Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Uxoa Larrañaga izango da EAJren hautagaia alkatetzarako Getarian
''Nire helburua Getariako eta auzoetako bizilagunei entzunez osatutako gobernu programa aurrera eramatea izango da'' esan du Larrañagak. EAJren UBBko presidenteak ''lanerako gaitasuna, udal-gaien ezagutza eta pertsonenganako duen hurbiltasuna'' azpimarratu ditu
Getariako EAJ-PNVk prentsaurrekoan aurkeztu du Uxoa Larrañaga, 2015ean egingo diren udal hauteskundeetako alkatetzarako hautagai moduan. Joan den astean, Batzokian egin zen batzarrean, alderdikideek aho batez onartu zuten Uxoaren hautagaitza eta alderdi jeltzaleak getariarrei, beraien konfidantza lortzeko, aurkeztuko dien taldearen buru izango da.
Arrate Albizuk, Getariako EAJ-PNVren UBBko presidenteak, eskertu egin dio Uxoa Larrañagari erronka berri honetarako erakutsi duen prestutasuna eta jarrera ona, baita azken urteotan zinegotzi moduan getariar guztien alde egiten ari den lana. Halaber azpimarratu ditu Uxoaren “lanerako gaitasuna, udal-gaien ezagutza eta getariarrenganako duen hurbiltasuna”.
Horrela esan du: “gustukoa du herrigintza, eta ezagutzen dugunok badakigu, arduraz eta motibazio handiarekin arituko dela getariarren bizi kalitatea hobetzen. Uxoa prest dago Getariak behar duen alkatea izateko”. “Orain, jarraitu du, udal programa osatzen hasi gara eta hau modu irekian, eta herritarren ekarpenak partekatuz egin nahi dugu”.
Uxoa Larrañaga hautagaiak eskertu du EAJ eman dion babesa, eta zerrendaburu izateko alderdikideek beregan jarri duten konfiantza. “Ilusioz, gogoz eta erantzukizunez hartzen dudan erronka da, eta bizitzen ari garen garai larrien jakinean izanik. Pertsonak, haien duintasuna eta ongizatea dira, eta izango dira, gure proiektuaren ardatz nagusi eta erdi-erdikoa. Getariako eta bere auzoetako benetako arazoei erantzutea lehenetsiko duen proiektua. Nahi duguna da Udala herri kudeaketaren motorra izan dadila eta ez eduki politikoko mozio etengabeen eztabaidarako foro hutsa".
Gure ustez Getariak aldaketa bat behar du.
Alde horretatik azpimarratu du Getariak gobernu onean oinarritutako politika publikoak behar dituela, sinesgarriak eta herritarrengandik hurbil daudenak, eta planifikazio zehatz eta zorrotz batekin eginak, krisiari modu partekatuan egiteko aurre, eta getariarren ongizatearen etorkizuna bermatzeko. “Gure herriak ikuspegi politiko integratzailea behar du, sektarismoetatik urruti, eta elkarrizketan eta adostasunean oinarritutako kultura politikoa. Nire helburua, Getariako eta auzoetako bizilagunei entzunez eta egindako ekarpenekin osatutako gobernu programa aurrera eramatea izango da”
Amaitzeko, aurreratu du oinarri horiekin “gaurtik” osatzen ari dela “lantalde bat, Getariak dituen behar eta erronkak aztertzeko, eta aterako diren ondorioak Getariako gizarteko eragile eta sektoreekin kontrastatuko ditugu, haien ekarpenak ere jasotzeko”.
Nabarmenak...
EBB
2023/11/25
DONOSTIA
2023/11/07
Gipuzkoa
2023/11/07
DONOSTIA
2023/10/31
Eusko Legebiltzarra
2023/10/19
Berri ikusiagoak...
EBB
2020/07/05
EBB
2019/04/12
EBB
2019/09/29
Euzko Gaztedi - EGI
2017/09/13