Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Bilduk noraezean jarraitzen du zaborren gaiarekin
Zarauzko EAJk Bilduren “irizpide eta lidergo falta” kritikatu ditu hondakinen kudeaketan, Udalean zein Urola Kostako Udal Elkartean (UKUE), eta egotzi dio “alternatiba seriorik” ez edukitzea birziklapen kopuruak hobetzeko, “herritarren borondatearen gainetik atez atekoa inposatzen ahalegindu izanaz harago”.
Jesus Arana eta Maite Garrastazu zinegotzi jeltzaleek aditzera eman dutenez, hiru urteko agintaldian, Bilduk “dirua eta denbora galdu besterik” ez du egin, “edukiontzien bidezko bilketa sisteman inolako aldaketa edo hobekuntza aipagarririk ezarri gabe, nahiz eta etengabe eskatu diogun horri heltzea. Egia bakarra hauxe da; legealdi hasieran genuen sistema berarekin jarraitzen dugula”.
EAJko zinegotzien iritziz, Bilduk erakutsi du ez daukala atez atekoa inposatzeaz aparte “B planik”: “Azken hiru urteetan gai berari bueltaka aritu da etengabe, denbora eta dirua galduz lehiaketarik gabe emandako azterketekin edo emaitza praktikorik ekarri ez duten ekintzekin, oposizioaren iritzia kontuan hartu gabe beti ere”. Jeltzaleek uste dute, ildo horretan, Bilduk “propaganda egiteko eta bere ardurak zuritzeko” baino ez du erabili Zarauzko Hondakinen Mahaia: “Ia urte erdia igaro da azken bileratik, hala-moduzko bukaera izan zuen hartatik. Harrez gero ez da erabaki sakonik hartu Mahaiak adostutako bilketa selektiborako portzentajera -%70- iristeko, eta informaziorik ere ez zaigu eskaini”.
Argudiatu dute Bilduren Udal Gobernuak konpromisoa hartu zuela Mahaian agertutako bilketarako proposamenen azterketa tekniko eta ekonomikoa egin, eta Mahaiko partaideei aurrerapenen eta emaitzen berri emateko: “Ia sei hilabete pasa dira eta ez dakigu ezer. Gainera, hartu dituzten erabaki apurrak gardentasunik eta kontsentsurik gabe hartu dituzte”. Zehaztu dutenez, “zuzenean esleitutako” sentsibilizazio kanpaina bat egin da, horren barruan “zebrabideak pintatu eta edukiontziak ireki eta karakterizatu” direlarik, eta etxeetan banatu den eskuorri bat ere argitaratu da: “Unean-uneko kanpainak izan dira, aurpegia garbitzea bilatu besterik ez dutenak, eta gure ustez benetako sentsibilizazio eta heziketa egitasmoen batere antzik ez dutenak, besteak beste ez baita eragileen lankidetza bilatu”.
Bestalde, jeltzaleek salatutakoaren arabera, joan den maiatzaren 21ean Juan Luis Illarramendi alkateak idatziz eskatu zion UKUEri Zumaian egin den azterketa bera Zarautzen egiteko, kontenedore organikoan txip edo txartel sistema ezartzeko. “Ez dugu ulertzen zertara datorren erabaki hau. Eta ez dugu ulertzen zergatik egon behar duen Zarautzek Zumaiako Hondakinen Mahaiaren eta bertan hartutako erabakien baldintzapean. Gure herrian, mahai baten inguruan, alderdi politiko, elkarte eta eragileak elkartu ondoren, eta bilera mordoa egin ondoren, hara non orain mahaiari entzungor egiten zaion eta Zumaiakoak erabakitakoa kopiatzen den. Alkatearen lidergo falta gai honetan erabatekoa da. Beste batzuen eta bere alderdiaren arginduen menpe dago”, kritikatu dute.
EAJk uste du jarrera horrekin Bilduk errespetu eskasa erakusten diela Zarauzko Mahaian parte hartu duten guztiei, eta, horrenbestez, bertan ordezkatutako zarauztarrei. “Udal Gobernu honen hondakin politikak zerbait erakutsi baldin badu, zera da: herritarren parte-hartzea aipatzen dela, eta parte-hartzea kontuan hartzen dela, soilik politikoki komeni zaienean. Mahaiarekin, atez atekoa inposatzeko hasierako saiakera hura ahantzarazten saiatu dira. Horren froga da Bilduk ez zuela gaikako bilketarako bere proposamena zein den argitu ere egin, gainerako mahaikideek ez bezala”, ondorioztatu dute.
Jeltzaleak kezkatuta agertu dira ere UKUEren hondakin politikarekin, “orain arteko geldialdiaz gain, erakundeen arteko koordinazio falta eta inprobisazioa etengabea izaten ari baitira nagusi”. Ohartarazi dute udal bakoitza “bere kasa” ari dela, eta bilketa sistemak errotik aldatu nahi direla “planteamendu ekonomiko seriorik gabe”: “Hiru urteren ondoren, orain presak sartu zaizkie eta nahi dute Zumaiako sistema berriaren kostuak zarauztarrek ere ordaintzea, UKUEren bitartez. Gu horren aurka gaude, erabat. Ezin dira ezarri sistemak 'kartara', hau da, nahierara, besteon poltsikoaren kontura”.
Gogorarazi dute Udal elkartea “sistema komunia eduki eta kostuak murrizteko” sortu zela, hain justu, eta eskatu dute planteamendu “bateratua, epe luzerakoa eta ekonomikoki bideragarria” egitea. “Ez dugu inolaz ere onartuko Urtetako zabortegia ixteko aurreikusitako diru fondoa ukitzea eta gastatzea, Bilduren irizpide faltak ekarritako ondorioei aurre egiteko, proposatu duten bezala. Zentzugabekeri larria iruditzen zaigu herri bakoitzeko gaikako bilketarako sistema berriak zabortegiko fondoko diruarekin ordaindu nahi izatea, horrek sistemaren bideragarritasuna kolokan jarriko bailuke”.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2025/11/12
GBB
2025/11/04
Donostia
2025/10/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


