Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/12/03

Euskarazko ikus-entzunezko produktuak sortzeko sistema bat behar da Euskal Herrian

Markel Olanok nabarmendu du Tabakalera ikus-entzunezko produktuen sormena lantzeko proiektu sendoa dela, baina, tamalez, atzerapena jasaten ari dela.
Euskarazko ikus-entzunezko produktuak sortzeko sistema bat behar da Euskal Herrian

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Andoaingo Eusko Alderdi Jeltzaleak mahai-ingurua antolatu du Bastero kulturgunean, euskara eta euskal kulturaren inguruan sakontzeko helburuarekin. Gipuzkoako Aldundirako EAJren hautagaiak, Markel Olanok, euskarazko ikus-entzunezko produktuak sortzeko sistema baten beharra nabarmendu du solasaldian, ziur baita euskararen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa dela gure hizkuntza informazio eta komunikazioaren gizartean sartzea.

Hautagai jeltzaleak adierazi duen bezala, euskarak “jauzi kualitatiboa” eman behar du. Izan ere, azken lau hamarkadetan, lan eta esfortzu handiarekin ,euskara homologatzea lortu da, Euskararen Legea eta Euskal Hezkuntzaren bidez, batik bat, eta, horiei esker, izugarri hazi da hizkuntza menperatzen dutenen kopurua. Hala ere, ez da hazkuntza bera eman euskararen erabileran, herritarrek euskara jakin arren, gaztelaniara jotzeko joera handia daukatelako. Horren aurrean, euskararen hurrengo erronka komunikazio eta produktu berrietan kokatu du olanok: “Internet, sare sozialak eta ikus-entzunezkoak komunikazio harremanen erdi erdian kokatzen direnez, behar-beharrezkoa da gure hizkuntzak mundu honetan bere lekua egitea”.

Kultura sailburuordea, Joxan Muñoz, eta Iban Garate kazetari eta aktorea solaskide izan ditu Olanok. Ados agertu dira hirurak euskarak “beste bultzada bat” behar duela esan dutenean. Ildo horretan, hautagai jeltzaleak konpromisoa azaldu du lehentasuna emateko ikus-entzunezko produktuak sortzeko sistemari. “Euskal produktuak sortu, fabrikatu eta saltzeko sistema sendotu behar dugu, katea, orain, oso ahula delako”, jakinarazi du.

Beste behin ere, Donostiako Tabakalera proiektuaren defentsa egin du Olanok. Izan ere, ikus-entzunezko sormena lantzeko proiektu sendo baten beharra sumatzen du Euskal Herrian, eta hutsune hori Tabakalerak beteko duela uste du. Hori dela eta, atsekabea azaldu du proiektu hau jasaten ari den atzerapenarengatik.

Proiektuak proiektu, eta helburuak helburu, euskararen etorkizuna bermatzea erronka handia dela ziurtatu du Olanok, eta era honetako proiektuak ateratzeko, “Herri adostasun zabalak” behar direla. “Tamalez, gure herrian berekoikeri eta desadostasun gehiegi dago. Hori guztia alde batera utzi eta Herri mailako akordioa lortu behar dugu hori delako gure hizkuntzaren prestigio eta etorkizuna bermatzeko bidea”, ondorioztatu du.

Ekitaldia amaitu baino lehen, Andoaingo Alkatetzarako EAJren hautagaiak, Mari Jose Izagirrek, eskerrak eman dizkie mahai-inguruan parte hartu duten hiru solaskideei eta bertaratu diren ia ehun pertsonei.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...