Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Tokiko ekonomia sustatzeko eta dinamizatzeko neurri fiskalak proposatu ditu Irungo EAJk
Eraikuntza zerga eta obra txikietarako lizentziaren kostea erdira murriztea, bide publikoaren okupazioagatik ordaindu beharreko tasa %25 gutxitzea eta ibilgailu industrialentzat TAO tarifa berrikustea planteatu dute jeltzaleek. Susperraldi ekonomikoa bermatzeko administrazio guztiak inplikatzeko beharra azpimarratu du Xabier Iridoyk.
Datorren asteazkeneko Osoko Bilkuran jorratuko diren 2015eko Ordenantza Fiskaletarako egin dituen proposamenak ezagutzera eman ditu Irungo EAJ-PNV Udal Taldeak. Xabier Iridoy bozeramaile jeltzaleak azaldutakoaren arabera, aurkeztutako ekarpenak tokiko ekonomiaren suspertzearen eta dinamizazioaren barruan kokatzen dira. «Hain zuzen ere, hau da EAJ-PNVk agintaldian zehar landu duen ardatzetariko bat, eta neurri fiskal desberdinen bitartez, gure udalerriko ekonomia sustatzen eta bultzatzen lagundu dezakegula deritzogu» baietsi du.
Horren harira, obra txikiaren sustapenak −hala etxebizitzen errehabilitazioan, nola denden edo lokalen birgaikuntzan− Irungo ekonomiaren dinamizazioan lagun dezakeela adierazi du Iridoyk, eta helburu horrekin hainbat neurri proposatu ditu EAJ-PNVk: alde batetik, eraikuntza zerga eta obra txikietarako lizentziaren kostea %50ean murriztea planteatu dute jeltzaleek; bestetik, hesi, aldamio, etab.-ekin bide publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko tasa %25 gutxitzea proposatzen dute; eta, hirugarrenik, ibilgailu industrialentzat TAO tarifa berrikustea planteatu dute.
«Mahai gainean jarri ditugun neurri horiekin krisiak gogor astindu duen sektoreari, hots, eraikuntzari, bultzada eman nahi diogu. Beren etxebizitzetan, negozioetan, lokaletan obra txikiak egin nahi dituzten irundarrei eta obra horietara ibilgailu industrialetan lekualdatzen diren gremio desberdinei erraztasunak eskaini nahi dizkiegu. Proposamen hauek, zentzu horretan, lasaitasun pixka bat suposatu dezaketela uste dugu» adierazi du Iridoyk.
Halaber, 2015 urtea krisiaren gainditzean inflexio-urtea izan daitekeela esan du bozeramaile abertzaleak. «Adierazle askok hori erakusten dute, baina, era berean, susperraldia arriskuan jartzen duten zalantza asko igartzen dira. Erakundeetatik gure esku dagoen guztia egin behar dugu susperraldi hori bermatzeko, eta Udalak, bere ahalmenen barruan, krisialditik ateratzen lagundu behar du» nabarmendu du.
Azkenik, EAJ-PNVk Plusbalioaren zerga berrikustea proposatuko du berriro, gaizki diseinatuta dagoela uste duelako eta familia irundar batzuetan egoera bidegabeak sorrarazten dituelako. «Iaz, jada, zerga horrek eragiten dituen egoera bidegabeak salatu genituen, bere etxebizitza saltzera behartuta dagoen edonor espekulatzailetzat hartzen baitu, krisiak bultzatuta egoera horretan aurkitzen diren familiak barne. Zerga hori berrikusi egin behar dela uste dugu» azaldu du Xabier Iridoyk.
Bidegabekeria horiek ekiditeko, tipo murriztua aplikatzea proposatzen dute jeltzaleek, ondorengo egoerak ematen direnean: azken 24 hilabeteetan, etxebizitza, saltzailearen ohiko etxebizitza izan bada, gutxienez, 12 hilabetez; edo erosketa eta salmentaren arteko epea 10 urte baino gutxiagokoa denean.
Nabarmenak...
EBB
2023/11/25
DONOSTIA
2023/11/07
Gipuzkoa
2023/11/07
DONOSTIA
2023/10/31
Eusko Legebiltzarra
2023/10/19
Berri ikusiagoak...
EBB
2020/07/05
EBB
2019/04/12
EBB
2019/09/29
Euzko Gaztedi - EGI
2017/09/13