Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/12/11

Zer egin du Bilduk pasaitarren bizi kalitatea hobetzeko?

Bilduren lehentasun bakarra atez atekoa inposatzea izan da alderdi interesak defendatu ahal izateko. Gobernu taldearen konfrontazio politikak eta kudeaketa txarrak Pasaiak bizi duen egoera txarra areagotu dute.
Zer egin du Bilduk pasaitarren bizi kalitatea hobetzeko?

EAJ-PNVko udal taldeak prentsaurrekoa eskaini du gaur Bilduren udal kudeaketaren balorazioa egiteko. Jeltzaleek, besteak beste, inposaketa, konfrontazioa, gardentasun falta eta akordioetara iristeko gaitasun eza azpimarratu dituzte.

“Tamalez, atez atekoa inposatzea izan da udal gobernuaren lehentasun bakarra, pasaitarren interesen gainetik beren interes propioak defendatzeko” aitortu du EAJ-PNVko bozeramaile eta alkategai Nahikari Oterminek. Zinegotzi jeltzaleak aditzera eman duenez, aurtengo inbertsio guztiak atez ateko sistemaren ezarpenera bideratu ditu Bilduk. Orain, garaipen gisa edota egindako lanaren emaitza modura saldu nahi dituzten proiektuak, hala nola Antxoko frontoia edota Euskadi Etorbideko urbanizazioa, 2008. urtean udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Markel Olano aldun nagusi zela, sinatutako hitzarmenetik eratorritako proiektuak dira. “Hitzarmenean jasotako ekintza horiek hainbat urteetako atzerapenarekin ari dira gauzatzen eta udal gobernu taldeak ez du ba esperoko egindako kudeaketa txalotzea ezta?” adierazi du Oterminek. Horren harira, bozeramaileak gogorarazi du legealdi hasieran talde jeltzaleak mozio bat aurkeztu zuela udaletxean Foru Aldundiarekin hitzarmen berri bat sina zezaten eskatuz, eta ez zuten nahi izan. “Bilduk legealdi honetan Pasaiaren alde ezer egin ez duela ikusarazten duen beste adibide bat besterik ez da” gehitu du Oterminek.

Hondakin kudeaketaren gaira itzulita, talde jeltzaleak azpimarratu du Bilduren hondakin kudeaketak bereizgarritzat izan dituela inposaketa, informazio falta, manipulazioa eta gardentasun eza. “Herritarren zein oposizioko alderdien iritzia kontutan izan gabe erabaki zuen Bilduk Pasaia osoan atez atekoa ezartzea eta horrek, polemika handia piztu du herrian; gainera, Bilduk giroa baretu baino haserrea areagotzea erabaki du herritarrei isunak jarriz eta pasaitarrak mehatxatuz eta kontrolatuz” aitortu du bozeramaileak.

Nahikari Oterminen hitzetan, alkateak eta bere taldeak informazioa ezkutatu eta manipulatu dute behin eta berriz, gauzatu ez diren diru-sarrerak ere asmatu dituzte hondakin salmentari lotuta. “Beren sistema legitimotzat jotzeko eta sistema bera defendatzeko, Bilduk behin baino gehiagotan aitzakiatzat erabili du sistema udalbatzaren gehiengoak demokratikoki ezartzea erabaki zuela, “baina zergatik kritikatzen du ezker abertzaleak Madrilen Bilduk Pasaian defendatzen duen irizpidea bera? “Akaso ez al dute Rajoyk kongresuan jokatzen duen modura jokatu Pasaian?” galdegin dute jeltzaleek.

“Badirudi leku batzuetan kritikatzen dutena defendatzen dutela beste zenbait lekutan, interesen arabera noski, baina balio ez duena da atez atekoa inposatzeko erabilitako argudio bera udalbatzan gehiengoz, Bilduren aurkako bozkekin, onartutako beste zenbait gaietarako baliagarria ez izatea, eskalerillaseko gaiarekin gertatu modura” azaldu du Oterminek. “Zergatik errespetatu behar dira udalbatzak gehiengoz onartutako erabaki batzuk eta besteak ez?” salatu du bozeramaileak.

“Hau da Bilduren eredua, bere gobernatzeko, jokatzeko eta politika egiteko modua, kultura demokratiko falta nabaria duena” adierazi dute jeltzaleek. “Bilduk ez du inor kontutan hartzen gobernatzeko orduan,

herritar zein oposizioko alderdiak baztertzen eta mesprezatzen ditu” jarraitu dute. “Bilduri gogorarazi nahi diot, aginte urte hauetan ahaztu badute, gobernuak nahitaez herritarrak kontutan izan behar dituela, errespetatu egin behar dituela eta bereziki, haientzat lan egin behar duela” adierazi du Oterminek.

Halaber, EAJ-PNVko udal taldeak gaineratu du Bilduren kudeaketa txarrak eta akordioetara iristeko gaitasun ezak Pasaiaren egoera txarra areagotu dutela. Kudeaketa gaitasun ezaren isla dira Bou Nabarrako aparkalekuaren kudeaketa penagarria edota enplegua sustatu, Pasaiako jarduera ekonomikoari bultzada eman eta herriko mugikortasuna hobetuko duten ez planik ezta proiekturik ez egotea. “Zer egin du Bilduk pasaitarren bizi kalitatea hobetzeko urte guzti hauetan?” galdegin dute.

“Legealdi honetan, eta bereziki azken urteotan, argi geratu da Bilduk ezker abertzalearen bozeramaile gisa gobernatzen duela haiei bakarrik kasu eginez eta Pasaiak etorkizunean pentsatuko duen gobernua behar du, galdutako denbora berreskuratuko duena, akordioetara iritsiko dena Pasaia hobetzea lortzeko eta aurrera pausoak emateko eta bereziki, guztientzat gobernatuko duen eta herritar oro kontuan hartuko duen gobernua behar du Pasaiak, eta hori ez da Bilduren gobernatzeko eredua” amaitu du bozeramaile jeltzaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...