Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/11/06

Pasaian Bilduko udal gobernuak adostasunetara iristeko borondaterik ez du

Pasaiako udal talde jeltzaleak adierazi du Bilduk interesatzen zaienean soilik hartzen dituela kontutan oposizioko alderdiak. Jeltzaleek ohartarazi dute Bilduren jokabidea eta Pasaiako udaletxea kudeatzeko modua desastre hutsa direla.
Pasaian Bilduko udal gobernuak adostasunetara iristeko borondaterik ez du

Pasaiako EAJ-PNVko udal taldeak, joan den asteleheneko udal zergen gaineko udalbatzaren ostean, Bilduko udal gobernuak adostasunetara iristeko duen borondate eza salatu du. Nahikari Otermin bozeramaileak azaldu duenez, udal gobernuak ez du inolako interesik erakutsi talde jeltzaleak pasaitarrek jasaten duten presio fiskala baretzeko asmoz egindako proposamenen inguruan. “Gure proposamenak joan den ostegunean erregistratu genituen udaletxean gobernuak eta oposizioko gainerako alderdiek neurriak aztertzeko eta gurekin partekatzeko nahikoa denbora izan zezaten, jarraitu du jeltzaleak, baina gobernua ez da gurekin harremanetan jarri ezertarako”. “Bilduk beren udal zerga proposamena aurrera ateratzeko ez du alderdiekin adostasunetara iristeko beharrik ezta nahirik, ondorioz oposizioko alderdiok ia ez dugu erabakimenik pasaitarrengan eragina duten gaietan” gehitu du.

“Oposizioko taldeek minutu gutxi batzuk izan genituen udalbatzan gure proposamenen berri emateko eta ez da nahikoa denbora neurriak aztertu eta haien inguruan bozkatu ahal izateko, gauzak ondo egin nahi badira behintzat” gaineratu du. Jeltzalearen hitzetan udal gobernuaren jarrerak bistan uzten du Bilduk ez duela inolako borondaterik adostasunetara iristeko, ez duelako horretarako beharrik Bildu- Ezker Anitzaren isilbidezko akordioa dela eta. “Bilduk gehiengoa izango balu bezala jokatzen du udalean, oposizioko alderdiak gutxietsiz eta mespretxatuz, Bilduk interesatzen zaienean bakarrik hartzen baititu kontutan oposizioko alderdiak” azaldu du jeltzaleak.

Halaber, EAJ-PNVko udal taldeak adierazi du Bilduk nahi duena egiten duela udaletxean, “beren kudeaketa inposaketan oinarritzen da eta informazioa helarazten diguten kasuetan, azken mementoan ematen digute” gaineratu du. Horregatik, jeltzaleek baieztatu dute Bilduren jokatzeko modua eta udala kudeatzeko eredua desastre hutsa direla, baita errespetu falta ere oposizioko alderdiekiko eta ordezkatzen dituzten pasaitarrekiko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...