Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/07/10

Ordenantza Fiskalen aldaketarako azterketan udal gobernuaren atzerapena kritikatu du Iridoyk

Irundarrei presio fiskala murrizteko eta krisi garai honetan egoera bidegabeak arintzeko helburuarekin planteatutako proposamenei gobernu sozialistak zortzi hilabete hauetan erantzunik eman ez izana deitoratu du EAJk. Etxebizitza hutsik dutenei zigorra edo gainordainketa ezarri beharrean, alokairuaren merkatuan etxebizitza hori jartzen duenari IBIan hobariak eskaintzearen aldeko apustua egiten dute jeltzaleek.
Ordenantza Fiskalen aldaketarako azterketan udal gobernuaren atzerapena kritikatu du Iridoyk

Irungo EAJ Udal Taldeak bere haserrea azaldu nahi izan du 2014 urterako Ordenantza Fiskalak eztabaidatu ziren Osoko Bilkuran, joan den urteko urrian, egindako proposamenei gobernu sozialistak erantzunik eman ez dielako eta orduan hartutako konpromisoa bete ez duelako. Irundarrei presio fiskala murrizteko eta krisi garai honetan egoera bidegabeak arintzeko helburuarekin hiru proposamen zehatz eraman zituzten jeltzaleek. Xabier Iridioy bozeramaile abertzaleak gogorarazi duenez, alde batetik, krisiaren ondorioak gehien jasaten ari diren familiei IBIaren tarifa murriztua aplikatzea eskatu zuen EAJk; bestetik, 2012an Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bildu eta PSEren arteko akordioari esker onartutako “etxebizitza hutsei” %50eko gainordainketa deuseztea eskatu zuten; eta, azkenik, 2012an egin zen plusbalioaren zergaren igoera handia –kasu batzuetan %30ekoa baino gehiago− berrikustea aldarrikatu zuten.

«Urriko Udalbatza hartan, EAJk zuzenketak atzera botatzearen truke, proposamenak sakontasunez aztertzeko konpromisoa hartu zuen gobernu sozialistak» azaldu du Iridoyk. «Azterketa lan hori Ogasun Batzordearen bitartez egingo litzateke, beharrezkoak ziren Ordenantza Fiskalen aldaketak egin zitezen» jarraitu du. Azaroan, 2013an ezarri zen %50eko gainordainketa indargabetzea onartu zuen Udalbatzak, eta bere azterketa eta zuzenketa egiteke geratu zen.

«Joan den apirilaren 9an, Udalbatzan hartutako konpromisoa betetze aldera, bilera bat deitu zen eta ordutik ez dugu berririk izan. Udal gobernuak hilabeteko epean bigarren bilera bat deituko zuela iragarri zuen, ondoren Udalbatzara eramango ziren proposamenak aztertzeko» adierazi du zinegotzi jeltzaleak.

Proposamenak aztertzeko gobernu sozialistaren atzerapena eta hartutako konpromisoak bete ez izana kritikatu ditu EAJk. Halaber, apiriletik hiru hilabete pasa direla eta hasitako lanarekin jarraitzeko beste batzorderik deitu ez izana deitoratu du Iridoyk. «Zortzi hilabete baino gehiago igaro dira udal gobernuak konpromisoa hartu zuenetik eta oraindik ez da ez aldaketarik ezta zuzenketarik ere egin Ordenantza Fiskaletan. Gaur, uztailak 10, IBIa errekargurik gabe ordaintzeko epea amaitzen da, eta berdin jarraitzen dugu, beharrezko erabakirik hartu gabe» zehaztu du Xabier Iridoyk.

Etxebizitza hutsik dutenei zigorra edo gainordainketa ezarri beharrean, alokairuaren merkatuan etxebizitza hori jartzen duenari, EAJk IBIan hobariak eskaintzearen aldeko apustua egiten duela baietsi du udal bozeramaileak. «Etxebizitza hutsak merkaturatzeko neurriak ezartzea izan behar da helburua» azaldu du.

Azkenik, atzerapen honek jeltzaleek egindako proposamenekiko eta okerren pasatzen ari diren hiritarrekiko gobernu sozialistak duen interes falta erakusten duela adierazi du Iridoyk, eta, era berean, hartutako konpromisoak ez betetzeagatik, udal gobernuaren sinesgarritasuna zalantzan geratzen dela azpimarratu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...