Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/09/18

Hiru hirien loturan aurrera egiteko, teknikoki hobesten den aukera babestu eta bultzatuko du EAJk

Horrela, Txingudi badiako proiektuaren aldeko apustua eta konpromisoa berretsi dute jeltzaleek. Inplikatuta dauden erakundeek norabide berean lan egitearen eta teknikariek adostutakoaren inguruan adostasunik handiena lortzearen garrantzia nabarmendu du Iridoyk.
Hiru hirien loturan aurrera egiteko, teknikoki hobesten den aukera babestu eta bultzatuko du EAJk

Xabier Iridoy Irungo EAJ Udal Taldeko bozeramaileak bere poza adierazi nahi izan du azken urte honetan Txingudi badiako hiru hiriak lotzeko proiektuan eman diren urratsak direla eta. Zinegotzi jeltzaleak azaldutakoaren arabera, «Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailarekin hainbat bilera egin ostean, Hendaia, Irun eta Hondarribia oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbidez lotzeko ideia aurkeztu genuen publikoki orain urte bete. Hilabete hauetan hiru udalerrien loturaren ideian aurrera egin dela ikusi dugu. Proiektua errealitate bilakatzeko alternatiba desberdinak daude mahai gainean eta hori oso positiboa iruditzen zaigu».

Teknikariak gaur egun lantzen ari diren aukera desberdinei dagokienez, EAJk teknikoki hobesten diren alternatibak babestuko dituela aditzera eman du Iridoyk; «izan ere, badiako hiru hirien loturan aurrera egitea da garrantzitsuena». «Biharko batzordean jorratuko diren proposamen teknikoetan oinarrituta, urriko erakunde arteko batzorde politikoan alde desberdinak adostasun batera iristea funtsezkoa dela uste dugu» esan du zinegotzi abertzaleak.

Horren harira, Irunerako eta Bidasoa eskualderako onuragarria izango den proiektua bultzatzeko EAJren konpromisoa eta apustua berretsi du Iridoyk. «Kontuan hartu behar dugu hiru udalerrien loturak hiri horien arteko eta Irungo hainbat auzoren arteko mugikortasuna hobetu, inguruko aberastasun naturala berreskuratu, turismo ekologikoa sustatu eta, ondorioz, eskualdeko ekonomia bultzatuko dituela» baietsi du bozeramaile jeltzaleak.

Azkenik, Txingudi badiaren leheneratzean eta Hendaia, Irun eta Hondarribiaren arteko loturan aurrera egiteko erakunde desberdinen arteko koordinazioaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Iridoyk. Gai honetan inplikatuta dauden administrazioak batera joatea eta norabide berean lan egitea ezinbestekoa dela deritzo EAJk. «Politikarioi dagokigu Txingudiko eremuak aurrera egin dezan beharrezkoa den bultzada ematea, eta ildo horretan, gure apustua eta konpromisoa berresten dugu» amaitu du Xabier Iridoyk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...