Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/09/28

EAJk burujabetzarako duen euskal bidea aldarrikatu du Alderdi Egunean Ortuzarrek

Elkarrizketan eta akordioan oinarritua, eta batez ere herriaren borondatearen errespetua oinarri.
EAJk burujabetzarako duen euskal bidea aldarrikatu du Alderdi Egunean Ortuzarrek

Ortuzarrek baieztatu duenez “eskoziar erreferendumera joan ondoren gaur, inoiz baino konbentzituago nago gure bidea dela ona, Euskadi eta Espainia tartean dituen gatazka historikoa konpontzeko konponbide bakarra dela burujabetasunerako euskal bidea. Elkarrizketan eta akordioan oinarritutako bidea eta, batez ere, herriaren borondatearen errespetuan oinarrituta. Bide ona, errespetuzkoa eta denentzat ona, Eskoziako erreferenduma izan den moduan: elkarrizketa eta akordioa, eta bozkatzera”. Zentzu honetan, Ortuzarrek deitoratu duenez "eskoziarrak eta ingelesak demokraziaren gailurrean" dauden bitartean, konpromiso demokratikoaren klasifikazio honetan "Mariano Rajoyk Espainia argi gorriarekin mantentzen du oraindik. Eskozian gertatutakoaz ez dira ezertaz enteratu. Zilborrari begiratu, eta pozik txalotu dute ezetzaren garaipena. Ez dute tutik ere ulertu. Cameron-i deitu eta galdetu beharko lioke. Cameron-ek martxan jarri du jada Estatu ereduaren aldaketa sakona. Hori ezagutu behar du Rajoy-k.Ez dira eroso sentitzen benetako demokrazian. Demokrazia boterearekin nahasten dutelako, nahierara egin eta desegitearekin nahasten dute, herriari bizkarra emanda gobernatzen dutelako. Hori ez da Demokrazia, ez Rajoy jaun hori".Ortuzarrek baieztapen harrigarria egin du hausnarketa hori amaitzeko. "Alderdi Popularra da gure egitasmorako aliaturik onena. Bere agintekeriak are sakonago egiten du gure kultura demokratikoa. Elkarrizketari uko eginez, guk akordiorako dugun borondatea indartzen digu. Beren gelditasunak hauspotzen du mundura zabaltzeko dugun asmo geldiezina. Zenbat eta espainiar nahi gaituen, orduan eta euskaldunago egiten gara. Eta zenbat eta ahulago nahi gaituen, orduan eta indartsuago egiten gaitu".

Euskadik nazio gisa dituen eskubideei uko egin gabe, Jeltzaleen buruak azken 35 urteotan lortutakoaren balioa azpimarratu nahi izan du, 35 urteotan ia denbora osoan EAJren lidergoa nagusi izan delarik. "Gaur egun autogobernuaren abangoardian inor badago, horiek gara gu, euskaldunak. Estatu baten antzik handiena duen munduko Estaturik gabeko nazioa gara. Mundu mailan globalizatuta dagoen gizarte honetan, independentzia buruko kontua da, lege kontua baino. Benetako independentzia baita menpeko ez izatea. Eta, herri honetako gizartearen gehiengoa, gure buruan behintzat, independenteak gara dagoeneko. Milurteko historia duen hizkuntza daukagu, kultura bat daukagu, gure erakundeak kudeatzen ditugu, zerga eta finantza sistema eredugarria dugu, sistema sozial aurreratu eta solidarioa eraiki dugu… Egia da gauza batzuk falta ditugula, besteak beste gure burujabetzaren aitortza ofiziala, baina gainerakotik ia dena daukagu. Gure subiranotasunetik falta zaigun aitortza lortuko dugu. Herria ikusteko modu hori da ezker abertzalearekiko dugun ezberdintasunik handiena. Guk eraikitzen dakigu buruan dugun independentzia hori oinarri, asmo positiboarekin dakigu aurrera egiten. Betidanik egon dira inoren mende. Orain, inor hori ez dago eta beste inoren kontra aritzeko beharra sentitzen dute”.

Diskurtsoaren amaieran, Ortuzarrek EAJ- PNVren gizon eta emakumeek sentitzeko, egiteko eta politikagintzan aritzeko duten modua goratzeko hitzak esan nahi izan ditu. “Orain ematen du modan dagoela politiko ez izatea. Gu eguneroko jardunerako gaude, arazoak konpontzeko. Gure bandera da errealitatea, arazo bat, konponbide bat. Eta bai, politikariak gara. Aldi baterako kontratua daukagu herriaren zerbitzura egoteko lanbide ohoragarri honetan. Politikari zintzoak, gure jokaera zuzen eta huts egiteekin, denak bezala. EAJ- PNVren politikariak. Gurea ez da kasta bat, gu jator-jatorrak gara. Gu baino jatorragorik, inor ere ez. Eta ez dugu gure izaera ezkutatzen. Alderantziz: argi eta ozen esaten dugu, EAJ izateaz harro gaudelako. Gu ez gara denon ongia lortzeko lana egiteaz lotsatzen. Eta azken urteotan egindako lanak abalatu egiten gaituelako. Euskadi honek abalatzen gaitu. Euskadi modernoa, solidarioa eta lehiakorra. Politikari izateaz lotsatu behar duena lotsadu dadila. Gu ez. Sigla berria etorri delako bere jokaera, bere jokamoldeak aldatu behar dituela pentsatzen duenak, egin dezala. EAJk EAJ izaten jarraituko du, bere letra guztiekin”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...