Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/09/18

EAJ-k Eibarko eskoletan gaika sailkatzeko paperontziak jartzeko eskatu dio berriz ere gobernuari

Jeltzaleek salatu dute udal gobernuak eskoletan gaikako paperontziak ezartzeko konpromisoa hartu zuela baina soilik Andramari ikastetxean jarri dituztela. Halaber, EAJko udal taldeak proposatu du pixkanaka Eibar osoko paperontziak aldatzeko eta eibartarrei laguntzeko kanpainak egiteko, Eibar ingurumen alorrean hiri jasangarria izan dadin lortzeko.
EAJ-k Eibarko eskoletan gaika sailkatzeko  paperontziak jartzeko eskatu dio berriz ere gobernuari

Joan den astelehenean zaborrei buruzko ezohiko batzarra ospatu zen eta bertan EAJ-PNVko udal bozeramaile ta hautagai Eva Juezek Eibarko eskoletan gaika sailkatzeko paperontziak jartzeko eskatu zuen berriz ere. “Helburua da udal gobernuak hartutako konpromisoa betetzea eta gure proposamena ezerezean ez geratzea” azaldu du Juezek. Bozeramaileak duela hilabete batzuk eskatu zuen ikasturtea hasi aurretik Eibarko eskoletan gaikako paperontziak jartzea. Haatik, ikasturtea hasi da eta udal gobernuak konpromisua hartu bazuen ere soilik Andramari ikastetxean jarri dituzte aipatu edukiontziak, “stock” arazoak dituztela aitzakia gisa hartuta. “Alkateak eta bere taldeak nahikoa denbora izan dute “stock” arazoari irtenbidea emateko eta ikasturtea hasi aurretik paperontziak ezartzeko” gaineratu du Juezek.

Halaber, EAJko udal taldeak, eskoletako kasua oinarri hartuta, gaikako paperontziak pixkana Eibar osora hedatzea proposatu du. “Paperontziak pixkana ordezkatzearen helburua da hiria eta hiritarrak ohitu eta kontzientzia har dezaten lortzea Mankomunitateak hondakinak gaika biltzeko gaitasuna duenerako” azaldu du Juezek. Jeltzaleek adierazi dute birziklapen ehunekoek gora egin dezaten hezkuntza ezinbesteko tresna dela, “horregatik egin dugu ikastetxeetan gaikako edukiontziak jartzeko proposamena” adierazi du Juezek.

Bozeramaile jeltzaleak aitortu du Eibarren gaikako bilketa %40 ingurukoa dela eta datu horrek EAJ-PNV kezkatuta du. Horregatik, gaikako paperontziak jartzeaz eta edukiontzi marroia sustatzeaz gain, EAJren aburuz beharrezkoa da herritarrei informazioa eman eta izan ditzaketen zalantzak argitzeko kontzientziazio kanpainak egitea. “Ildo honetatik, lan asko dago oraindik egiteko” gaineratu du.

Eva Juezek argi utzi du EAJ ez datorrela bat Bilduk hondakinen inguruan egindako hainbat planteamenduekin. “Bilduk zenbait herritarren zabor poltsak ireki eta erakutsi nahi ditu publikoki plazan; argi utzi nahi dugu gu horrelako ekintzen erabat aurkakoak garela herritarren intimitatea urratzen dutelako” aitortu du Juezek. Modu berean, jeltzaleek gogorarazi dute, eta adibide modura aipatu, Bildu gobernuan dagoen herrietan zer nolako iskanbila sortu den INPOSATUTAko atez ateko sistemaren inguruan. Eibarko Bilduk hori bera egin nahi al du Eibarren? Atez ateko sistema inposatuko al dute Eibarren ere Gipuzkoako hainbat eta hainbat udalerritan egin duten moduan? galdetu dute.

Azkenik, EAJk Garden taldeak Eibar ingurumen arloan hiri jasangarria izan dadin egindako lana txalotu du. Halaber, helburu hori lortzeko gainerako alderdi politiko eta taldeekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du talde jeltzaleak. Azkenik, Juezek azaldu du arlo honetan herritarrek egin ditzaketen ekarpen edota proposamenak aztertzeko prest legokeela. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...