Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/10/15

EAJk Irunekiko duen konpromisoa berretsi du, Batzar Nagusietan hirirako interesgarriak diren ekimen guztiak babestuz

Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran, jeltzaleek hirirako hiru proposamen aurkeztu zituzten: Hegoaldeko Saihesbidearen eraikuntza, Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzea eta Txingudi badiako hirien lotura, eta zaharren egoitzetan plaza gehiago hitzartzearen alde egin zuten. EAJk sozialisten Irunekiko konpromiso falta deitoratu du, alderdiaren interesak hiriaren interesen gainetik jartzeagatik.
EAJk Irunekiko duen konpromisoa berretsi du, Batzar Nagusietan hirirako interesgarriak diren ekimen guztiak babestuz

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkurarako Irundik bultzatu dituzten proposamenen berri eman du EAJ-PNV Udal Taldeak gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan. Jose Corchon zinegotzi eta batzarkide jeltzaleaz lagunduta, Xabier Iridoy bozeramaile abertzaleak EAJ-PNVk hiriarekiko duen konpromisoa berretsi du, euskal erakundeetara ekimen desberdinak eramanez. «Denbora daramagu beste administrazioekin modu koordinatuan lanean Irun horien guztien agendan presente egon dadin, eta horixe bera egin dugu gure batzarkide taldearekin joan den asteko osoko bilkurarako» adierazi du Iridoyk.

Bestalde, jeltzaleek Batzar Nagusietan aurkeztu zituzten Irunekin loturako hiru proposamenak azaldu ditu Jose Corchonek. Batetik, Hegoaldeko Saihesbidea eraikitzeko eta A-8 autobidean hirugarren lotura egiteko konpromisoa beregain har zezan eskatu zioten. Bigarren mozioan, Plaiaundiko kirol instalazioak leku berri batera aldatzeko helburuarekin, 2015erako partida ekonomikoa eskatzen zuen EAJ-PNVk; eta, azkenik, Txingudi badiako hiru udalerriak oinezkoentzako eta bizikletentzako bidez lotzeko proiektuarentzat, aurrekontu partida bideratzea eskatu zioten foru erakundeari. Hiru proposamen horietaz gain, eskualdeko zaharren egoitzetan plaza gehiago hitzartzearen aldeko mozioa babestu zuten.

«EAJ-PNVtik ekintzekin erakutsi dugu Irungo interesen defentsa gure helburu nagusia dela, haatik, ez dut uste PSEk berdina esan dezakeenik» adierazi du Corchonek. «Batzarkide talde sozialistak ez du ez Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko mozioa babestu –mozioa aurrera atera zen gainerako talde politikoen babesarekin−, ezta Hendaia, Irun eta Hondarribia oinezkoentzako eta bizikletentzako bidez lotzearen ekimena ere» deitoratu du. «Udal gobernuak askotan eskatu digu oposizioko taldeoi Irunen eta irundarren interesak defendatu ditzagun, baina benetako ordua iristean, beraiek dira hirirako interesgarriak diren egitasmoak onartzeko oztopoak jartzen dituztenak» baietsi du. «Horrela, Santanoren gobernuak sinesgarritasun guztia galtzen du, bere hitzak ezerezean geratzen baitira» jarraitu du.

Horren harira, hirirako interesgarriak diren proiektuekiko sozialisten konpromiso falta eta azken hilabeteetan erakusten ari diren koherentziarik eza kritikatu ditu Corchonek. «Joan den uztailan eztabaidatu genuen 66 milioi euroko foru soberakinerako, Bidasoa eskualdeko zaharren egoitzetan plazak hitzartzeko aurreikusita zegoen partida 100.000 eurotan handitzea proposatu zuen EAJ-PNVk. Orduan, PSEk ez zuen gure proposamena babestu, bere alderdiaren interesak Irungo interesen gainetik jarri zituztelako, eta orain proposamena bere taldearen lorpen bezala saldu du, EAJ-PNVk ekimen bera aurkezten denbora daramanean».

Azkenik, jarrera aldaketa exijitu dio Xabier Iridoyk udal gobernuari. Gure hirirako hoberena lortzeko lan egin dezan eskatu dio, eta ez ditzala bere interes partikularrak bakarrik defendatu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...