Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eibarko EAJk 150 proposamen baino gehiago jaso ditu “Lagundu Eibar hobetzen” ekimenaren baitan
EAJ-PNVko udal taldeak herritarren parte hartzea modu positiboan baloratu du eta egindako iradokizun eta eskaera guztiak eskertu dituzte. Eta gogorarazi dute Eibarko kale eta auzoak bisitatzen jarraituko dutela datozen asteetan bizilagunekin bildu eta haien beharrak entzuteko.
Eibarko EAJ-PNVk duela hilabete batzuk “Lagundu Eibar hobetzen” ekimena jarri zuen martxan, gertutik, herritarren behar eta proposamenak jasotzeko. Ekimen honen baitan, jeltzaleek hiriko hainbat eremu bisitatu dituzte eta Eibarko auzo desberdinetako bizilagunekin bildu dira beren kezkak, ideiak eta proposamenak entzuteko. EAJ-PNVren aburuz ekimena oso positiboa izaten ari da, “herritar askok hartu du parte eta proposamen pila jaso ditugu” azaldu du Eva Juez alkategaiak.
Eibarko EAJ-PNVko kideak Amañan, Ipuruan, Urkin, Barrenan, Urkizun, Legarren edota hiri erdigunean izan dira postu mugikorrarekin. Jeltzaleek herritarrek eskura dituzten beste zenbait bideetatik ere, hala nola posta elektronikoa, jaso dituzte iritzi eta proposamenak. EAJ-PNVren egutegian jada zehaztuak daude bisitatzeke dituzten hainbat kale eta auzo, beraz egitasmoak jarraipena izango du datozen asteetan. Halaber, Eva Juez bozeramaileak azaldu du herritarrek asko eskertzen dutela beraiengana hurbildu eta gertutik euren eskaerak entzutea, “Eibarren herritar askok sentitzen baitu inork entzuten ez diela” gehitu du. “Ezin da hiri bat aldatu, udaletxea gidatu, jendeak zer nahi duen eta sentitzen duen jakin gabe. Hiritarren eskutik ezagutu behar da zer nahi duten eta zein behar dituzten, ondoren beharrezko konponbide eta erantzunak emateko” adierazi du jeltzaleak. “Eibartarrak gertutik entzuteko aukera dugu eta guztiei entzun nahi diegu, guztiek baitute lekua gure diagnosi eta Eibarrerako proiektuan” gehitu du.
Jeltzalearen aburuz, herri partaidetza ezinbestekoa da udal ordezkariek bizilagunek zein behar dituzten ezagutzeko eta laguntza emateko. “Zenbait kasutan, herritarrek eskaerak zuzenean udaletxean egiten dituzte, azaldu du Juezek, baina beste zenbaitetan eskaera horiei erantzuna ematea beste erakunde batzuei dagokie”. Kasu horietan, azaldu du bozeramaileak, “bitartekaritza lanak egin behar ditugu eta dagokion erakundeari arazoa helarazi, Eusko Jaurlaritza edota Foru Aldundia kasu”. Horixe bera gertatu da Arratebide eta Milafloreseko irisgarritasun edota Ipuruako autobide azpiko arazoekin; Markel Olanok Batzar Nagusitan arazoen berri eman eta konponbidea emateko proposamenak onartuak izan dira.
EAJ-PNVtik eibartar guztiak ekimenean parte hartzera gonbidatu eta animatzen ditugu, beraien iradokizun, kezka eta proposamenak helarazi diezazkiguten. “Egunero zerbait berria ikasten dugu eta ekimena onuragarria izan daiteke guztiontzat” azpimarratu du Juezek. “EAJ-PNVtik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten herritar guztiei, jarraitu du Juezek, eta guztion artean Eibar hobe bat eraikiko dugu, herritarren beharrei erantzuna eman eta bizilagunen bizi kalitatea hobetuko duena”. “Etorkizun hobe bat nahi dugu gure hiriarentzat; Plan Estrategikoaren diagnosiaren emaitzak ezkorrak dira eta Eibarrek gobernu aldaketa behar duela azpimarratzen dute” adierazi du EAJ-PNVko udal taldeko bozeramaileak.
Azkenik, jeltzaleek aditzera eman dute gaur arratsaldeko 19,00tatik aurrera Ego Gainen egongo direla, Batzoki ondoan, eta datozen egunetan beste zenbait kale eta auzo bisitatuko dituztela ere jakinarazi dute.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


