Alderdi Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/10/09

Maria Angeles Lazkano izango da Zizurkilen EAJren alkategaia

“Erronka oso erakargarria da eta ilusioz, gogoz eta erantzukizunez onartu dut” esan du Lazkanok. Olatz Peon burukideak adierazi du bere giza-kapitala, bai pertsona moduan eta bai herrigintzan daraman ibilbidean , direla bere bermerik onena.
Maria Angeles Lazkano izango da Zizurkilen EAJren alkategaia

Zizurkilgo EAJ-PNVk Marian Lazkano aukeratu du, 2015ean egingo diren udal hauteskundeetako alkatetzarako hautagai moduan “alderdikideek aho batez onartu dutena eta zizurkildarren konfiantza lortzeko, osatuko duen taldearen buru izango dena”.

Olatz Peon, EAJko bailarako burukideak, eskertu egin dio Maria Angeles Lazkanori erronka berri honi erantzuteko erakutsi duen prestutasuna eta jarrera ona, eta azpimarratu egin du azken urteotan zinegotzi moduan zizurkildarren alde oposiziotik egiten ari den lana. Horrez gain, bere lana eta ekarpenak azpimarratu ditu, eta “zuzentasuna, seriotasuna eta akordioak lortzeko beti zabalik izan duen eskua, batzuetan desadostasunaren eta kritikaren bidetik, baina beti ere, bere oinarri eta irizpideei eta hartutako konpromisoei leial izanik. Bere giza-kapitala, bai pertsona moduan eta bai herrigintzan daraman ibilbidean, da bere bermerik onena”.

Horrela, adierazi du “ezagutzen dutenek ondo baino hobeto dakite Marian pertsona dialogozalea eta irekia dela, zizurkildarrengandik hurbil dagoena, kudeaketarako gaitasun handia duena, udal gaiak ondo ezagutzen dituena eta administrazioaren funtzionamendua ere bai. Jarrera sektarioetatik urrun egongo den emakume eta gizonen talde baten buru izango da, eta une hauetan ezker abertzalearen esku dagoen gobernuaren benetako alternatiba izango da. Lazkano prest dago Zizurkilgo alkate izateko” azpimarratu du Olatz Peonek.

Maria Angeles Lazkanok , bere aldetik, eskertu du alderdiak eman dion babesa, eta zerrendaburu izateko alderdikide jeltzaleek beregan jarri duten konfiantza. “Ilusioz, gogoz eta erantzukizunez hartzen dudan erronka da, eta bizitzen ari garen garai larrien jakinean izanik. Pertsonak, hauen duintasuna eta ongizatea dira, eta izango dira, gure proiektuaren ardatz nagusi eta erdi-erdikoa. Zizurkildarren benetako arazoei erantzutea lehenetsiko duen proiektua. Nahi duguna da udala, batik bat, udal kudeaketaren motorra izan dadila, arazoak konpontzen arituko dena eta ez berriak sortzen hemen atez atekoarekin gertatu den bezala. Uste dugu Zizurkilen aldaketa bat behar duela”.

Alde horretatik azpimarratu du Zizurkilek gobernu onean oinarritutako politika publikoak behar dituela, sinesgarriak eta herritarrengandik hurbil daudenak, eta planifikazio zehatz eta zorrotz batekin eginak, krisiari modu partekatuan egiteko aurre, eta ongizatearen etorkizuna bermatzeko. “Gure herriak ikuspegi politiko integratzailea behar du, sektarismoetatik urruti, eta elkarrizketan eta adostasunean oinarritutako kultura politikoa”. Eta gehitu du: “zerbait ikasi badut nire bizitzan da, aurrean duzunari entzun egin behar diozula gauzak konpontzeko eta adostasunak lortzeko eta hori da herrigintzan ere egin dudana eta jarraituko dudana egiten: zizurkildarrei entzun”.

Amaitzeko, aurreratu du oinarri horiekin “oraintxe bertatik lantalde bat osatzen ari naiz, Zizurkilek dituen behar eta erronkak aztertzeko, eta aterako diren ondorioak, alderdiak martxan duen Zizurkil Prest ekimenaren barruan, herriko gizarteko eragile eta sektoreekin kontrastatuko ditugu haien ekarpenak ere jasotzeko.”

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...