Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/11/19

Xabier Iturbe: “Kudeaketa profesionala eta bezeroen konfiantza dira Kutxabanken kaudimenaren giltzarriak”

“Zenbat eta mozkin handiagoak lortu Kutxabankek, orduan eta diru-funts handiagoak izango ditu Fundazioak bere gizarte ekintzetarako” adierazi zuen Kutxaren presidenteak.
Xabier Iturbe: “Kudeaketa profesionala eta bezeroen konfiantza dira Kutxabanken kaudimenaren giltzarriak”

Xabier Iturbe, Kutxaren presidenteak, azpimarratu zuen “kudeaketa profesionala eta bezeroen konfiantza direla Kutxabanken kaudimenaren eta Europako Banku Zentralak (EBZ) Europako bankuei egin dien estres-proban lortu duen emaitza bikainaren giltzarriak”.

Azpeitiko Batzokian eman zuen hitzaldian egin zituen adierazpen horiek Iturbek, eta Kutxabank erakunde berriaren sorreran jarraitu den prozesua ere azaldu zuen.

Aitor Gorrotxategik, jeltzaleen bozeramaile eta Alkatetzarako hautagaiak egindako gonbidapena onartu eta hari erantzunez etorri zen Azpeitira Kutxaren presidentea.

Egin zuen azalpenean, krisi ekonomiko eta finantzario osoaren ikuspegi bat egin zuen, eztanda inmobiliarioa ere aipatuz, eta horrek guztiak aurrezki kutxetan izan duen eragina. Ildo beretik azaldu zuen finantza sektorearen kolapsoa saihesteko Europari diru-funtsak eskatu behar izan zitzaizkiola Estatuaren aldetik. Honek Europako agintariek baldintzak jartzea ekarri zuen, besteak beste kaxen jardueratik ateratzea finantza-negozioa, eta fundazio bihurtzea haiek. “Gure egoera ekonomikoa desberdina bazen ere, ez genuelako Europako funtsen beharrik, Europatik etorri den agindua bete beharrean aurkitu gara, eta Kutxabank sortu behar izan dugu, erakunde berri honetara pasatuz finantza arloko jarduera guztia”.

Gizarteko ekintzei dagokienez baieztatu zuen jarduera hori bermatua dagoela, eta horrek ondo funtzionatzea eta ondo garatzea dela Kutxa Fundazioaren helburua, eta hala izaten jarraituko duela. “Horretarako ezinbestekoa da entitate berriak, Kutxabankek, mozkinak lortzea, eta horrela, irabazi horien zati bat Gizarte ekintzetara bideratu ahal izango da”. “Zenbat eta mozkin handiagoak lortu Kutxabankek, orduan eta diru-funts handiagoak izango ditu Kutxa Fundazioak bere Gizarte Ekintzarako” laburbildu zuen.

Aitor Gorrotxategik, bere aldetik, biziki eskertu zion Iturberi etortzeko agertu zuen prestutasuna, eta adierazi zuen ekimen hau “azpeitiar askok berari adierazitako jakin-minari emandako erantzuna zela, Kutxabanken prozesua lehenengo eskutik ezagutu nahi zutelako, Bilduk eta bere plataformek Euskadiko hainbat herritan, baina batik bat Gipuzkoan, antolatutako kanpainetatik haratago”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...