Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/07/24

Bilduren gezurrak

“Tamalez, Bilduk nahiago du errealitatea ezkutatu, herritarrei iruzur egin eta gure alderdia iraindu, modu desegokian jokatu duela aitortu baino. Esaten duenetik ez du ezer frogatzen. Horrenbestez, gure betebeharra da gure izena defenditzea eta hondarraren afera gertaera eta frogekin argitzea:
Bilduren gezurrak

1.- Bildu gezurretan ari da, esaten duenean oposizioa jakinaren gainean zegoela hondarra botatzeko erabakiaz, eta gai hori batzordean landu zela. Hala balitz, dagokion batzordeko aktan jasota egongo zen. Beraz, Bilduri dei egiten diogu aipatutako akta zarauztar guztien eskura jar dezan.

2.- Bilduk ez zuen erabakia kontrastatu eskumena eta ardura duten erakunde eta elkarteekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Aztik, biak ere Gipuzkoako hondartzen ezaugarriak ondo ezagutzen dituztenak, ukatu egin dute hondar ekarpenarekin zerikusirik eduki izana. Azti aurka azaldu da. Arkamurka Zarauzko elkarte naturazaleak ere Udalak iritzia eskatu ez ziola salatu du.  Hemeroteka begiratu besterik ez dago guzti hori egiaztatzeko.

3.- Bilduk inolako txostenik eduki gabe baimendu zuen hondarra botatzea. Izan ere, Udalak Costas-i ekainaren 23an eskatu zion txostena, hau da, hondarra bota eta hilabete inguru geroago. Dokumentua Udaleko erregistroan dago.

4.- Costas-en txostena bera hondarra ekarri eta gero egindakoa da, eta joan den uztailaren 8ko Hirigintza batzordera eraman zuen Udal Gobernuak, hau da, hondarra bota eta sei hilabete inguru beranduago. Horrek frogatzen du Bildu gezurretan ari dela esaten duenean oposizioak informazioa bazuela. Batzordean Udaleko teknikari bakar batek ere ez du hondar-ekarpena babestu. Bilduri dei egiten diogu kontrakoa erakusten duen akta aurkez dezan.

5.- Bildu gezurretan ari da esaten duenean hondarra bota aurretik horren kalitatea bermatu zela. Hondarra bota aurreko kontrola, granulometria egiaztatu, begiratu bat eman eta hondarra usaintzera mugatu zen, momentuan bertan, Costas-en txostenak berak aitortzen duen moduan. Edonork irakur dezake.

6.- Laborategiko analisiak Rotterdamen, Herbereetan, egin ziren, ekainaren 3an. Analisi horietan metal astunak dauden ala ez aztertzen da, besteak beste. Txostena eta emaitzak ekainaren 13an erredaktatu ziren. Hondarra, berriz, maiatzaren 22 eta 26 bitartean bota zen. Hala, Costas-en txostenak berak -aipatutako datak bertatik ateratakoak dira- arrazoia ematen digu esateko hondar-ekarpena laborategiko emaitzak ezagutu gabe egin zela.

7.- Bildu gezurretan ari da esaten duenean hondarra bota ez balitz ezingo zela hondartzan jarduerarik egin. Ez dago dokumentu, azterketa edo txostenik justifikatzeko Zarautzek 108.000 m3 hondar behar zituela, eta ez 50.000, 25.000 edo bat ere ez.

8.- Zarauzko hondartzaren kalitatea oso altua zen, eta ezin da alderatu estatuko hondartza gehienek, edota Gipuzkoako beste askok dutenarekin; beste hondartzetan egon diren zarauztar guztiek dakite hori. Soilik horregatik, Bilduren Udal Gobernuak arreta berezia jarri behar zion kontu honi.

9.- Gezurra da hondarra hondartzako bi puntutan baino ez zela bota esatea. Hondartza osoan zehar zabaldu zen.

Ez dugu onartuko lotsarik gabe gezurretan ibili, eta arduragabe jokatzen duenak guri etika falta eta Zarauzko Udalarekiko leialtasunik eza leporatzea. Oposiziotik, EAJko zinegotziok arduraz jokatzen jarraituko dugu. Salatu egingo ditugu Zarauzko Udalak berezkoa behar lukeen jokabidearekin eta Gobernu Onarekin bat ez datozen erabaki guztiak. Ekintza eta frogekin egingo dugu hori, eta ez irain, mespretxu eta gezurrekin, azken aldian Bilduren Udal Gobernuak egin ohi duen bezala. Hauxe da gertatutakoa. Hortik aurrera, bakoitzak epai dezala.

Zarauzko EAJren zinegotzi taldea 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...