Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/10/08

IdeiaGunea, herritarrei eta ideiei irekitako eremua

EAJk eta jeltzaleen Donostiako alkategai Eneko Goiak, IdeiaGunea zabalduko dute gaur, herritarrekiko harremanean eta ideia elkartrukean sakontzeko martxan jarri duten espazioa. Lokala Donostia erdigunean dago kokatuta, Easo kaleko 6.ean, eta helburu garbiarekin jaio da: “Gure hiri-ikuspegia ezagutarazi eta jendearen pentsaera eta nahiak ezagutu nahi ditugu bertatik bertara.
IdeiaGunea, herritarrei eta ideiei irekitako eremua

Horregatik ireki dugu hauteskundeetarako asko falta denean”, azaldu du Goiak. IdeiaGunearen xedea da “jendearen eguneroko kezketan oinarritutako elkarrizketa eremu izatea. Bilgunea, hiri hobe bat edukitzeko beraien ideiak mahai gainean jarri nahi dituzten donostiar guztientzat. Ez da batzoki bat, eta ezta hauteskunde egoitza bat ere”, argitu du. 

Herritarrek politikarekiko duten harremanean exijitzen dituzten aldaketetara egokitzeko ahalegina dago ekimenaren sorreran. “Kontua ez da proiekturik onena aurkeztea, denon artean eraikitzea baizik. Hirian pentsatzea herritarrak aintzat hartu gabe zentzugabekeria da. Zalantza eta aldaketa momentuak bizi ditugu, baina erreakzionatu egin behar dugu. Ekarpenak egin, entzun, eta ilusionatzeko unea da”, argudiatu du Goiak. Hautagai jeltzaleak frogatu ahal izan duenez, geroz eta jende gehiagok nahi du hiriaren erabakietan iritzia eman eta parte hartu. “Eskari horren aurrean, politikarion egitekoa da gauzak erraztea eta tresnak gerturatzea. Hori da IdeiaGunearekin bilatzen duguna; lokal bat irekitzea, bilgune bat, elkarrizketa sustatuko duen atea izan dadin. Hemen, kopuruak badu garrantzirik. Zenbat eta gehiago, hobe”.  

“Bestelako Donostia” deritzona azaleratzea dute helburu. “Gaur egun, askori gustatzen ez zaigun hiri-eredua daukagu, ofiziala. Baina ez da momentua kritikatzeko, proiektu hobea eraikitzeko baizik. Kexek barrenak husteko baino ez dute balio. Kritika ezkorrek botoak lor ditzakete, baina ez dute laguntzen hiri hobea lortzen”. Hori dela-eta, “bestelako Donostia posible dela uste duten guztiak” animatu ditu proiektu honekin bat egitera. “Hiri eta gizarte bezala hobetzeko gure egitasmoa gauzatzeko donostiarrak inplikatu nahi ditugu, eta haiengan ilusioa piztu. Hori ezin da lortu kexekin eta ezkortasunarekin. Hemen ideia guztiak dira ongietorriak, eraikitzaileak direnean. Hiria berraztertzeko tokia da IdeiaGunea. Lanerako eta herritarren proposamena jasotzeko tokia”.

Toki horretan, denbora eta lekua egongo da eztabaida, bilera, erakusketa, lan-gosari, solasaldi, edota elkarrizketa pertsonaletarako, hiriko eragile sozial, kultural eta ekonomikoekin. “Espazio hau beste norbaiti zerbait kontatzeko eta komunikatzeko erabili nahi duten guztiek ere ateak zabalik dituzte. Eta kafe bat hartzeko ere irekita egongo da, noski”.  Asmoa, Goiaren arabera, eztabaida hiritarra aberastea da. Zinegotziak, bestelako ordezkariak, eta jeltzaleen hautagaia bera txandakatu egingo dira ideiak entzun eta iritziak eta proiektuak elkar trukatzeko. Parte hartu, hitz egin, galdetu edo entzun nahi duten guztiak “IdeiaGunera etor daitezke gaurtik aurrera”.

Orain dela zenbait hilabete eman zituen lehen pausoak ekimenak. Ekainean, EAJk sei lan talde jarri zituen martxan proiektu ekonomiko, sozial edota kulturalak garatzeko. Orain, “entzuten, ideia berriak jasotzen eta proiektuak partekatzen jarraitzea” da Goiaren helburua, ondoren “Donostia berria lortzeko” bere proposamen estrategikoak aurkezteko. Haren ustetan, “auzoek protagonismo handiagoa” eduki behar dute hiri-dinamikan. Hori izan da lokala irekitzeko beste arrazoietako bat. “Harremanetarako bide berria da.  Gerturatzen bagara, hobeto elkar ulertuko dugu. Erdigunean bilatu dugu lokala, guztien eskura egon dadin, baina auzo guztiek parte hartzea bilatuko dugu. Lokal honetatik, edo jaio nintzen auzotik, Amaratik, Altza, Antigua, La Paz edota Aietera iritsiko gara”.

'Post-It'-k.

Lokal berriaren paretak ohartxo eranskorrez daude beteta. “Ez da dekorazioa, laster idatzita eta marraztuta egongo dira, parte hartzen duten guztien ekarpenekin. 'Post it'-ak hiria ulertzeko dugun moduaren ikur dira. Gerturatzeko tresna ere bada, jendea bere iritzia ematera animatzeko modua. Ahalik eta elkarrizketa kanal gehien irekitzea da gure asmoa. Kaleko topaketak, gure web orrialdea, sare sozialak...kanal horien funtsa lokalaren sarreran dagoen lanpasan agertzen den esaldiak laburbiltzen du ondoen: “Ongi Etorri ideiak! Ongi Etorri donostiarrak!”.

IdeiaGunea edozein herritar inplikatzeko pentsatutako ekimena baldin bada ere, lehen erreakzio positiboa, Goiaren arabera, afiliatu eta ingurukoena izan da. “Herritarrengana gerturatzeko ideiak aparteko motibazioa piztu du gure oinarriarengan. Azken asteetan mugimendu oso proaktiboa sumatu dugu, gure gazteen artean bereziki. Gogo handia erakutsi dute eremu honetan parte hartu, lan egin, eta beraien ezagutzak helarazteko”. Hautagai jeltzalea pozik agertu da erantzun hori dela-eta. “Ez genuen aurreikusi ideia honek barne-akuilu gisa funtzionatuko zuenik, baina egia da hala egin duela, modu espontaneoan. Bi asteotan, hainbeste ideia jaso ditugu, bi urte beharko genituzkeela guztiak garatu ahal izateko”.

Enekogoia2015.com

Azkenik, Eneko Goiak  www.enekogoia2015.com internet ataria aurkeztu du. Bertan, herritarrekin hartutako lehen konpromisoak eta asteroko agenda izango dira ikusgai, besteak beste. Halaber,  'post it'-en bitartez eskaerak, ideiak eta proposamenak bidali ahal izango dira, datozen hauteskundeetarako programan aintzat hartuko direnak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...