Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Andoaingo EAJ-PNVk Udalari eskatu dio egonkortu ditzala Joakin Larretako malda eta euste-horma
Luiziak gertatzeko arriskua dagoela ikusita, jeltzaleek eskatu dute gorde dadila aurrekontuetan gune hau hobetzeko dirua.
Andoaingo EAJren Alkategaiak, Mari Jose Izagirrek, ardura azaldu du Joakin Larretako mendi-hegalaren eta euste-hormaren egoerak sor ditzaketen kalteengatik. Izan ere, Renferen trenbide ondoan dagoen gune hau “nahiko hondatuta” dagoela ohartarazi du eta egoera horren ondorioz, “segurtasun eza” dagoela. Jakinarazi du Joakin Larretako euste-horman deformazio ezberdinak eta ezegonkortasunak ageri direla. Egoera horrek pitzadurak eta hondoratzeak eragin ditu bereziki espaloiaren aldean, eta kasu batzuetan galtzadaren erdiraino iristen dira.
Izagirrek adierazi du egoera “oso konplexua” dela herritar mordoa bizi delako inguruko etxeetan eta oinezko ugari igarotzen delako egunero bertatik. Ziurtatu du Joakin Larretako mendi hegala eta euste-hormaren egoera kaxkarraren ondorioz zailtasunak sortu direla dagoeneko garraioan eta oinezkoen artean: “Gero eta mugikortasun arazo gehiago daudelako bertatik igarotzeko”.
Egoera konpontzeko asmoarekin, aurreratu du EAJk ekimena aurkeztuko duela hurrengo Osoko Bilkuran. Udalari irtenbide bat bilatzeko eskatuko diote jeltzaleek. Izan ere, gogoratu du badirela iraganean egindako ikerketa geoteknikoak, eta horiek berriz eguneratuz gero, egoera konpontzeko baliogarri izan daitezkeela. “Azterketa horiek euste-horma egonkortzea gomendatzen dute eta alternatiba ugari proposatzen dituzte honen mantenu egokirako. Baliatu gaitezen lan horietaz eta konpon dezagun arazoa”, esan du.
Trenen eta ibilgailuen joan etorriak sorturiko bibrazioek eragin zuzena izan dezakete mendi hegala eta euste-hormaren egoera txarrean. Hala ere, Izagirreren iritziz, iraganean errepidean zehar atondura eta instalazio ezberdinak pasatzeko zabaldu ziren zanga edo zuloak dira egungo kalteen arrazoi nagusia. Zanga horiek osatzeko egin ziren lur-betelanetan asentamenduak gertatu dira eta honek pitzadurak eta hondoramenduak sortu ditu zonaldean.
Hau guztiarekin, Bilduren Udalari exijitu dio jar dadila behingoz lanean: “Interesa erakustea ez da nahikoa. Konpromiso zehatzak hartu behar dira eta aurrekontuetan hobekuntza horiek egiteko dirua gorde beharra dago”, ondorioztatu du.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


