Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/08/21

Maneiro gezurretan ari da:Ibarretxek ez du inolako soldatarik jasotzen Lehendakari izan delako.

“UPyDren bozeramaleak gezurra esan du, Ibarretxe lehendakariak ez du 50.000 euro/urteko soldatarik eta. Ibarretxek ez du inolako soldatarik kobratzen gobernutik eta hori badaki Maneirok” esan du Talde Parlamentarioak.
Maneiro gezurretan ari da:Ibarretxek ez du inolako soldatarik jasotzen Lehendakari izan delako.

Gorka Maneiro UPyDren bozeramaleak jendea nahastea nahi izan du Ibarretxek herri-erakundeetako diru-kutxatik jasotzen duenaren inguruan; hori dela eta, EAJ-PNVko Legebiltzarreko Taldeak argitu du, Juan Jose Ibarretxek ez duela inolako soldatarik kobratzen Eusko Jaurlaritzatik lehendakari izan zelako.

Bertan argitu dutenez, lehendakari izan den inork ez du inolako soldatarik kobratzen gobernutik – eta, beraz, ezta Juan Jose Ibarretxek ere-; lehendakari ohi guztiek erretirorako pentsio-osagarria jasotzeko eskubidea dute. Hau da, 65 urte betetzen dituztenean, hala balegokio, erretiroaren osagarria kobratzeko eskubidea izango dute, osagarri hori beren lan-bizitzan kotizatu dutenari dagokionaren eta une horretan Lehendakariak jasotzen duen soldataren %50aren arteko diferentziaren parekoa izanik, alegia. Hori horrela, gaur egun, lehendakari ohi bat gehienezko erretiroa jasotzen ariko balitz (hilean 2500 euro), Lehendakariaren soldataren %50a (3600 euro) arteko pentsioa osatzeko eskubidea izango luke, hau da, hilean 1.100 euro. Bistan denez, Juan Jose Ibarretxe ez dago erretiroan eta, beraz, gaur egun, ez du inolako pentsioaren osagarririk kobratzen, ezta inolako soldatarik ere. Argibide horren ondotik, Talde Parlamentarioak azpimarratu duenez, lehendakari ohi guztien pentsiorako osagarri hori ekainaren 30eko 7/81 Legea berritzeko maiatzaren 30eko 10/2012 Legean dago jasota, Eusko Legebiltzarrean aho batez onartutakoa aurreko legealdian, baita UPyDren bozeramalearen aldeko botoarekin ere.

EAJ-PNVren Talde Parlamentarioak, aldi berean, gogorarazi duenez, Lehendakariek, beren agintaldia amaitzean, lehendakari ohien estatutuaren dekretuan araututako baliabide material eta giza baliabideak izateko eskubidea dute. Hala nola, ordezkaritzako bulegoa, aholkulari gidaria eta laguntzarako idazkaria, eta horiek mantentzeko eratorritako gastu arruntak. Izan ere, lehendakari ohi direnez, gure herriaren alde sortutako ordezkaritza lan guztiak egiten segitzeko betebeharra dute.

Bukatzeko beste gauza bat argitu nahi izan dute, Gorka Maneirok aipatzen duen legebiltzarreko erantzun horretan, Ibarretxe lehendakariaren bulegoak izan dituen gastuak azaltzen dira, baina 2009ko ekainetik 2014ko ekaina bitarteko gastuak, azken bost urteko gastuak – 60 hilabete -, bere agintaldia amaitu zenetikoak. Guztira, bost urteotan, 25.369,10 euro; hilean 422,8 euro, bulego eta dagozkion ordezkaritza gastuei aurre egiteko.

Argibide horiek egin ondoren, EAJ-PNVren Talde Parlamentarioak onartezintzat jo ditu Gorka Maneirok hain ohiko dituen gezur, irain eta demagogia; erabateko gaitzespena sortzen duen politika egiteko modua, hain zuzen ere.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...