Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Oñatiko EAJk oñatiarren bizi kalitatea hobetzeko neurriak proposatu ditu
Jeltzaleek diru partidak eskatu dituzte gizarte politikekin, enpleguarekin, mugikortasunarekin, hirigintzarekin eta kirolarekin zerikusia duten gaietarako.
EAJ-PNVko udal taldeak ezagutzera eman ditu prentsa ohar bidez 2015eko aurrekontu proiektua hobetzeko aurkeztuko dituen proposamenak. Horren harira, EAJ-PNVko bozeramaile Lourdes Idoiagak azpimarratu du aipatu proposamenek urtean zehar herritarrek egindako eskaera eta iradokizunei erantzuten dietela eta bat datozela EAJ-PNVren ardatz nagusiekin.
Bozeramaile jeltzalearen hitzetan, Bilduk aurkeztutako aurrekontu proiektua hobetuko duten neurriak proposatu ditugu, gizarte politika, enplegu, mugikortasun, hirigintza eta kirol arloekin zerikusia dutenak. Idoiagak azaldu duenez, adineko pertsonen mugikortasuna hobetzen eta mantentzen laguntzeko polikiroldegian monitore zerbitzua ezartzea proposatu du EAJ-PNVk. Halaber, berdintasun planak eta kontziliaziorako neurriak bultzatzeko eta tokiko ekonomia eta enplegua sustatzeko ere diru partidak eskatu dituzte. Hori horrela, enpresa txiki eta ertainei laguntzak ematea proposatu dute, berrikuntzan, lehiakortasunean edota internazionalizazioan trebatu daitezen.
Bestalde, EAJ-PNVrentzat beharrezkoa da Errekalde eta San Lorentzo auzoen birgaiketari jarraipena ematea bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetu eta haien beharrei erantzuna emateko. Halaber, talde jeltzaleak beste diru partida proposatu du Bidaurreta-Olapoto eta Olakua eremuetako argiztapena hobetzeko eta ia argirik ez duten “puntu beltzak” ezabatzeko. “Bide historikoen ibilbidea berreskuratzea, gehien erabiltzen diren hiri kanpoaldeko guneetan zerbitzuak eskaintzea (W.C., argiztapena…), herriko bidegorrien planari jarraipena eman eta horiek gauzatzea, eta herri barruko bizikleten zirkulazioa arautzen duen ordenantza betearaztea ere proposatu dugu” gehitu du Idoiagak.
Oñatiarren arteko bizikidetza hobetze asmoz eta segurtasuna bermatze aldera, EAJ-PNVk gazteen eta bestelako aisialdirako lokalen gaineko ordenantza sortzea eskatu du. Modu berean, jeltzaleek etxebizitzen inspekzio teknikoa egiteko edota horietatik eratorritako obrak egiteko laguntzak ematea proposatu dute, horiek kolektiboarengan eragina duten elementuak direnean, hala nola etxebizitzaren egitura edota bizilagunen irisgarritasunarekin lotura dutenean.
Azkenik, kirolarekin zerikusia duten proposamenei dagokienez, jeltzaleek Urrutxun atletismo pista egitea aldarrikatu dute korrikalariek entrenatzeko ez lekualdatu behar izateko eta polikiroldegiko eremuan paddle pista eraikitzeko proiektua gauza dezaten ere eskatu dute. “Udal gobernu taldeak gure proposamenak kontuan izatea espero dugu, oñatiarren bizi kalitatea hobetzeaz gain, herritarren behar eta eskaerei erantzuten dietelako” amaitu du Lourdes Idoiaga bozeramaileak.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


