Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Oinezkoen mugikortasuna hobetze aldera, Papinea kalean espaloia eraikitzea proposatu du Xabier Iridoyk
Bertatik igarotzen diren oinezkoei gutxieneko segurtasuna eta irisgarritasun hobea bermatzeko garaia dela uste dute jeltzaleek. Kalez kale, etxez etxe egitasmoaren baitan, joan den irailean Xabier Iridoy Irungo kale horretako bizilagunekin elkartu zen, eta haien babesa du aurkeztutako proposamenak.
Xabier Iridoy Irungo EAJ-PNV Udal Taldeko bozeramailea Papinea kalera hurbildu da gaur goizean, bere taldeak datorren asteazkeneko Osoko Bilkuran jorratuko den 850.962 euroko kreditu aldaketaren harira eramango duen proposamena aurkezteko. Hain zuzen ere, jeltzaleek Papinea kalearen jarraipenetik Nafarroa etorbiderako norabidean dagoen tartean espaloia eraikitzea planteatuko dute, «hiriko arteria nagusi baterako bidean, eremu honetatik igarotzen diren oinezkoen mugikortasuna hobetzeko beharrezkoa den esku-hartzea» adierazi du Iridoyk.
Bozeramaile abertzaleak adierazitakoaren arabera, udal gobernuak kreditu aldaketarako aurkeztu dituen proposamenen barruan, 300.000 euro aurreikusten dira Uranzu kalean hainbat esku-hartze egiteko, besteak beste, espaloia zabaltzeko eta 20 ibilgailurentzat aparkalekua eraikitzeko. «Proposamen hau mahai gainean jartzeko une egokia dela deritzogu, Papinea kalea Uranzu kalearen ondoan baitago. Gainera, aparkalekuaren eraikuntzak trafiko gehiago eragingo du espaloirik ez dagoen gune honetan. Bertatik igarotzen diren oinezkoei gutxieneko segurtasuna eta irisgarritasun hobea bermatzeko garaia dela uste dugu» plazaratu du.
Halaber, proposamenak Papinea kaleko bizilagunen babesa duela baietsi du Iridoyk, haiekin bildu baitzen joan den irailaren 30ean. «EAJ-PNVtik martxan jarri dugun Kalez kale, etxez etxe ekimenaren baitan, duela aste batzuk kale horretako bizilagunekin elkartu ginen eremu horretako oinezkoen mugikortasun arazoa jorratzeko helburuarekin» azaldu du. «Aipatutako gunean espaloirik ez izateak oinezkoentzat ekar dezakeen arriskuaz jakitun, ibiltarien joan-etorria zalantzarik gabe hobetuko lukeen espaloia eraikitzeko planteamendua landu zuen gure taldeak» jarraitu du. Iraileko bilera hartara jeltzaleek proposamen zehatza eraman zuten, Papinea kalearen jarraipenetik Pedro de Hirizar kaleko bidegurutzerako tartean 2 metroko zabalerako espaloia eraikitzeari buruzkoa.
Azkenik, mugikortasuna EAJ-PNVren hiri-proiektuaren baitan ardatz nagusietariko bat dela gogorarazi du Iridoyk, eta bere taldeak irundarren bizi kalitatea hobetzeko proposamenak lantzen jarraituko duela ziurtatu du. «Askotan ez da obra eta inbertsio handirik behar hiritarren eguneroko bizitza hobetzeko. Kasu honetan, Papinea kalean esku-hartze txiki bat egiteak egunero bertatik igarotzen diren oinezkoen segurtasuna nabarmen hobetuko du» amaitu du bozeramaile abertzaleak.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


