Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/08/29

Egibar: “erabakitzeko eskubidearen ibilbide orrian beharrezkoak dira euskaldunon konpromisoa eta ilusioa”

EAJren Legebiltzar Taldeko bozeramaile eta GBBko presidente den Joseba Egibarrek erabakitzeko eskubidearen aldarria bere egin dezala eskatu dio euskal gizarteari, ziur delako gai hau ez dela “politikariek politikariekin eztabaidatzeko soilik”. Zentzu horretan, ziurtatu du “erabakitzeko eskubidearen ibilbide orrian beharrezkoak direla euskaldunen konpromisoa eta ilusioa”.
Egibar: “erabakitzeko eskubidearen ibilbide orrian beharrezkoak dira euskaldunon konpromisoa eta ilusioa”

Ikasturte politikoa irekitzeko EAJk urtero Zarautzen egiten duen mitinean egin ditu adierazpen hauek Egibarrek. Bere iritziz, euskal gizartearen inplikazioa behar beharrezkoa izango da erabakitzeko eskubideak aurrera egin eta herritarrek beren iritzia askatasunez eman dezaten, irailaren 18an Eskozian gertatuko den bezala. Nabarmendu du Euskadi eta Katalunia ez daudela Eskoziaren egoeran “Espainia eta Ingalaterrako agintarien kultura politikoa erabat ezberdina delako”. Ildo horretan, argitu du “Eskoziako independentziari buruzko erreferendumaren gakoa dela Eskozia eta Britainiako lehen ministroak, Alex Salmon eta David Cameron, hurrenez hurren, iritzi kontrajarriak izan arren, gai izan direla eztabaida herritarrei hitza emanez amaitzeko. Espainiako presidenteak, aldiz, ez du hitza emateari buruz eztabaidatu ere egin nahi”.

Zailtasunak zailtasun, Egibarrek aurreratu du bere alderdiak erabakitzeko eskubidearen alde lan egiten jarraituko duela eta EAJk mantendu egingo dituela azken hamarkadetan ezker abertzalearengandik hainbeste ezberdindu dituen konpromiso etiko, politiko eta demokratikoak. “Guk ez diogu gure Herriari irteerarik gabeko kalezulorik eskaini, ezker abertzalea berriz aditua da horretan. Bazekiten indarkeria irteerarik gabeko kalezuloa zela eta orain irteerarik gabeko kalezuloa eskaintzen diete presoei”, gaineratu du.

Gipuzkoa ere kalezuloan dagoela adierazi du, Bilduk erakundeetan egin duen kudeaketaren ondorioz. “Egin duten bakarra zegoena desitxuratu, aurretik zetorkiena ataskatu, arazoak sortu eta erakunde guztietan Espainiako bandera jartzea izan da”, salatu du.

Hori esanda, ezker abertzaleari berriro eskatu dio egin dezala azken 35 urtetan gertatu denaren azterketa kritikoa. “Arazorik izan ez badute Loiuko autobusak erreketa gaitzesteko, zergatik ez dute ETAren iragana ere baloratzen?”, galdetu du hori egiten ez badute, “sinesgarritasun gutxi izango dutela” gehitzeko. Egibarrek azaldu “ardura guztia ez dela presoena, ezker abertzaleak baduelako gertatu denaren ardura politikoa”. Alderdi Popularrak batzokien inguruan sortu duen polemikari erreferentzia eginez, ziurtatu du “gero eta nabarmenagoa dela Espainiako egitura guztiak ustelkeriak jota daudela eta PPk egoera hori erabili nahi duela alderdi guztiak berdinak garela erakusteko”. “Gainerakoak pozoitu nahi gaituzte, baina badakite guztiok ez garela berdinak”, ondorioztatu du. “Espainia espainiarrentzat. Beraien ustelkeria, beraientzat. Beraien errege zahar, berri, alderdi politiko eta sindikatuekin. Eta Euskadi, euskaldunontzat”, ziurtatu du.

Datozen hilabeteei begira, 2015eko maiatzean izango diren hauteskundeei begira, Egibarrek aurreratu du EAJk jarraitu egingo herriz herri abiatutako estrategiarekin, herritarrak entzun, partekatu, konpromisoak hartu eta akordioak bultzatzen Gipuzkoak eta Euskadik aurrera egin dezaten. Eta horretarako, herritarrei bere alderdiarengan konfiantza izateko eskatu die.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...