Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/07/10

Ibarrako EAJk aho batez onartu du Itziar Jauregi alkatetzarako hautagai izateko

“Erronka oso erakargarria da eta ilusioz, gogo-gogoz eta erantzukizunez onartu dut” esan du Jauregik. Ibarrako EAJren uri buru batzarraren presidenteak bere “kudeaketarako gaitasuna, udal-gaien ezagutza sakona eta ibarratarrenganako duen hurbiltasuna” azpimarratu ditu
Ibarrako EAJk aho batez onartu du Itziar Jauregi alkatetzarako hautagai izateko

Ibarrako EAJk prentsaurrekoan aurkeztu du Itziar Jauregi, 2015ean egingo diren udal hauteskundeetako alkatetzarako hautagai moduan “alderdikideek aho batez onartu dutena eta ibarratarrei, beraien konfiantza lortzeko, aurkeztuko dien taldearen buru izango dena” .

Jose Maria Gilek, Ibarrako EAJren uri buru batzarraren presidenteak, eskertu egin dio Itziar Jauregiri egoera berri honetarako erakutsi duen prestutasuna eta jarrera ona, eta azpimarratu egin du azken urteotan zinegotzi moduan Ibarraren eta ibarratarren alde oposiziotik egiten ari den lana. Horrez gain, bere lana eta ekarpenak azpimarratu ditu, eta “zuzentasuna, seriotasuna eta akordioak lortzeko beti zabalik izan duen eskua, batzuetan desadostasunaren eta kritikaren bidetik, baina beti ere, bere oinarri eta irizpideei eta hartutako konpromisoei leial izanik. Oraingoak bezalako uneetan, jarduera politikoa hain gutxietsia dagoenean, duen giza-kapitala, pertsona moduan eta lan arloan izan duen ibilbidean ondo frogatua, da bere bermerik onena”.

Horrela, adierazi du “ezagutzen dutenek ondo baino hobeto dakite Itziar pertsona elkarrizketa zalea eta irekia dela, ibarratarrengandik hurbil dagoena, kudeaketarako gaitasun handia duena, udal gaiak ondo ezagutzen dituena eta administrazioaren funtzionamendua ere bai. Jarrera sektarioetatik urrun egongo den emakume eta gizonen talde baten buru izango da, eta une hauetan ezker abertzalearen esku dagoen gobernuaren benetako alternatiba izango da. Jauregi prest dago Ibarrako alkate izateko” azpimarratu du Gilek.

Itziar Jauregik, bere aldetik, publikoki eskertu du alderdiak eman dion babesa, eta zerrendaburu izateko alderdikide jeltzaleek beregan jarri duten konfiantza. “Ilusioz, gogo-gogoz eta erantzukizunez hartzen dudan erronka da, eta bizitzen ari garen garai larrien jakinean izanik. Pertsonak, haien duintasuna eta ongizatea dira, eta izango dira, gure proiektuaren ardatz nagusi eta erdi-erdikoa. Ibarratarren benetako arazoei erantzutea lehenetsiko duen proiektua. Nahi duguna da udala, batik bat, udal kudeaketaren motorra izan dadila, eta ez eduki politikoko mozio etengabeen eztabaidarako foro hutsa. Uste dugu Ibarrak aldaketa bat behar duela”.

Alde horretatik azpimarratu du Ibarrak gobernu onean oinarritutako politika publikoak behar dituela, sinesgarriak eta herritarrengandik hurbil daudenak, eta planifikazio zehatz eta zorrotz batekin eginak, krisiari modu partekatuan egiteko aurre, eta ongizatearen etorkizuna bermatzeko. “Gure herriak ikuspegi politiko integratzailea behar du, sektarismoetatik urruti, eta elkarrizketan eta adostasunean oinarritutako kultura politikoa”. Eta gehitu du: “zerbait ikasi badut nire bizitza profesionalean, irakasle gisa, da , aurrean duzunari entzun egin behar diozula gauzak konpontzeko eta adostasunak lortzeko eta hori da herrigintzan ere egin dudan eta jarraituko dudana egiten: ibarratarrei entzun”.

Amaitzeko, aurreratu du oinarri horiekin “oraintxe bertatik lantalde bat osatzen ari naiz, Ibarrak dituen behar eta erronkak aztertzeko, eta aterako diren ondorioak, alderdiak martxan duen Ibarra Prest ekimenaren barruan, herriko gizarteko eragile eta sektoreekin kontrastatuko ditugu haien ekarpenak ere jasotzeko.”

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...