Alderdi Eguna 2023

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/10/08

Olatz Peon: “Bilduk ez ditu oposizioko alderdiak errespetatzen eta edukirik gabeko udalbatzak deitzen ditu”

EAJ-PNVko udal taldeak adierazi du Bilduko udal gobernuak udalbatza udaleko eskumena ez duten hainbat gaien inguruan bere diskurtso politikoak zabaltzeko erabiltzen duela. Jeltzaleek heldutasun politiko eta elkar ulermenerako enpatia falta egotzi diote Bilduri oposizioko alderdiekin elkarlanean aritzeko inolako borondaterik ez duelako.
Olatz Peon: “Bilduk ez ditu oposizioko alderdiak errespetatzen eta edukirik gabeko udalbatzak deitzen ditu”

EAJ-PNVko zinegotzi eta alkategai Olatz Peonek prentsaurrekoa eskaini du gaur Tolosako udaleko Bilduko udal gobernuak, udalbatza udaleko eskumena ez duten hainbat gaien inguruan bere diskurtso politikoak zabaltzeko erabiltzen duela adierazteko.

Olatz Peonek azaldu du hori bere horretan ez litzatekela hain txarra izango gai horiekin batera udal eskumena diren eta herriarekin zuzenean zerikusia duten gaiak jorratuko balira. “Baina hori ez da gertatzen, jarraitu du jeltzaleak, izan ere iraileko plenoan gertatutakoa ez baita lehen aldia, ez da herriarekin eta herriaren udaleko eskumen zuzenekin zerikusia duten gai bat bera ere jorratzen ez den lehen udalbatza”. Legealdi honetan izan dugu horrelako plenorik, gai zerrenda hutsalik. EAJ-PNVko udal taldeak jakinarazi du herriko gaiak landu ordez, EH Bilduk udal administrazioa Bilduren diskurtso partikular eta alderdikoia zabaltzeko erabiltzen duela. “Jarrera honekin errespetua ere galdu dio udal gobernu honek hainbatetan oposizioari, herriaren zati haundi bat ordezkatzen duen oposizioari alegia” gaineratu du.

Iraileko udalbatzan gai askoren inguruan hitz egin genezake:

  • Zaborbilketa sistema berriaren inguruan
  • Mendekotasunaren legearen gaiaren inguruan
  • Herriko merkatariak (eguberrietarako plangintza)
  • Kale garbiketa
  • Herriaren egoera sozial eta ekonomikoa…

Udal arautegiak zehazten du zein gai diren onartu beharrekoak udalbatzan eta aurretik nola eztabaidatu behar diren batzordeetan. “Alkatea eskuzabalagoa izan liteke, legezkoak direnak baino gai gehiago aurkeztuz eta eztabaidatuz, beste garai batzuetan egin izan den bezala” azaldu du Olatz Peonek. “Baina kontua da ez dutela oposizioko alderdiekin elkarlanean aritzeko inolako borondaterik” gehitu du.

“Guzti honegatik azpimarratu nahi dugu partaidetzaz hitz egiten badu ere, partaidetza modu xelebrean ulertzen duela udalbatza honek” jarraitu du alkategaiak. Jeltzaleen aburuz ez dute inolako asmorik beren iritzi edota ikuspegi desberdina izan dezakeen inorekin ezer partekatzeko. EH Bilduk gehiengo osoa du udalean eta horregatik ez dute gaiak eztabaidatzeko beharrik. Aldiz bere diskurtso politikoak zabaltzeko erabiltzen dutela udaletxea azpimarratu du EAJ-PNVko udal taldeak. “Heldutasun politiko falta handia erakusten dute, ez dago proposamenik, moduak – garrantzitsuak direnak- ez dira egokienak eta elkar ulermenerako enpatia landu beharrean, errazagoa da iraina erabiltzea” adierazi du Olatz Peon. “Gaur egun, jarrera horiek ulergaitzak dira eta ez dira onargarriak, are gutxiago herri ordezkarien aldetik, udal ordezkarien aldetik” gaineratu du.

“EAJ-PNVk beti azaldu du elkarlanerako borondatea eta nahia, elkarlanean sinesten dugulako, Tolosar ororen alde lan egiteko prest gaudelako, endogamia politikorik gabe” amaitu du zinegotzi jeltzaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...