Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eibarko EAJk Ipuruaren handitzeari buruzko kontsulta egitea proposatu du
Eva Juez bozeramaileak adierazi du gobernua arduragabekeriaz eta utzikeriaz jokatzen ari dela, Ipurua udal eraikinaren handitzeari buruzko proiektu guztiak behar bezala aztertu nahi ez dituelako. Juezek Ipuruako Plan Bereziaren onespena herritarren esku uztea proposatu du.
EAJ-PNVko udal taldeko bozeramaile Eva Juezek, Ipuruaren handitzearen inguruan piztutako eztabaida dela eta, herri kontsulta egitea proposatu du eibartarrek erabaki dezaten Udalak Ipuruako Plan Berezia onartu behar duen hala ez. Aipatu Plan Bereziak udal eskumeneko futbol zelaiaren handitzea ahalbidetuko luke eta espaloiaren eta Santaineseko aparkalekuen gainetik egingo litzateke. “Herritarrek Plan Bereziarekin zer egin erabaki ahal izateko, beharrezkoa informazioa eman behar zaie eta planak ikusgai egon behar du” adierazi du bozeramaileak.
Jeltzaleen hitzetan, “gobernu sozialistaren utzikeriak eta arduragabekeriak eraman gaitu proposamena egitera, izan ere, de los Toyos alkateak aukera guztiak aztertzeko eskaerari uko egin baitio hainbatetan”. Juezek argitu du, EAJ-PNVren asmoa ez dela Eibar Kirol Elkarteak egindako proposamena oztopatzea, baina aurretik erakunde publikoek aukera guztiak behar bezala aztertzea beharrezkoa dela defendatu du, eta azterketa sakonik egin ez dela jakinarazi du. “Gure ustetan ezinbestekoa da analisi sakona egitea udal taldeek gure posizionamendu politikoa irizpide teknikoetan oinarritu dezagun” azaldu du. “Kirol elkartearen proposamenari buruzko udal txostenak argi dio Udalak duela proposamena onartu, aldatu edota baztertzeko erabakimena; gure posizionamendua berretsita geratzen da beraz txostenak dioenarekin” gehitu du. “Gobernu taldeak aukera guztiak azter ditzan nahi dugu, Eibarko Kirol Elkartearen proposamenarekin egin duen modura, Plan Bereziari buruzko bozketa egin aurretik” baieztatu du Juezek. Aitzitik, PSOEk eztabaida ukatu eta azterketa egitea baztertu du, denborak aurrera egin dezan. Juezek adierazi du “de los Toyos alkateak Rajoyk duen gaitasun bera duela gaiak denboran luzatzeko, herriarentzat oso garrantzitsuak diren beste zenbait proiekturekin egin duen modura; Errebal da horren adibide, kasu honetan ia hamarkada oso bat galdu baitugu”.
Eva Juezek azken asteotan behin eta berriz eskatu dio udal gobernuari proposamen guztiak aztertzeko, bozeramaileen eta hirigintza batzordean ere egin du eskaera eta EH Bilduko bozeramailearekin batera eskaera formal bat ere erregistratu du udaletxean gobernuak batzorde berezi bat deitu dezan sakonki gaia aztertzeko.
Bestalde, Juez kezkatuta dago herrian sortu den eztabaidagatik, ikuspegi desberdina duten bizilagunak aurka jarri baititu gaiak, “handitzearen aldeko zein aurkako sinadurak ere bildu dituzte” gaineratu du. “Udal gobernuaren utzikeriak eta ikuspegi desberdina dutenekin adostasunetara iristeko alkateak erakutsitako gaitasun ezak, eztabaida sustatu du” deitoratu du. Horregatik, Juezek erabakia herritarrek har dezaten proposatu du udal gobernuak lanerako eta proposamenak aztertzeko erakutsi duen alferkeria ikusita; “EAJ-PNVk demokratikoki kontsultan herritarrek erabakitzen dutena onartu eta errespetatuko du” gaineratu du.
Azken batez, EAJ-PNVren proposamena da herritarrei informazio helaraztea eta Ipuruako Plan Berezia publikoki ikusgai egotea eibartarrek kontsulta bidez erabaki dezaten Ipuruako futbol zelaia handitzeari buruzko plana onartu hala ez.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


