IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/11/03

Markel Olanok gertutik ezagutu ditu tolosarren behar eta kezkak

Markel Olano eta Olatz Peon, Tolosako alkategaia, bizilagun eta sektore desberdinetako eragileekin bildu dira tolosarren ongizate eta bizi kalitatea hobetzearen aldeko apustu sendoa eginez. Biek azpimarratu dute EAJren lehentasuna dela ekonomia eta enplegua sustatzea eta adierazi dute Tolosak tokiko ekonomia bultzatuko duen proiektua behar duela.

Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagai Markel Olanok eta Olatz Peon alkategaiak tolosarren beharrak eta herritarrengan eragina duten arazoak aztertu dituzte. Modu berean, herriak dituen gabeziak ezagutzeko eta tolosarren proposamenak jasotzeko, Markel Olano eta Olatz Peon herriko hainbat eragile ekonomiko eta kultura eta gizarte eragileekin bildu dira.

Egun osoan zehar hainbat topaketa egin dituzte, besteak beste, enpresekin, Tolosa&Co merkatari eta ostalarien elkartearekin edota Tolosa Txukun plataformarekin. Halaber, udal kirol instalazioak edota zaharren egoitza ere bisitatu dituzte. Jeltzaleek adierazi dute bilerek helburu izan dutela eragile desberdinekin krisiak Tolosako enpresa txikietan, merkataritzan eta ostalaritzan izandako eragina aztertzea; plataformaren eta herritarren iritzia ezagutzea aste honetan bertan ezartzen hasi diren hondakin bilketa sistema berriaren inguruan edota Usabal polikiroldegiko eremuaren handitzearen hurrengo pausoak zein izango diren jakitea. Markel Olanok Tolosara egingo dituen bisiten artean lehena izan da gaurkoa, eta kasu honetan, Olatz Peonen eskutik herria bisitatzea eta gertutik bultzada berezia behar duten sektore eta lekuak ezagutzea izan da xede nagusia.

Olanok azaldu du EAJ-PNVrentzat lehentasuna dela, eta lehentasuna izango dela bai Aldundian eta baita udaletxean, herritarren egunerokotasunean eragina duten arazoei irtenbidea ematea beren bizi kalitatea hobetzeko. “Gure helburua da, aitortu du Markel Olanok, jendearekin egotea, herritarrei entzutea eta beren beharrak ezagutzea, gipuzkoar eta tolosarren bizi kalitatea hobetuko duen proiektua osatzeko”.

Olatz peon alkategai jeltzaleak bere aldetik, Tolosak gobernu aldaketa behar duela azpimarratu du. “Tolosak ekimen berriak behar ditu, etorkizunerako proiektuak eta udalerria sustatu eta hobetzearen aldeko apustu irmoa egingo duen gobernua behar du, ez Tolosa geraraziko duena” adierazi du. Jeltzalearen hitzetan, Tolosak etorkizunera begirako eta ilusiozko proiektu integral eta argia behar du, eta horixe da EAJ-PNVk eskainiko duena; horretarako lanketa berezi bat egiten ari gara tolosarrekin eta Tolosako eragile ekonomiko eta gizarte eta kultura eragileekin” . “Guretzat ezinbestekoa da bizilagun eta herritarrekin harreman estua izatea, hartu-emana sustatu eta lantzea beharrezkoa da” gehitu du. “Gertutasunez eta herritarrak kontutan izanda landu nahi dugu gure proiektua eta horretarako tolosarren beharrak, iradokizunak, kezkak eta proposamenak ezagutu eta jaso nahi ditugu, egunerokotasunean dituzten arazoak identifikatu eta horiei irtenbidea emateko” azaldu du Olatz Peonek.

Azkenik, jeltzaleek Maite Peña EAJ-PNVko gizarte politiken arduradunak Batzokian eskainitako hitzaldiarekin eman diote amaiera egunari, egungo gizarte zerbitzu sistema eta bere etorkizuna egungo krisi testuinguruan bertaratutakoekin partekatu eta aztertuz.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube