Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/07/09

Azpeitiko EAJ elkarrizketa irekiaren alde agertu da Soreasuren erabilera erabakitzerakoan

Aitor Gorrotxategik kultur talde guztiak animatu ditu “urte hauetan Azpeitian garatu duten lan-ibilbidea balioan jartzera” eta eskatu du erabilera alderdikoien tentalditik ihes egiteko.
Azpeitiko EAJ elkarrizketa irekiaren alde agertu da Soreasuren erabilera erabakitzerakoan

EAJren Azpeitiko udal taldeak berretsi egin du Soreasu edukiz betetzearen alde lehendik ere emana duen bultzada, eta elkarrizketa irekiaren alde agertu da bere erabilera erabakitzeko. Horrekin batera Bilduk gidatzen duen Udalari eskatu dio “erabilera alderdikoiak edota Azpeitian kultura arloan lanean ari diren erakunde eta elkarte desberdinak Soreasuko espazio horretan kokatzerakoan afinitate politikoen bidetik jotzeko izan daitekeen edozein tentazio bazter dezala”.

Alde horretatik, Aitor Gorrotxategi bozeramaile nazionalistak eskatu du Udalak “elkarrizketa ireki eta gardena ireki dezala kultur taldeekin, haien gaur eguneko errealitatea aztertzeko, eta plantea ditzaketen eskari eta beharrak jasotzeko, bai eta gaur egun talde horiek erabiltzen ari diren lokalen egoeraren berri izateko ere, eta Kultura Batzordeak hel dakiola zeregin horiei, horretarako foro espezifiko bat sortuz, udal batzordeetan behin eta berriro eskatu izan dugun moduan”.

Aurreko horren ildotik, kultur erakundeak bultzatu ditu “kulturaren eta ezagutzaren sustapenean urte hauetan guztietan izan duten lan-ibilbidea balioan jartzera, horren ondorioz Azpeitiaren izena balioan jarri baitute parte hartu duten jarduera eta ekimen guztietan”.

Gorrotxategik aitortu du “jakin badakiela” Soreasu moduko instalazio moderno batzuetan kokatua egoteak izan dezakeen erakarmen eta interesa, aparkaleku zabal bat ere bai baitu instalazio horietara ezezik herriaren gune historikora ere erraz eta eroso iristeko aukera ematen duena.

Horrez gain esan du “poztu egiten dela” alkatearen jarrera aldaketagatik, hiru urtean “obra faraoniko” moduan gaitzetsiz kalifikatzen aritu ondoren, “eta paralizatuta eduki ondoren, edukiz betetzea erabaki baitu, eta eskatzen dugu eduki hori kultur erabileretarako izan dadila, obra hori egiten hasi zen lehenengo unetik beretik zuen izaerari erantzunez”.

Horrela, aurreratu du Udalak “EAJren esku irekia luzatuta aurkituko duela akordiorako” baina “lehenengoa izango dela diskriminazioa ekar dezaketen erabakiak salatzerakoan”.

Azkenik, eskatu du jeltzaleek proposatuta aurrekontuetan jarri zen 150.000 €ko diru-partida exekuta dadila, 2014. urte hau amaitu baino lehen Musika Banda eta Julian Barrenetxea abesbatza har ditzan Soreasuk bere baitan, lehenengo fase batean”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...