Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Zarauzko EAJK berretsi du hondar ekarpena “bermerik gabe” egin dela
EAJk salatu du Bilduk baimendu egin zuela Zarauzko hondartzan 100.000 tona hondar botatzea, “mota honetako erabaki batek eskatzen duen behar adinako bermerik gabe”, eta egotzi egin dio “gainerako alderdi politikoei erabakiaren berri ez ematea”, eta “adituen zein naturaren aldeko taldeen iritzia aintzat hartu ez izana”. Imanol Lasa bozeramale jeltzaleak adierazitakoaren arabera, Aztik argi utzi du publikoki, prentsak galdetu dionean, Zarauzko Udalak ez ziola jakinarazi hondarra botatzeko deliberoa. “Are gehiago, Aztiko arduradunek esan dute, kontsultatu izan baliete, beraiek aurka agertuko zirela, beharrezkoa ez zela uste dutelako, eta erabili den hondarrak, Jaizkibeletik ekarritakoa, Zarauzkoarekin batere zerikusirik ez duelako”.
Lasaren irudiko, gai honen kudeaketak, eta eskainitako azalpenak, “oso leku txarrean” uzten dute Bildu. “Udala gezurra esatera iritsi da, esan egin baitzuen Foru Aldundiaren babesa zeukala, Baina Aldundiak berak erantzun du inolako zerikusirik ez duela erabakiarekin, inolako baimenik ez duela eman, eta ez zuela Zarauzko hondarra betetzeko erabili den hondarraren jatorriaren berri”. Gogorarazi du Bildu bera dela Aldundian gobernatzen duena: “Zentzugabekeria honen tamaina halakoa da, beraien alderdikideek ere gezurtatu egin dutela emandako bertsioa”. Gaineratu duenez, Arkamurka bera hondar ekarpenaren aurka azaldu zen, eta kritikatu egin zuen iritzia ere ez zietela eskatu, Udaleko arduradunek esandakoaren kontra.
Zarauztar askoren eta herriko taldeen artean antzemandako kezkaren aurrean, EAJk idatzi bat aurkeztu zuen orain zenbait aste erregistroan, galdetuz “zein zen Kosta ministerioari Zarautzen hondarra botatzea baimendu zuen arduradun politikoa, eta zeintzuk ziren erabaki hori oinarritzen zuten irizpide teknikoak eta ingurugiro arlokoak”. Lasak azaldu duenez, denborak erakutsi du “gardentasunik gabe” eta “presaka” jokatu dutela. “Agerian gelditu da Udalak baimena eman zuela aurretiazko txosten edo azterketa teknikorik egin gabe, halako kanpoko hondar kopurua gure hondartzan botatzea izan zitzakeen ondorioak neurtu ahal izateko. Jaso dugun bakarra obra bukaerako txosten bat da, Costas-ek eginikoa. Txosten hori berbera da hondarra bota den hondartza guztientzat, hala nola Donostia, Getaria edo Mutriku, besteak beste”.
Bozeramale jeltzaleak erantsi duenez, txosten hori, eta Udalak Costas-i eginiko informazio eskaera bera, hodarra bota eta gerokoak dira, eta ekaineko data dute. Horrek erakusten du, haren esanetan, jeltzaleek erakutsitako kezka guztiz justifikatuta zegoela: “Oraingo honetan ere, etxea teilatutik hasi nahi izan dute. Argi dago Bilduk ez zeukala hondarra botatzea sostengatzen zuen aurretiazko txostenik, eta enkargatu ere ez zuela egin. Costas-en hitza zen zeukan berme bakarra”. Salatu du hondarrarekin gertatutakoa “iluntasunean” oinarritutako kudeaketa eredu baten “adibide garbia” dela, eta “arduragabekeriatik gertu” dagoela: “Ez da lehen aldia, hondakinekin edo Nafarroa kaleko biribilgunearekin gertatutakoa ikusi besterik ez dago”.
Lasak adierazi du gisa honetako erabaki batek ondorio garrantzitsuak izan ditzakeela hondartzaren morfologia eta ezaugarrietan, Aztik berak azpimarratu duen bezala: “Ekarri den hondartza oso desberdina da bere kolorean, tamainan eta osaketan. Harriak eta blokeak dauzka. Aztik esana du falta zen hondartza berez berreskuratuko zela esku-hartzerik gabe, ziklo naturalak errespetatu izan balira”. Bainuzale eta hondartzako erabiltzaile asko kexu agertu direla ekarri du gogora. Horrenbestez, eskatu du Udaleko batzorde berezian jorratzeko “hondar berriak ekarri dituen ondorioak”. “Oraingo honetan Aztiko arduradunei kontsultatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Ezin dugu ahaztu Udalak hitzarmena sinatuta duela Aztirekin beste gai batzuetarako, hala nola itsasaldien kontrolerako”.
Azkenik, eskatu egin dio Bilduri “dekretu bidez” gobernatzeari uzteko, eta arduraz jokatzeko. “Halakorik ezin da errepikatu. Gai delikatu batean, egin daitekeen gutxienekoa adituen iritzia entzutea da, zer esanik ez, kasu honetan bezalaxe, beraiekin komunikazio bide bat baldin badaukazu. Guk argi daukagu Zarautzek ezin duela horrela jarraitu eta gobernatzeko moduetan aldaketa sakona behar duela. Sentsazio hori geroz eta zarauztar gehiagok partekatzen dutelakoan gaude”.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
PASAIA
2025/12/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


