Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Errenteriako EAJk Bilduko udal gobernuak hondakinen kudeaketan inprobisazioz jokatu izana salatu du
Maite Peñak adierazi du Bilduk aldebakartasunez erabaki duela txipdun 5.edukiontzia ezartzea gainerako talde politikoen borondatearen aurka. Jeltzaleek ohartarazi dute Bilduko gobernuak ez duela organikoaren bilketari dagokion finantzaketa planik egina eta Mankomunitateak doan eskaintzen dituen edukiontziak erabili ordez 165.000 euro gastatuko dituela txipdun edukiontzi berriak erosten.
EAJ-PNVko udal taldeko bozeramaile Maite Peñak prentsaurrekoa eskaini du gaur Bilduko udal gobernua hondakinen kudeaketan inprobisazioz jokatzen ari dela salatzeko. “Udal gobernuak arinegi jokatu du hondakinen gaiari dagokionean eta aldebakartasunez erabaki du txipdun 5. edukiontzia ezartzea gainerako alderdi politikoekin ezer adostu gabe eta onartua zegoen egutegia errespetatu gabe, argi dago hauteskundeei begira hartutako erabakia dela” azaldu du Peñak. Bozeramaileak adierazi modura, udal gobernu taldeak ez du zehaztu nola eta zein plangintzaren baitan ezarriko duen sistema berria Errenterian. “Bilketari dagokion ordenantza ere ez dute moldatu eta horrek agerian uzten du inprobisazioz jokatzen ari direla, aurretik ez dutelako ezer landu; beraz, gauzak korrika eta presaka eta gaizki egiten ari dira” jakinarazi du Peñak.
Maite Peñaren aburuz, okerrena da Bilduk ez duela organikoaren bilketari dagokion finantzaketa plana egina, ez dituzte bilketa kostuak aztertu, ezta nola ordainduko den aurreikusi, eta gai hau lantzea ezinbestea da sistema martxan jarri aurretik. Bestalde, jeltzaleek ez dute ulertzen Bilduk edukiontzi berriak erosteko 165.000 euro gastatzea, Mankomunitateak doan eskaintzen dituenean. “Edukiontzi berriek gastu izugarria eragingo dute udal diru-kutxan, zergatik ez ditu alkateak Mankomunitateak eskainitako edukiontziak erabili nahi?” galdegin du. Maite Peña bozeramaileak uste du bizi ditugun garaiak kontuan izanda, udal gobernuak horrelako gastuak saihestu beharko lituzkeela diru partida horiek beste zenbait xedeetarako erabili ahal izateko.
Bestetik, Maite Peñak azaldu du udal gobernuak 20 bilketa gune ezabatu nahi dituela, beraz, erraztasunak eman baino, udal gobernuak zailtasunak jarriko dizkie errenteriarrei zaborrak botatzerakoan, orain arte baino urrutiago joan beharko dutelako. Ez da sistema berriaren helburua birziklatze tasa altuagoak lortzea? Zergatik ez dituzte erraztasunak ematen errenteriarrek sistema berria erabil dezaten? galdegin dute. EAJ-PNVko udal taldearen ustetan Bilduk txipdun 5.edukiontzia ezartzea erabaki du aurretik herritarrei beren borondatez eta kontrolik gabe 5. edukiontzia erabiltzeko aukerarik eman gabe. “Bilduk ez du errenteriarren gaitasun eta borondate onean sinesten, beharrezko baliabideak eskura jarrita gai gara gauzak ondo egiteko” esan du jeltzaleak. Gainera, “udal gobernuak dagoeneko jakinarazi du sistema berria urtarrilean ezarriko duela, beraz, ia ez dago denborarik sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak egiteko. Horrela lortu nahi al dute gaikako bilketa datuak hobetzea Errenterian? adierazi du jeltzaleak. “Hezkuntza, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainarik gabe, edukiontzi sistema berriak porrot egingo du” gaineratu du. “Espero emaitzak lortu ez dituztela esango dute gero eta atez ateko sistema eraginkorragoa dela aldarrikatu” gehitu du Peñak.
Horregatik, EAJ-PNVko udal taldeak Bilduko gobernuari, eta bereziki alkateari, eskatu diote inprobisazioz jokatzeari uzteko eta sistema berriaren funtzionamendu ona eta arrakasta bermatzeko; eta horretarako herritarrei informazio ematea eta kontzientziazio kanpainak egitea beharrezkoa dela azpimarratu dute, herritarrek beren borondatez sistema berrian parte har dezaten eta ez inposaketa bidez. “Ingurune jasangarriagoa lortzeko aurrera pausoak eman behar ditugu eta helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da gauzak ondo egitea eta errenteriarrak kontutan izatea” amaitu du Maite Peña alkategaiak.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
PASAIA
2025/12/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


