Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/12/06

Zertan ari da gastatzen Bildu tolosarren dirua?

Olatz Peonek Bilduk hondakin kudeaketan izandako gardentasun falta eta inprobisazioa azpimarratu du. Halaber, hainbatetan mahai gainean jarritako galderek erantzunik izan ez dutenez, EAJ-PNVk jakin nahi du zer egiten ari den Bildu tolosarren diruarekin. EAJ-PNVko udal taldeak ohartarazi du sistema berriak hainbat kezka eragin eta sistemak hutsune handiak dituela.
Zertan ari da gastatzen Bildu tolosarren dirua?

EAJ-PNVko udal taldeak prentsaurreko eskaini du gaur Tolosan duela hilabete pasatxo ezarri zen zabor bilketa sistemaren inguruan iritzia emateko. Jeltzaleek hondakin kudeaketari dagokionez, bereziki bi gai azpimarratu nahi dituzte, batetik gobernu taldearen gardentasun eza eta bestetik, inprobisazioaren ondorioz bilketa sistema berriak eragindako kezkak eta dituen hutsuneak.

Olatz Peon alkatagaiaren hitzetan, zabor bilketaren gaiak bi eredu desberdinen arteko konparaketa egitea ahalbidetzen digu: EH Bildurena, gardentasun, eztabaida eta adostasun ezean eta inposaketa eta kontrol sozialean oinarritutakoa, eta EAJ-PNVrena hezkuntzan, eztabaidan, adostasunean eta informazioa publikoan oinarritutakoa. “EAJ-PNVen argi dugu hondakinen bilketa udalak herritarrei eskaini beharreko zerbitzua dela eta udalak herritarrek zaborra egoki sailka dezaten bermatu behar du, erraztasunak emanaz eta ez zailtasunak jarriz” aitortu du zinegotzi jeltzaleak. Halaber, EAJ-PNVko udal taldeak azpimarratu du sistemak ekonomikoki, sozialki eta ingurumen aldetik jasangarria izan behar duela eta herritarren ohiturak errespetatu eta haien eskaeretara egokitu behar dela.

Olatz Peonek azaldu duenez, mankomunitateak eskualdeko 28 herri biltzen ditu eta bilketa zerbitzua eskaintzen die. “Bere garaian eskualde osoak bilketa sistema bera izateko xedearekin sortu zen, baina legealdi honetan hartu diren erabakiak direla eta, egun herri bakoitzak bilketa sistema ezberdina du eta tasa ordaintzeko modua ere aldatu egin da” gaineratu du. Olatz Peonek adierazi du bilketa sistema ezberdinak egoteak desberdintasun ekonomikoak ekartzen dituela derrigorrez. “Bilketa mekanizatu batetik, bilketa manualera pasa gara, eta landa eremuan, gainera, frakzio bat gutxiago biltzen da” aitortu du.

EAJ-PNVko udal taldearen aburuz, egokiena bilketa sistema eskaintza 28 udalerrietan berdina izatea litzateke, Altzok, Tolosak, Orendainek edota Abaltzisketak zabor tasa bera izan dezaten. “Edozein kasutan herriren batek beste sistemarik ezartzea erabakiko balu, ezberdintasun ekonomikoa herri bakoitzaren kontura joan beharko luke” azpimarratu du. Hori horrela, jeltzaleek hainbat galdera mahaigaineratu dituzte: bilketa manuala zein kostu ekonomiko du mekanikoarekin alderatuz? Eta zein ezberdintasun ekonomikoa du mixtoak (Tolosako ereduak) erabat manuala denarekin konparatuta? Atez atekoa ezarria duten herrietan jasotzen dituzten hobariak noren kontura doaz? Eskualdeko gainerako herrien edo Gipuzkoako beste guztien kontura? Modu berean, jeltzaleek gehitu dute, oraindik ere, mankomunitateko gerakinen xehetasunik ez dutela, “behin eta berriz egin dizkiegu aipatu galderak, baina erantzunik gabe geratzen direnez, egiteke geratzen zaigun galdera bakarra honakoa da: zertan ari da gastatzen Bildu tolosarren dirua?” galdegin du EAJ-PNVko alkategaiak.

Azkenik, eta Tolosan ezarri berri den sistemaren inguruan, EAJ-PNVko udal taldeak berretsi du sistema inprobisazio hutsez jarri dela eta organikoa sailkatzeko aukera berandu iritsi dela. Jeltzaleek azaldu dute, bere garaian, atez atekoaren ezarpena argudiatzeko hainbat azterketa egin zirela (Idema, Garbitania, Sporako hezitzaileak, Italiara bidaia…), baina kontran, udal gobernu taldeak ez duela Tolosan ezarri den edukiontzi sistemaren gaineko azterketa ez tekniko ez ekonomikorik egin, “udaletxeko batzordeetan aitortu diguten moduan” gehitu dute. Inprobisazio eta azterketa ezaren ondorioz, hainbat arazo gertatzen:

1. Mankomunitateko webguneak dioenez: “Biztanle gehien dituzten herrietan (Andoainen, Ibarran, Tolosan eta Billabonan), hondakinak egunero biltzen dira, baita jaiegunetan ere”. Gure kasuan, organikoa ateratzeko egunak murriztu zaizkigu eta 3 egun horietatik haratago inork organikoa bota nahiko balu, edukiontzien kanpoa utzi beste aukerarik ez du. Mankomunitatearen webgunean esaten den modura, organikoaren edukiontzia egunero biltzen bada usain txarrak direla eta, zergatik ez dute tolosarrek egunero organikoa botatzeko aukera?
2. Papera/kartoia eta plastikoa biltzeko edukiontzien ahoak ireki egin behar dira, askotan poltsak ez baitira sartzen eta ondorioz, kontenedore ondoan utzi behar izaten dituzte poltsak herritarrek.
3. Asteburuan pilatzen da hondakin gehien kalean, horregatik edukiontzi gehiago edo handiagoak ezartzen dira, edota bilketa maiztasuna areagotzen da. Baina arazoa da edukiontziak ez daudela ondo dimentsionatuak eta banatuak ez dagoelako Tolosako bilketa aztertu duen azterketa teknikorik egina.
4. Organikoaren bilketa orok hobaria izan beharko luke, izan auzo edo autokonpostagailu bidez, edota edukiontzi bitartez, diskriminaziorik egon ez dadin.
5. Eguerdian Tolosako kaleak kartoiez gainezka egoten dira, bilketa eguerdian egiten delako eta aproposagoa litzateke, Tolosan merkataritzak duen garrantzia jakinda, bilketa gauez egitea eskualdeko beste hainbat herrietan egiten den moduan (Alegi, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Billabona eta Zizurkilen 20:00tatik aurrera biltzen dute kartoia).
6. Dendari, ostalari eta elkarteen zabor tasak, gainera, etxeetako tasarekin badu ezberdintasunik. Errefusa gero eta maiztasun haundiagoarekin atera, orduan eta garestiagoa izan da. Lortuko dutena ez da errefusa gutxiago sortzea, baizik eta errefusa ahalik eta denbora gehien beren saltokietan gordetzea da.
7. Kale garbiketa hobetu beharra dago, hondakinak kalean uzteak badu eta eraginik guzti horretan.
Emaitzak ikusita, EAJ-PNVko udal taldeak 5. Edukiontziaren aldeko apustua berretsi du organikoa jasotzeko bilketa eredu gisa, egutegia zabalduz eta herritarrei erraztasunak emanez.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...