Alderdi Eguna 2023

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/10/09

EAJ-PNVk Buruntzaldearako kalitatezko garapen agentzi baten aldeko apostua egin du

Hilabetetan prestatzen aritu diren eta ekonomia suspertu eta enplegua eta turismoa sustatzea helburu duen proiektua aurkeztu dute ordezkari jeltzaleek.
EAJ-PNVk Buruntzaldearako kalitatezko garapen agentzi baten aldeko apostua egin du

Buruntzaldeako EAJ-PNVren ordezkariek agerraldia egin dute Lasarte-Orian hilabetetan prestatzen aritu diren garapen agentziaren proiektua aurkezteko. Lasarte-Oriako bozeramaile jeltzale den Estitxu Alkortak adierazi duen bezala, erakunde berri honek Hernani, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil eta Astigarragan lan egingo luke, udal hauei sinergiak lortu eta zerbitzuak partekatu eta hobetzeko aukera emanez. Besteak beste, ekonomia suspertu eta enplegua eta turismoa sustatzea izango dira agentziaren helburuak, gaur egun udal bakoitzetik sustatzen diren esparruak. “Proposatzen ari garen agentziak onurak ekarriko dizkie udal guztiei elkartuago eta koordinatuago izateaz gain, indar gehiago eman eta eraginkorragoak bilakatuko lituzkeelako”, argudiatu du Alkortak.

Bozeramaile jeltzaleak jakinarazi du Buruntzaldea dela gaur egun eskualde mailako egiturarik ez daukan bailara bakarra. Eta, behar hori ikusita, EAJ-PNVk hilabeteak daramatza proposamen “serio eta argia” prestatzen, Buruntzaldeari kalitatezko agentzia izatea bermatuko liokeena, alegia. Jeltzaleek alderdi ezberdinei aurkeztu diete planteamendua, ahalik eta adostasun handiena lortzeko helburuarekin.

EAJ-PNVk proposatzen duen agentziaren ildo nagusiak azaldu ditu Alkortak. Garrantzitsuena, eskualdeko egitura hau publikoa eta gardena izan behar dela, eta bertan BuruntzaldeakoUdalguztien presentzia bermatu behar dela.

Hiru esparru nagusitan egingo luke lan erakundeak: ekonomiaren suspertzea, enpleguaren sustapena eta turismoa. Helburua gaur egun herri bakoitzetik eskaintzen diren zerbitzuak batu eta hobetzean datza. Horrela, udal guztiek lortuko dituzte etekinak, batez ere txikienek, gaur egun ailegatzen ez diren esparruetara iristeko modua izango dutelako.

Alkortak jakinarazi du agentziak enplegua sortzea helburu duen proiektuen alde egingo duela. Eta, helburu horrekin, enpresen arteko itunak bultzatzen ahaleginduko dela, bai eta eskualdeko langileak eta produktuak merkaturatzen saiatzen direnen alde.

Agentziaren osaketari dagokionez, aurreratu du Gobernu Batzordea, presidentea eta gerentea izango lituzkeela. Batzordea udaletan aukeratutako ordezkariek osatuko lukete eta presidentea horietariko kide bat izango litzateke. Horrela, Buruntzaldeako indar politiko guztien presentzia bermatua geldituko litzateke eta planteamendu baztertzaileak saihestuko lirateke.

Langileak eta lan metodologiari buruz esan du, hasieran, behintzat, ez dagoela aurreikusita gerentearen figuraz haratago kontrataziorik egitea eta gaur egun udaletan diharduten udal teknikariak izango liratekeela eskualdeko errealitatea aztertu ondoren proposamen zehatzak egingo lituzketenak. Profesioan hauek kanpoko aholkulari espezializatuen laguntza izango lukete zeregin hauetarako.

Proiektuak daukan garrantzia ikusirik, EAJ-PNVk proposatu du presarik gabe eta zuhurtziaz jardutea.Izan ere, zehazteke daude oraindik zenbait kontu, esaterako, zer gertatuko litzatekeen Andoainekin. Nabarmendu behar da agentzia gaur eratuko balitz Andoain kanpoan geldituko litzatekeela Udalak zor handia daukalako eta legeek debekatu egiten dutelako egoera honetan dauden herriek proposatzen dena bezalako agentziekin bat egitea. EAJ-PNVren iritziz ezinbestekoa da arazo hau agentzia eratu baino lehen konpontzea eta beharrekoak diren berme juridiko eta tekniko guztiak ziurtatzea kalitatezko agentzia sortu ahal izateko. Hori dela eta, bailarako herritako kontu-hartzaileen eta idazkarien aldeko txostenak izatea proposatuko du eta baita eskualdeko azterketa sakona egitea ere.

“Helburua argia da: Buruntzaldeak kalitatezko garapen agentzia behar du. Baina, behar horrek ezin gaitu gauzak korrika eta presaka egitera bultzatu. Adostasunetik abiatuta, EAJ-PNVk ahalik eta agentzia onena sortzeko helburuarekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du”, ondorioztatu du.  Ordezkari jeltzaleak ziur dira eskuartean daukaten proiektua onuragarria izango dela eskualde osoarentzat eta horrek onura besterik ez diela ekarriko sei herriei.

Alkortarekin batera izan dira agerraldian Urnietako alkate den Mikel Pagola; EAJren Hernaniko bozeramailea, Andoni Amonarraiz; Andoaingoa, Mari Jose Izagirre; Astigarragakoa, Zorione Etxezarraga; eta Usurbilgoa, Josune Urkola.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...