Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/07/04

Foru soberakinaren negoziazioetan Bilduk eta PSEk Irunekiko erakutsitako konpromiso falta deitoratu du EAJk

Bidegorriaren bidez badiako hiru herrien lotura finantzatzeko eta eskualdeko egoitzetan hitzartutako plaza kopurua handitzeko jeltzaleen proposamenak atzera bota ditu Aldundiak. Txingudiko hiru udalerriak bizikleta ibilbidez lotzeko proposamenak hiritarren parte-hartze prozesuan izan duen babesa foru gobernuak kontuan izatea eta 2015ean horretarako partida ekonomikoa bideratzea espero dute jeltzaleek.
Foru soberakinaren negoziazioetan Bilduk eta PSEk Irunekiko erakutsitako konpromiso falta deitoratu du EAJk

Duela hiru aste batzarkide talde jeltzaleak Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztutako gure hirirako ekimenak biltzen zituzten zuzenketak atzera bota izana deitoratu du Xabier Iridoy Irungo EAJ-PNVko udal bozeramaileak. Iridoyk gogorarazi duenez, EAJ-PNVk Irunekin eta gure eskualdearekin lotura zuten bi proposamen aurkeztu zituen 66 milioi euroko soberakinaren kudeaketarako. Alde batetik, talde abertzaleak 250.000 euroko partida eskatu zuen Txingudi badiako hiru herriak lotzea ahalbidetuko duen bidea eraikitzeko; eta, bestetik, Bidasoako eskualdean erresidentzia plaza baten zain dauden menpeko adineko pertsonen itxaron zerrenda dagoela kontuan hartuta, jeltzaleek plaza berriak hitzartzeko aurreikusita zegoen partida 100.000 eurotan gehitzea proposatu zuten.

Iridoyk azaldu duenez, talde sozialistak Donostiarako aurkeztu duen zuzenketa bakarra onartu du negoziazioetan Bilduk. Modu horretan, PSEren abstentzioa ziurtatua zuela, jeltzaleek Irunerako egindako proposamenak atzera bota ditu koalizio abertzaleak, ondorioz, «argi geratu da bai Bilduk baita PSEk ere gure hiriarekiko eta irundarren bizi kalitatea hobetzeko proiektuekiko erakutsitako konpromiso falta» adierazi du udal zinegotziak.

Horren harira, beste erakundeekin modu koordinatuan lanean jarraitzeko apustua eta konpromisoa berretsi ditu Iridoyk, Hondarribia, Irun eta Hendaia lotzeko bidegorria bezalako proiektuek administrazioetatik bultzada izan dezaten eta errealitate bilaka daitezen. «Euskal erakunde desberdinetatik Irunen alde lanean eta irundarren interesak defenditzen jarraituko dugu» baietsi du. «Oraingoan proiektu horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioa jaso ez badugu ere, 2015eko aurrekontuei begira Bilduk eskualdean egin duen hiritarren parte-hartze prozesuan ateratako emaitzak kontuan izatea espero dugu» azaldu du Iridoyk.

«Helarazi diguten informazioaren arabera, aurkeztu diren 135 proposamenetatik Hendaia-Irun-Hondarribiko lotura lehenetsitako ekarpenen artean dago, eta prozesuan parte hartu duten hiritarren aldetik babes handiena jasotako proposamenen artean aurkitzen da» adierazi du zinegotzi jeltzaleak. Hori dela eta, datorren urterako aurrekontu partida batekin bere konpromisoa gauzatu dezan eskatu dio EAJ-PNVk foru gobernuari, «bidegorriaren eraikuntza, gainera, bere eskumenekoa baita» amaitu du Iridoyk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...