Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/07/14

Eusko legebiltzarkideak Melillan izan dira emakume etorkinek bizi duten egoera ezagutzeko

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren batzordea, Maribel Vaquero presidentea buru zuela, Melillan izan da Giza Eskubideen Behaketa Misio batean parte hartzen.
Eusko legebiltzarkideak Melillan izan dira emakume etorkinek bizi duten egoera ezagutzeko

Bidaia Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordeak (CEAR-Euskadik) antolatu du eta lau egun iraun du, emakume etorkinek Melillan bizi duten egoera ezagutzeko erabili duten denbora. Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak (Deustuko Unibertsitatea) eta Ikuspegiak (Immigrazioaren Euskal Behatokia) ere hartu dute parte misioan eta Eusko Legebiltzarra Vaquerok berak, Juan Carlos Escudero legebiltzarkide jeltzaleak eta EH Bilduko Diana Carolina Urreak ordezkatu dute.

Vaquerok jakinarazi duenez, emakume etorkinek bizi duten egoera ezagutzeko asmorekin lau egunez hainbat bilera izan dituzte Gobernuko Ordezkaritzarekin, Etorkinak Aldi Baterako Hartzeko Zentroko zuzendariarekin, Estatuaren Segurtasun Indar eta Kidegoekin, Abokatuen Elkargoarekin eta Giza Eskubideen Erakundearekin.

Vaquerok nabarmendu egin du bisitaren garrantzia, Melillan asiloa eskatzen dutenen joan-etorri askerako eskubideen urraketa eta sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima diren emakumeen babesgabetasuna izateko aukera eman dielako. Izan ere, gogoratu du asiloa lortu ahal izateko, emakume hauek behartu egiten dituztela mafiak salatzera eta horrek izugarrizko arazoak sortzen dizkiela. Horrez gain, Marokoko emakume zamaketarien lan-esplotazioa eta Etorkinak Aldi Baterako Hartzeko Zentroaren gain okupazioa ezagutu ahal izan dute euskal ordezkariek.

“Bisita gogorra, baina emankorra izan da emakume etorkinek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak ikusteko balio izan digulako. Gai korapilatsu eta zaila da, baina irtenbidea eman behar zaio lehenbailehen. Helburu horrekin, CEARrek txostena prestatu eta Legebiltzarrean aurkeztuko digu irailean”, aurreratu du Vaquerok.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube