jeltzaleek adierazi dute 3-4 aste ez direla nahikoak sistema baten arrakasta edo porrota zehazteko, izan ere, tolosarrak sistema berrira ongi moldatu diren arren zenbait erreparo ere izan dituzte. “Azken hilabeteko datuek sistema berriarekin zaborren %70a birziklatzen dela badiote, jasotze egunak mugatuta daudela eta edukiontziak txikiegiak eta zenbaitetan urriak direla kontutan izanda, uste dugu kopuru hori asko handituko litzakela eta beraz, birziklatze emaitzak hobeak liratekela Tolosan 5º edukiontzia ezarriko balitz” azaldu du alkatetzarako hautagai Olatz Peonek. “Emaitzak hobeak lirateke zenbait arrazoi sinplerengatik, jarraitu du, herritarrek zaborrak egunero ateratzeko aukera izan eta edukiontziek edukiera gaitasun handiagoa luketelako”. Guzti honengatik jeltzaleek Tolosarako 5º edukiontziaren aldeko apustua berretsi dute, tolosarren beharretara egokiago moldatzen den sistema delako.

Bestetik, herritarren beharrak ikusi eta sistema hauen ohituretara egokitzeko udalak egin nahi duen azterketa berandu dator EAJ-PNVren ustetan. “Orain alkateak egin nahi duen azterketa sistema ezarri aurretik egin behar zen eta ez orain” azaldu dute, eta sistema hobetzeko hartu beharreko neurriak zeintzuk diren jakiteko alkateak eta bere taldeak ez dute zertan azterketa eta iradokizun bilketarik egin, “nahikoa dute kalera atera, inguruari erreparatu eta tolosarrei entzutearekin beharrak zeintzuk diren eta zein aspektu hobetu behar diren jakiteko” gehitu dute. Horregatik, talde jeltzaleak Bilduren udal gobernuari eskatu dio ahalik eta azkarren behar diren aldaketak egiteko, onartezina delako herritarrek Bilduren inprobisazioa pairatu behar izatea.

Halaber, alkateak bere aurkezpenean merkatarien kexarik ez dela izan baieztatu zuen kartoi bilketaren inguruan. “Gerturatu al da alkatea merkatari eta ostalariekin hitz egitera eta sistemari buruz zein iritzi duten ezagutzera?” galdegin dute. “Merkatari eta ostalariei ez ezik, tolosar guztiei eragiten die arazo honek, paseatzera irten eta kaleak kartoiz josita ikusten dituzten herritarrei bereziki” gehitu du Olatz Peonek. “Zergatik egiten da kartoi bilketa Tolosan eguerditan gainerako herrietan (Alegi, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Billabona eta Zizurkil) gauez jasotzen bada?” galdetu dute. Badirudi aipaturiko herrietan bilketa gauez egiten denez, Tolosak, merkataritza eta ostalaritza gehien duen herriak, kartoia eguerdian jasotzearekin konformatu besterik ez duela. “Orduan nork defendatzen ditu tolosarron interesak mankomunitatean bilketa gauez egin dadin?” gehitu dute.

Horren inguruan, eta mankomunitatean Bilduk sortu berri duen figura politikoaren inguruan, EAJ-PNVk adierazi du liberatu postu honek ez duela zentzurik, eta are gutxiago bizi ditugun garai hauetan non administrazioek zorroztasun haundiagoaz jokatu behar duten. “Zein zentzu dauka figura politiko berri bat sortzeak mankomunitatea 28 ordezkari politikoz osatua dagoenean”? azaldu dute. “Bilduk bere erara egindako postua sortu du denon dirua erabiliz eta beharrezkoa ez den kargu politiko bat sortuz” gaineratu dute.

Azkenik, egungo sistematik eratorritako arazoak gabon garaian areagotu egingo direla adierazi dute jeltzaleek. “Data hauetan hain ohikoak diren bazkari, afari eta oparien ondorioz sortu daitezkeen arazoei irtenbidea nola eman pentsatu al du Bilduk? Ezarritako egunak ez dira nahikoak izango eta beste behin ere edukiontziak gainezka ikusiko ditugu. Horregatik, Bilduren udal gobernuari eskatzen diogu egoerak okerrera egin aurretik beharrezko aldaketak eta egokitzapenak egiteko” amaitu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...