Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/11/20

Eneko Goiak politika sozialak aztertuko ditu eragileekin elkarlanean

“Denon artean eta denontzat”, giza-balioen gainean eraikitako hiria aldarrikatu du. EAJren Donostiarako alkategai Eneko Goia esparru sozialeko hiriko elkarteetako hainbat ordezkari eta eragilerekin batzartuko da datozen egunotan. Lan-saio hauen helburua, politika sozialen gaur egungo egoera eta etorkizuneko aukerak aztertu eta jorratzea izango da.
Eneko Goia eta Juan Mari Aburto

Ongizaterako eta babes sozialerako sistema publikoak dituen erronkei erantzuna ematen laguntzea izango dute egiteko nagusi topaketok, bideragarritasunaren ikuspegitik. “Pertsonak, eta pertsonen beharrak, jarduera politikoaren erdigunean jartzea, eta beraien lehentasunak gureganatzea da garrantzitsuena. Pertsonek beraien bizi-proiektuak aurrera eramatea ahalbidetuko duen hiria dugu amets eta jomuga. Gizarte eta komunitate bezala aurrera ateratzea da erronka”, adierazi du Goiak.

Elkartasunaren eta lidergo partekatuaren balioen gainean eraikitako hiria aldarrikatu du hautagai jeltzaleak. “Udalak bere egitekoan gauzatu ditzakeen hobekuntzak landu eta behar bezala zehaztu nahi ditugu, hirugarren sektorearekin elkarlanean, ahultasun edota bazterketa egoeran dauden pertsona guztiei arreta emateko”. Horretarako, ezinbestekotzat jo du plangintza transbertsalak erabiltzea lanean, “konpromisoan, eta Udalaren eta gainerako erakunde eta ordezkari sozial eta sektorialen arteko lankidetzan oinarrituta”.

“Bolo-bolo” dabiltzan eztabaidei ere aurre egindo diete topaketetan. “Agian gutxien espero nuen gaia gure babes sozialerako sistemaren ingurukoa zen, alegia, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari dagokiona. Baina eztabaida oso zabalduta dago kalean, eta zorroztasunez eta fribolitaterik gabe egin nahi diogu aurre. Horretarako, gure hirian esparru honetan aritzen diren pertsona eta kolektiboen ikuspegia jasotzea da onena, beraiek ezagutzen dutelako ondoen”.

Ildo horretan, Goiak azpimarratu du Euskadik estatu mailan aitzindaria den sistema finkatu duela. “Elkartasuna izan da gure bereizgarria. Harro egon behar dugu, ahultasun egoeran dauden pertsonak, berdin dio nongoak diren, bazterrean gelditzea saihesten duen sarea sortu dugulako. Horrek ez du esan nahi zer hobetu ez dagoenik”.

Bestalde, pertsonen arreta-sistema guztien integrazioa nola lortu ere aztertuko dute: “Mugarri gisa hartu behar dugu arreta-sistema sozio-sanitarioa garatu eta finkatzea”.

Laneko agenda

Topaketak atzo hasi ziren, Ideiagunean teknikariekin egindako lan-saio batekin. Gaur kirolaren txanda izango da, osasunaren ikuspegitik; Mugiment proiektuko arduradun Mikel Izquierdok horren inguruko hitzaldia emango du.

Hilaren 26an, asteazkenean, pertsonen zaintza jorratuko du Goiaren lan-taldeak. Alzheimer, parkinson, esklerosi anitza, gihar-distrofia edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten pertsonekin eta beraien senitartekoekin elkartuko dira, hirian “gure gaixoei nolako arreta eta zaintza ematen zaien” ezagutzeko, esperientzia pertsonaletatik abiatuta.

Hilaren 28an, ostiralean, elkartasun proiektuak egiten dituzten hiriko hiru ikastetxe bisitatuko dituzte. Hurrengo egunean, berriz, lan-saioa egingo dute Donostian pobreziaren aurka eta gizarteratzearen alde aritzen diren elkarteetako ordezkariekin. Eta abenduaren 2an, azkenik, Juan Mari Aburto Enplegu eta Politika Sozialen Kontseilariak hitzaldia eskainiko du, Zerbitzu sozialak Euskadin. Arreta Udaletik izenburupean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...