Alderdi Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/11/05

EAJK Arratebideko irisgarritasuna hobetzeko ekimena aurkeztu du batzar nagusietan

Markel Olanok Eibar bisitatu eta bizilagunengan eragina duten arazoak ezagutu ostean, Arratebide eta Mirafloreseko irisgarritasun eta segurtasun neurriak aztertzea eta proiektua idaztea proposatu du. Halaber, Eibarko EAJk mozioa erregistratu du udaletxean, Eibarko Udalak jeltzaleek BBNN aurkeztutako ebazpen proposamena babes dezan eta Foru Aldundiari eska diezaion ebazpen proposamena betetzeko.
EAJK Arratebideko irisgarritasuna hobetzeko ekimena aurkeztu du batzar nagusietan

EAJ-PNVko udal taldeak prentsa ohar bidez azaldu du bere taldeak Gipuzkoako Batzar Nagusietan Arratebide eta Mirafloreseko irisgarritasuna hobetzeko ebazpen proposamena aurkeztu duela. Gipuzkoako Aldun Nagusi izateko hautagai eta egun EAJ-PNVko Batzar Nagusietako bozeramaile Markel Olanok, joan den urriaren 24an Eibar bisitatu zuen herritarren egunerokotasunean eragina duten arazoak eta hiriko gabeziak ezagutzeko. Gertutik ezagutu ahal izan zituen Arratebide eta Mirafloreseko irisgarritasun eta segurtasun arazoak, hori dela eta, Olanok ekimena aurkeztu du Batzar Nagusietan irisgarritasun eta segurtasun neurriak aztertu eta proiektua idazteko proposatuz. Olanok Eibarrera egindako bisitan adierazi zuen modura, “lehentasuna da gure taldearentzat, eta beraz lehentasunezkoa izango da bai Aldundian eta baita udalean, eibartarrengan egunerokotasunean eragina duten arazoei irtenbidea ematea herritarren bizi kalitatea hobetzeko” eta ebazpen proposamen honek, beraz, jeltzaleek Eibarko auzo desberdinen egoera eta irisgarritasuna hobetzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio.

EAJ-PNVko udal taldeko bozeramailea Eva Juezek azaldu du Miraflores auzoan bizi diren biztanleek Arratebide kalea hartu eta GI 3950 errepidea zeharkatu behar dutela beren etxeetara iristeko. “Aipatu errepidea Foru Aldundiaren eskumena da eta ez ditu oinarrizko segurtasun eta irisgarritasun baldintzak betetzen, jarraitu du, izan ere espaloirik ez duten guneak daude eta oinezkoek errepidetik pasa behar dute, ibilgailu artean, inolako segurtasun eta irisgarritasun neurririk gabe”.

Halaber, jeltzaleek adierazi dute Miraflores auzora iristeko GI 3950 errepidea zeharkatu behar dela, eta ez dagoela inolako bide-seinalerik eta ibilgailuak azkar pasatzen direla bertatik. “Bistakoa da, beraz, oinezkoentzat, bereziki haur eta adineko jendearentzat, oso arriskutsua dela errepide hau zeharkatzea beren segurtasuna bermatuko duen espaloirik eta bide-seinalerik ez dagoelako” gaineratu du Juezek.

Horregatik, Eibarko EAJ-PNVk mozioa erregistratu du udaletxean talde politiko guztiek EAJ-PNVk Batzar Nagusietan aurkeztutako ekimena babes dezaten eta Foru Aldundiari eska diezaioten oinezkoentzako irisgarritasun eta segurtasun beharren inguruko azterketa egiteko eta neurri horiek jasoko dituen proiektua idazteko hiru hilabeteko epean, lehenbailehen beharrezkoak diren espaloi, semaforo, zebra-bide eta abarrak jar daitezen. “Eibartarren bizi kalitatea hobetu nahi dugu beren egunerokotasunean eragina duten arazoei irtenbidea emanaz” amaitu du bozeramailea jeltzaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...