Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/11/26

EAJk sexu eraso saiakera gaitzetsi eta babesa azaldu dio biktimari

EAJko udal taldeak jakinarazi du herritarrak segurtasun faltagatik kezkatuta daudela. Jeltzaleek gobernuari eskatu diote "debekatutako hiriaren mapan" arriskutsutzat jo diren 26 puntu beltzei konponbidea emateko hiritarren segurtasuna bermatzeko.
EAJk  sexu eraso saiakera gaitzetsi eta babesa azaldu dio biktimari

EAJ-PNVko udal taldeak eta bere bozeramailea den Eva Juezek joan den asteburuan Eibarko emakume batek jasandako sexu-eraso saiakera gaitzetsi dute. Juezek azaldu duenez, eraso honek gurasoek beren seme-alaben segurtasun eza dela eta duten kezka areagotu du. "Guraso askok jakinarazi digute, kezkatuta egoten direla beren seme-alabak gauez kalera irten eta etxera bakarrik itzuli behar badute" adierazi du Juezek.

EAJ-PNVko alkategaiak erasoa deitoratu du, bereziki, "debekatutako hiriaren mapan" arriskutsutzat jo zen puntu batean gertatu zelako. "2010 urtetik 26 puntu beltz daude identifikatuak Eibarren eta udal gobernuaren betebeharra da horiei konponbidea ematea hiritarren segurtasuna bermatzeko" gogorarazi du Juezek. Honen harira, bozeramaile jeltzaleak baieztatu du "ez dituztela bizikidetza izorratzen duten erasotzaileak onartuko" eta polizi presentzia zorrozteko proposamena mahaigaineratu du.

Hala eta guztiz ere, Juezek azpimarratu du beharrezkoa dela elkarlanean 26 puntu beltz horiei konponbidea ematea; identifikazio lan hori egina dago berdintasun arloa Juezek berak zuzentzen zuenean egin zelako. "Geroztik 5 urte pasa dira eta oraindik ez zaie irtenbide eman eta arriskutsuak izaten jarraitzen dute" gogorarazi du jeltzaleak.

EAJ-PNVko udal taldeak adierazi du udalak Adierazpen Instituzional bat onartu eta Untzaga plazan biltzea baino ardura eta betebehar handiagoa duela hiritarrekiko, EAJ-PNVk aipatu ekintzak babestu dituen arren. EAJ-PNVk hiritarrak hiri seguru batean bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu du, bereziki emakumeei dagokienean. Horregatik, talde jeltzaleak udal gobernuari eskatu dio puntu beltzen ezabapenean aurrera pauso irmoak emateko hiritar guztien segurtasuna bermatzeko. "Bereziki dagoeneko puntu beltzak identifikatuak daudela jakinda, espero dugu egindako lana ezerezean ez geratzea" amaitu du Juezek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...