Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/10/30

EAJk pasaitarrek jasaten duten presio fiskala baretzeko hainbat neurri proposatu ditu

EAJ-PNVko udal taldeak pasaitarrek udaletxean ezkontzeko zergarik ez ordaintzea eta Antxo eta Trintxerpeko pilotaleku estaliak igandetik ostiralera eta arratsaldez doan erabili ahal izatea proposatu dute. Halaber, jeltzaleek etxebizitza hutsei ezarritako Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ezabatzea eta tokiko ekonomia sustatu eta enplegua sortzeko negozio berrien irekieran laguntzak ematea proposatu dute.
EAJk pasaitarrek jasaten duten presio fiskala baretzeko hainbat neurri proposatu ditu

EAJ-PNVko udal taldeko bozeramaile Nahikari Oterminek prentsa ohar bidez ezagutzera eman ditu talde jeltzaleak 2015eko ordenantza fiskalen inguruan aurkeztu dituen proposamenak. Oterminek azaldu duenez, EAJ-PNVk helburu du pasaitarrek jasaten duten presio fiskala baretzea. “Ezinbestekoa da egungo krisia kontuan izatea ordenantza fiskalen gaineko erabakiak hartzerakoan” aitortu du bozeramaileak. Ildo horretatik, EAJ-PNVk pasaitarrek udaletxean ezkontzeko ordaindu beharreko zerga deuseztatzea eta Antxo eta Trintxerpeko pilotaleku estaliak erabiltzea igandetik ostiralera, arratsaldez, doakoa izatea proposatu dute, euria egiten duenean herritarrek aisialdi eremu estaliak doan izan ditzaten.

Halaber, talde jeltzaleak Bilduko gobernuari eskatuko dio etxebizitza hutsei aplikatutako %150eko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga bertan behera uzteko, aipatu zerga gehiegizkoa delako. Oterminek azaldu du OHZk alokairua sustatzea helburu izan behar duela, eta “kasu honetan zerga honen aplikazioak diru bilketa du xede, pasaitar familiek bizi duten krisi egoera larriagotuz” gehitu du. Jeltzaleen aburuz zergen gaineko politikak ez diru bilketa helburu izan behar eta udalak herritarrek ordaindu beharreko zergak bidezkoak izan daitezen bermatu behar du. “Kasu honetan aipatu zergak bidegabekeriak eragiten ditu eta horregatik etxebizitzen gaineko zerga hau ezabatzea proposatu dugu” adierazi du Oterminek.

Azkenik, udal talde jeltzaleak tokiko ekonomia sustatu eta enplegua sortzeko helburuz, negozio berrien irekieran laguntzak ematea proposatu du. “Tokiko ekonomia sustatu eta dinamizatzea, eta lanpostuak sortzea lantzen ari garen Pasaiarako proiektuaren ardatz nagusiak dira, gogorarazi du Nahikari Oterminek, horregatik uste dugu beharrezkoa dela hobariak eskaintzea ostalari eta merkatariei bultzada emateko eta herri denda txikien bitartez ekonomia sustatzeko” amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...