Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/07/14

EAJk etxebizitzen alokairuaren aldeko apustua egiten du Tolosan

EAJren helburua da gizarte alokairuko etxebizitza parkea handitzea eta aurrekontu negoziaketetan proposatu modura, etxebizitza hutsen alokairua sustatzea OHZ/IBI igoera dela eta jasotako diru-kopurua etxebizitza horietara bideratuta. Olatz Peonek azpimarratu du EAJk egindako proposamenari esker Kondeko aldapan eraikitzen ari diren etxebizitzetako batzuk gizarte alokairuan izango direla
EAJk etxebizitzen alokairuaren aldeko apustua egiten du Tolosan

EAJren alkatetzarako hautagai Olatz Peonek prentsa ohar bidez adierazi du talde jeltzaleak etxebizitzen alokairuaren aldeko apustua egiten duela Tolosan. Hori horrela, Peonek azpimarratu du EAJk urteak daramatzala ildo horretan lanean, “legealdi honetan oposiziotik proposamenak eginez, eta aurreko legealdietan gobernuan hainbat proiektu gauzatuz egin dugu alokairuaren aldeko apustua, “horren adibide dira Euskal Herri plazako edota Igarondo igerilekua zegoeneko gizarte alokairuko etxebizitzak” gaineratu du.

Zentzu honetan, EAJK 2014ko aurrekontu negoziaketetan proposatu du etxebizitza hutsei aplikatutako OHZ-IBI igoerarekin jasotako diru-kopurua aipatu etxebizitzen alokairua sustatzeko erabiltzea. Peonek azaldu duenez, udal gobernuak onartu duen EAJren proposamenaren asmoa da zergaren bitartez bildutako ezohiko diru-sarrerak etxebizitza hutsetara bideratzea Tolosan dauden etxebizitza hutsen kopurua murrizteko eta diru hori udaletxeko diru-sarrera orokorretara joatea ekiditeko. “Alokairuaren sustapenaren bitartez lortu nahi dena da etxebizitza hutsen egoera hobetzea, Tolosan etxebizitza huts gutxiago izatea, alokairu prezio babestuak eskaintzea jabeak alokairua kobratzea bermatuz, eta azkenik, etxebizitzen ematea bermatzea” adierazi du Olatz Peonek.

Bestalde, EAJren beste helburuetako bat ere bada tolosarrentzat alokairu babestuko etxebizitza parkea handitzea. “Aurreko legealdietan egindako lanari esker dagoeneko bi proiektu gauzatu dira ildo horretatik, batetik, Igarondo igerilekua zegoeneko gizarte alokairuko etxebizitzak eta bestetik, oraindik eraikitzen ari diren Euskal Herri plazakoak” azaldu du Peonek. Alokairu babestuko etxebizitza parkea handitzeko helburuz, EAJk udal gobernuari proposatu dio Kondeko aldapan eraikitzen ari diren etxebizitzetako batzuk gizarte alokairuan izatea. Hasieran hainbat erreparo bazituzten ere, udal gobernuak jeltzaleen proposamena onartu du eta horri esker, tolosarrek proiektua amaitzen denean 10 etxebizitza gehiago izango dituzte gizarte alokairuan.

Azkenik, Peonek azpimarratu du beharrezkoa dela gizartean ematen ari diren aldaketak kontutan izatea, horietara moldatzea eta tolosarren etxebizitza beharrei erantzuna ematea. Horregatik, Peonek baieztatu du EAJk lanean jarraituko duela alokairuan dauden etxebizitza kopurua handitzeko, tolosarrei gizarte alokairu aukera handiagoa emateko, gazteen emantzipazioan laguntzeko eta alokairuan bizi diren errentariei aukera zabalagoa eskaintzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube