Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Juan Jesus Alberdi izango da Bergarako EAJ-PNVko alkategaia
Alberdik egiazko herri partaidetzaren eta udal baliabideen kudeaketa eraginkorraren aldeko apustua egiten du herritarren benetako beharrei erantzuteko.
Bergarako EAJ-PNVko udal batzarreko presidente Victoriano Gallastegik ezagutzera eman du gaur Juan Jesus Alberdi Landa izango dela 2015eko udal hauteskundeetarako alkategaia, udal batzarrak aho batez aukeratu ostean. “Ia lau urtez udal zinegotzi izan ondoren, 8 urteko ezker abertzaleko gobernuaren alternatiba den taldearen buru izango da Juan Jesus Alberdi” adierazi du.
Udal batzarreko presidenteak azaldu duenez, alkategaia jaiotzez bergararra da, ezkondua eta bi seme alaben aita. Ikasketei dagokienez, goi mailako ingeniaria da eta graduondoko ikasketak ditu: Enpresen Administrazioan MBA Masterra eta Zuzendaritza Orokorrean Masterrak ditu; eta industria esparruko hainbat enpresetan garatu du bere lan ibilbidea Zuzendari Nagusi eta Kontseilari Ordezkari gisa.
Gallastegik adierazi modura, Juan Jesus Alberdik 2011ean ekin zion bere ibilbide politikoari udaletxeko zinegotzi modura. Zinegotzi karguaz gain, gizarte bokaziozko edota kirol munduko hainbat erakundetan, hala nola, Bergara K.E., parte hartu du zuzendaritza postuetan.
Alkategaiaren ezaugarri gisa azpimarratu du, jardun pribatutik haratago, bere denbora librea gizarteari ekarpenen bat egingo dioten ekintzetan parte hartzera bideratzen duela, hori horrela, herriko zenbait elkarteetan kultur eta kirol ekintzak antolatzen ibilia da eta horretan dirau oraindik ere. Hori dela eta, ekonomia eta industria eremuarekin sentsibilitate handia du, baita kirol eta euskara arloekin ere. “Alkategaiaren ustetan, herriek gizarte parte hartzea dinamizatu behar dute, erakundeen lanaren osagarri diren elkarteen jarduna balorean jartzeko eta Juanjek, hautagaiari erreferentzia eginez, herriaren zerbitzura egotearen eta talde lanaren defendatzaile sutsua da ”.
Udal batzarreko presidenteak aditzera eman duenez, Alberdik ezin uler dezake jarduera politikoa herritarrei bizkar emanaz, izan ere, zinez sinesten du herri partaidetzan herriaren arazoei aurre egin eta ongizatean sakontzeko eta oinarrizkotzat jotzen ditu gardentasun eta gertutasuna, udal kudeaketari eta herri administrazioak herritarrekin dituen harremanei dagokienean.
Alkategaiak azpimarratu du zinegotzi gisa pasa dituen lau urteak Bergarako errealitatea gertutik ezagutzeko baliagarriak izan zaizkiola eta bere esperientzia pertsonal zein profesionala udal kudeaketaren eta herritarren eskura jarriko dituela. Horren harira adierazi du Enpresen kudeaketari buruzko alderdirik probetxuzko eta positiboenak herri administrazioan aplikatuko dituela eraginkortasuna eta etengabeko hobekuntza jasangarria bermatzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko, laguntza gehien behar dutenei arreta berezia eskainiz.
“Niretzat erronka handia da Bergarak etorkizuna izan dezan bermatu eta udal gobernuaren norantza aldaraztea helburu duen proiektua lideratzea” aitortu du. Alberdik jakinarazi du datozen egunetan EAJ-PNVko taldea aurkeztuko dela eta talde hori arduratuko dela herriko gizarte, kultura, kirol, hezkuntza eragile, eta eragile ekonomikoekin biltzeaz eta auzo desberdinak bisitatzeaz jorratu beharreko ekintzak zehaztu eta osatzeko, eta datozen lau urtetan horiek nola aurrera eraman garatzeko. “Gure asmoa da datozen 4-8 urteetan zer nolako Bergara nahi dugun erabaki eta herri proiektua garatzea, legealdian jorratuko dena, ezker abertzalearen azken bi legealdien ondorioz Bergarak izan duen proiektu ezari, inprobisarioari, propaganda hutsari eta inmobilismoari aurre egiteko” adierazi du.
Juan Jesus Alberdik azaldu duenez, Bergarako etorkizunaren alde lan egin eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzea izango dira EAJ-PNVren lehentasunak, tokiko ekonomiari bultzada ematea ardura gisa hartuz eta urteetan jasotako lan esperientzia udal kudeaketara eramanaz.
“Soilik agerikoa izan den herri partaidetzaren aurka, egiazko parte hartze eraginkorraren aldeko apustua egiten dugu” gehitu du. “Egungo udal gobernuak hartutako zenbait erabaki birplanteatuko ditugu, hala nola, hondakin kudeaketari edota herritarrengan eragina duten beste zenbait erabaki estrategikoei dagokienean”. Halaber, alkategaiak aitortu du herritarren eta gobernuaren arteko harremana estuagoa izan dadin komunikazio kanal zuzenak sortuko dituela eta auzoka maiz bilerak egiteko konpromisoa hartzen duela, kalendario baten pean eta erabateko gardentasunez, herritarrek eta herri-kolektiboek udal erabakietan zer esana izan dezaten. “Asmoa da orain arteko gardentasun ezarekin eta udal gobernuak duen gehiengo posizioren erabilpenak eragindako gehiegikeriekin amaitzea, gainerako talde politiko zein eragileak kontutan hartu gabe erabakitze eremu paralelo zein aldaketa garrantzitsuak egin baitituzte (Mankomunitateko estatuak kasu)” gaineratu du.
“Udal baliabideen kudeaketa eraginkorra bermatu behar da, plangintza eta ekintza plan konkretuak oinarri hartuta, helburu jakin batzuekin, eta arduradun eta epe-muga zehatzekin, herritarren benetako beharrei erantzuna emateko eta ez momentuko “kapritxoei” egungo udal gobernuak egin bezala, adibidez, hondakin sistemarekin, OHZren 150eko errekarguarekin edota museo, Errekalde edota seminarioko inbertsioekin” aitortu du.
Amaitzeko alkategaiak esan du “erronka handia da, baina ekarpen handiak egin ditzakegu, eta Bergararako etorkizuneko proiektua garatuko dugu herritarren zein bestelako eragileen egoera eta bizi kalitatea hobetzeko ta horretarako, beharrezkoa da Bergara indarberrituko duen aldaketa errealitate bilakatzea”.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


