Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eragile ekonomikoekin Donostia promozionatzeko egitasmoa jarri du abian Eneko Goiak
EAJren Donostiako alkatetzarako hautagai Eneko Goiak harremanetarako eta lanerako bilera-erronda hasiko du hiriko hainbat eragile ekonomikorekin. Egoera sozio-ekonomikoa aztertzeaz gai, neurriak landuko dituzte elkarlanean sektore guztietan jarduera ekonomikoa bultzatu ahal izateko, berrikuntza eta ekintzailetasunaren ikuspegi orokorretikJasotako proposamen, ideia eta iradokizunak, Donostiaren sustapen ekonomikorako egitasmoan txertatuko ditu Goiak. “Garapenerako tarte itzela du gure hiriak, baina potentzial horri ez diogu behar adina etekin ateratzen. Lehentasun sozial eta politiko gisa jarri behar diogu gure buruari sare ekonomikoaren eta enpleguaren modernizazioa eta sustapena”.
Helburua, Goiaren arabera, Donostia “erakargarriagoa” marraztea da, herritarrekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin esperientziak partekatuz. “Nahi dugu gure hiria kapaza izatea talentua, inbertsioak eta ekitaldiak erakartzeko; hiri aktiboagoa, dinamikoagoa, sortzaileagoa; ekonomikoki, kulturalki eta sozialki hazteko aukerak bilatuko dituena; ideia berriei, ekonomia kolaboratiboari eta sareko lanari irekitakoa, eta bere kapital soziala zaindu eta bultzatuko duena”.
Hala, arlo ekonomikoan ere, Ideiaguneko lokalean eztabaidak, bilerak, erakusketak, laneko gosariak, solasaldiak eta elkarrizketa pertsonalak gauzatuko dira hiriko ordezkari, eragile eta entitateekin. Hautagai jeltzaileak agenda estuarekin jarraituko du. Azaroaren 6an, Donostian lan egiten duten hogei ekintzaile gazterekin elkartuko da, “Ekiten duen Donostia” izenburupean. Bertan haien kezkak, ekarpenak eta bizipenak ezagutu ahal izango ditu.
Azaroaren 7an, Goiak sei teknologia gune bisitatuko ditu berrikuntzaren arloan egiten den lanaren berri bertatik bertara izateko, biozientzien esparruan bereziki. 8An, berriz, 10:00etatik aurrera, lan-jardunaldia edukiko du Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun kontseilariarekin. Egunotan Mexikon izan da Tapian Lehendakariarekin batera, bertan Euskadiko enpresentzat negozio aukerak zabaltzeko, eta dagoeneko bertan instalatuta dauden enpresen egoera ezagutzeko.
Azaroaren 11n, 20:00etan, Ideiaguneak Donostiako merkatal sektorearen egoera eta etorkizuneko erronkak izango ditu aztergai, IKUSMER-Merkataritzaren behatokiko Jorge de Franciscoren, eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun zuzendari Jon Zarateren eskutik. Hiriko hainbat merkatari bertaratuko dira. Hurrengo egunean, berriz, 19:00etan, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetasun, Berrikuntza eta Informazioaren gizarte Zuzendari Aitor Urzelaik hitzaldia eskainiko du “Donostia lurralde industrial baten zerbitzupean”. Zerbitzuen sektoreko ildo estrategikoak izango ditu hizpide.
Azkenik, azaroaren 14an, goizez, Eneko Goiak eta bere lan taldeak “7 amets gourmet” proiektua ezagutuko dute; zenbait ostalari donostiarrek abian jarritako proiektua da, bertako eta kalitatezko produktuak beren negozioetan integratzeko. Ondoren, bilera edukiko dute Lurlan baserritarren elkartearekin.
Auzoz-auzo
Aldi berean, hautagai jeltzaleak auzoetako bisitekin jarraituko du. Hasiera eman zion Altzakoarekin. Hogei bat ordezkarirekin bildu zen bertan, eta auzoaren arazoak eta erronkarik inportanteenak aztertu zituzten bi ordu inguruko bileran. Datorren astean Martutenen izango da, azaroaren 5ean 19:00etan, gaztelekuan.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Andoain
2024/10/16
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31