Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/11/27

Lezoko EAJk ez ditu aurrekontuak ontzat hartzen, jarraitzaileak eta anbiziorik gabekoak direlako

EAJ-PNVren udal taldeak adierazi du herriak norabide aldaketa behar duela udal kudeaketari dagokionean, azken urteetan jasandako dekadentzia ekiditeko. Jeltzaleen ustetan, 2015erako aurrekontu proiektuak ez die Lezo eta lezotarren benetako beharrei erantzuten.
Lezoko EAJk ez ditu aurrekontuak ontzat hartzen, jarraitzaileak eta anbiziorik gabekoak direlako

EAJ-PNVren udal taldeko bozeramaileak, Kepa Garbizuk, beste behin ere Bilduren udal gobernuak aurrekontu “kontinuistak” eta anbiziorik gabekoak aurkeztu dituela salatu du. "Gainera, aurrekontu proiektuak ez die Lezo eta lezotarren arazo eta beharrei erantzuten" gehitu du. Ildo honetatik, bozeramaileak adierazi du urteroko egora errepikatzen dela eta aurreko urteko aurrekontuen jarraipen hutsa dela aurkeztutakoa, herriaren benetako beharrak zeintzuk diren kontutan izan gabe.

Talde jeltzalea kezkatuta dago Lezok azken urteotan izandako gainbehera dela eta, eta egoera hori aldaraztea beharrezkoa dela azpimarratu dute. “Herriko dendak ixten ari dira eta inguruko herriekiko dugun menpekotasuna gero eta handiagoa da. Lezo lotarako herri bihurtzen ari da izugarrizko abiaduran”. Mantenu eta garbiketa ezaren ondorioz (kartelak, pintadak...) herriak ez du itxura onik ematen eta hori dela eta, egoera hobetzen lagunduko luketen bisitariak ere ez dira bertaratzen.

Zentzu honetan, udal talde jeltzaleak adierazi du bistakoa dela gobernu taldearen anbizio eza eta nabarmendu du gobernuak ez duela jakin probetxu ateratzen herriaren kokapen egokiari eta inguruko herriek jasotzen dituzten bisitari eta turisten sinergiari. Halaber, ez dute jakin herriko merkatari eta ostalaritza bultzatuko lukeen erlijio turismoaren tradizioa berreskuratzen ere.

Udal aurrekontuak dira behar guzti hauei erantzuteko udal korporazioak duen lanabesik garrantzitsuena, eta “Aurrekontu hauek ez daude behar guzti horiei erantzun egoki bat ematera bideratuta. Mugatuak diren udal baliabideak lehentasun txikiagoa duten gaietan xahutzen dituzte, atez ateko zaborren bilketak eragindako gain kostuetan esaterako”.

Azkenik, EAJ-PNVko udal taldeak, adierazi du ez dituela Bilduren udal gobernuak udalbatzan aurkeztutako 2015 urterako aurrekontuak onartuko. Bide batez, udal gobernuari norabide aldaketarako eta lezotarren benetako arazoei erantzun egokia emateko ekintzak garatzeko elkarlanerako borondatea azaldu die talde jeltzaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...