Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/11/10

Tolosako EAJ ez dago ados zabor tasa %5a igotzearekin

Jeltzaleek adierazi dute igoera hondakin bilketa sistema berriaren ezarpenaren ondorio dela. EAJ-PNVko udal taldearen aburuz auzo konpostagailua darabiltenei hobaria ematea neurri diskriminatzailea da tolosar guztiek ez dutelako horretarako aukerarik. Gainera Tolosako EAJk, lehenbailehen, enplegua sustatu eta tokiko ekonomia bultzatuko duen proposamena aztertu eta eztabaidatzea eskatu du
Tolosako EAJ ez dago ados zabor tasa %5a igotzearekin

Urte garai honetan udalak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko zergak eztabaidatu eta onartzen dira. EAJ-PNVko udal taldeak 2015 urterako udal zergen onarpenaren balorazioa egin du Bilduk udalbatzan mahai gainean jarritako proposamenaren gaineko aurkakotasuna azaltze asmoz.

Prentsa ohar bidez jeltzaleek azaldu dutenez, EAJ-PNV ados dago datorren urtera begira udal zergak izoztearekin, baina ez, Bilduk onartu modura, zabor tasa %5 igotzearekin. EAJ-PNVko udal taldeak baieztatu du igoera ezarri berri den bilketa sistema berriaren ondorio dela eta uste du ez dela bidezkoa sistema berria martxan jartzea lur azpiko edukiontzi berriak alferrik galduz edota aurretik ezarriak zeuden edukiontziei probetxurik ez ateraz, Bilduren sistema berrirako baliagarriak izan zitezkeelako. Halaber, Olatz Peon alkategai eta zinegotzi jeltzaleak azaldu du Bilduk bilketarako kamioi berriak erosi behar izan dituela, aurrekoak oraindik amortizatu gabe egonda. “Diru-eralketa izugarria da, tolosarren gehiengoak nahi duen eta 7.000 sinadurek borondate hori bermatzen duten, 5. edukiontzia ez onartzeko” aitortu du.

Jeltzaleen hitzetan, bilketa sistema honen inposaketak ez du formazio eta kontzientziaziorako nahikoa denborarik izan, ez da ezarpenari buruzko eztabaidarik eman ere, “ez da tolosarrekin eztabaidatu zaborrak botatzeko maiztasuna, ezta edukiontzien erabilera: auzoka egindako bilera batzuk, telefono zenbaki bat eta aldizkari bat nahikoa izan dira udal gobernuarentzat beharrezko informazio guztia emateko” gaineratu dute. EAJ-PNVk uste du Bilduren aburuz nahiko esfortzu egin dutela atez atekoa ez jarriz eta txipdun edukiontzi sistema berria honen ezarpena “onartuz”. “Bildurentzat ez dago zer hitz eginik gai honen inguruan” aitortu dute.

Ildo beretik, EAJ-PNVren iritziz auzo kospostagailuak erabiltzen dituztenei hobaria ematea neurri diskriminatzailea da tolosar guztiek ez dutelako horretarako aukerarik. “Orain, lehen eta bigarren mailako tolosarrak ditugu, azaldu du Olatz Peonek, izan ere, auzo konpostagailua beren auzoan duten bizilagunek eta hori erabiltzeko eskaera egiten dutenek deskontu garrantzitsua izango dute beren zaborren tasan, aldiz, aukera hori ez dutenek zaborrei dagokien udal zerga bere osotasunean ordaindu beharko dute”.

Azkenik, EAJ-PNVko udal taldeak ezagutzera eman du joan den udalbatzan aurkeztutako proposamena Tolosan enplegua sustatzen duten ekintzaileek jasaten duten presio fiskala baretzeko asmoz. Jeltzaleek azaldu dutenez ekimenaren helburua da negozio berri bat irekitzeko asmoa dutenei udaletik zamarik ez gehitzea edota horiek, ahal den neurrian, gutxienekoak izatea; “ekintzaileei gure babesa eta laguntza eman behar diegu bertako jarduera ekonomikoari bultzada emateko” adierazi dute. Horretarako, EAJ-PNVk ondorengoa proposatu zuen: ekintzaileek egin beharreko obretan orain arte udalak ordaindu arazten zuen %5a deuseztatzea, 50.000 euro arteko kostuko obretan.

Bilduko udal taldearen erantzuna izan zen ekimena azken momentua aurkeztu zela ta hausnarketa sakona egin behar zela eta beraz, datorren urtean aztertuko genuela neurria. EAJ-PNVk ez du ukatuko proposamena azken momentuak mahai gaineratu ez zuenik, baina egungo egoerari erreparatuta beharrezkoa da neurri eta erabakiak hartzea. Horregatik, jeltzaleen ustetan aipatu aitzakia ez da nahikoa proposamena ukatzeko, are gehiago, neurri horrek udaletxeko balantze ekonomikoan ia eraginik izango ez duela jakinda. “Tolosarrek jarduera ekonomikoa sustatuko duten ekintza azkar eta eraginkorrak nahi eta behar dituzte” gehitu du Olatz Peonek. Hori dela eta, EAJ-PNVk, lehenbailehen, Bilduko udal gobernuarekin eta gainerako alderdi politikoekin, enplegua sustatu eta tokiko ekonomia bultzatuko duen proposamena aztertu eta eztabaidatzea eskatu du. “Negozio berrien irekiera bultzatuko duen udal zergen politika adostu dezagun eskatzen diogu Bildu- Aralarri, eta hori orain egin behar dugu; badugu denbora abenduaren 20a bitarte, ez dezagun formengatik aukerarik galdu” amaitu du Olatz Peonek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...