Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/12/12

Gobernu sozialistaren kudeaketa txarraren ondorioz, Irunek Behobiako bidegorrirako 800.000 euro galdu izana deitoratu du EAJ-PNVk

Aurtengo aurreikusita zegoen diru-partidarekin bidegorria ez eraikitzearen arrazoia ezkutatzeagatik, udal gobernuaren gardentasun falta kritikatu du Xabier Iridoyk eta irundarrei iruzurrik ez egitea eta hiritarrei proiektuak helarazteko orduan arduraz eta seriotasunez jokatzea eskatu dio alkateari
Gobernu sozialistaren kudeaketa txarraren ondorioz, Irunek Behobiako bidegorrirako 800.000 euro galdu izana deitoratu du EAJ-PNVk

Gobernu sozialistaren kudeaketa txarraren ondorioz, Behobia eta Azken Porturen arteko bidegorrira bideratuak zeuden 800.000 euroak galdu izana deitoratu du Xabier Iridoy Irungo EAJ-PNV Udal Taldeko bozeramaileak. Zinegotzi jeltzaleak gogora ekarri du orain urte bete, Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJ-PNVk eta PSEk sinatutako akordioari esker, 800.000 euro bideratuko zirela bidegorriaren bidez Behobia auzoarekin lotura egiteko −Azken Portutik igaroko litzateke−. «Partida horrekin 2014an obra lizitatzen hasteko aukera egongo zela iragarri zuen udal gobernuak, Santiagoko zubiaren eta Behobia auzoaren artean dagoen lotura eza hori gainditzeko; eta urtea amaitzear dagoenean, ikusten duguna zera da, denak berdin jarraitzen duela» azaldu du Iridoyk.

«Duela urte bat udal gobernuak arinegi jokatu zuen gaur egun gauzatu ez den proiektua saltzen. Gertaeretara aurreratu zen, eta, beste behin ere, bere kudeaketa txarraren eta aurreikuspen faltaren ondorioz bete ez diren espektatibak sortu zituen hiritarren artean» adierazi du bozeramaile jeltzaleak. «Ondorioz, Irunerako eta Behobia auzorako oso interesgarria den proiekturako Eusko Jaurlaritzak bideratutako 800.000 euro galdu ditugu aurten» deitoratu du.

Era berean, gai honen inguruan Santanoren gobernuaren gardentasun falta kritikatu du Iridoyk, gaur egun, ez baitugu inbertsio hau gauzatu ez izanaren zergatia ezagutzen. Halaber, azken asteotan Behobia-Azken Portu bidegorriari buruz asko hitz egin dela azaldu du, hiritarren parte-hartze prozesuan boto gehien jaso dituen proiektuetariko bat izan delako, edo Eusko Jaurlaritzak, berriro ere, 2015erako aurrekontu-partida bideratu duelako. Haatik, udal gobernuak, inongo momentuan, ez du azalpenik eman 800.000 euroekin azpiegitura hori gauzatu ez izanaren arrazoiei buruz. Horren harira, «oposiziotik gobernuaren lanari jarraipena eta kontrola egitea dagokigu, eta hartutako konpromisoak betetzen ez dituen kasuetan, esku artean dugun adibide honetan bezala, salatzea da gure betebeharra» nabarmendu du Iridoyk.

Azkenik, irundarrei iruzurrik ez egitea eta hiritarrei proiektuak helarazteko orduan arduraz eta seriotasunez jokatzea eskatu dio Iridoyk alkateari eta udal gobernuari. Halaber, aurten gertatutakoa beste behin ez gertatzea, eta Eusko Jaurlaritzak berriro ere 2015erako bideratutako diru-partidarekin Behobiako bidegorria eraikitzea espero du bozeramaile jeltzaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...