Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/07/03

Eibarko EAJ arduratuta dago udal gobernuak merkatu plaza itxi nahi duelako

Jeltzaleek salatu dute udal gobernuak ez diela baserritar eta merkatariei beren asmoa zein den azaldu. Eva Juez bozeramaileak azpimarratu du merkatu plaza gure herrian errotuta dagoen txikizkari merkataritzaren erakusle dela, eta enplegu eta aberastasunaren iturri ere badela adierazi du.
Eibarko EAJ arduratuta dago udal gobernuak merkatu plaza itxi nahi duelako

EAJko udal bozeramaile eta alkatetzarako hautagai Eva Juez kezkatuta dago udal gobernuak Merkatu plaza ixteko asmoa duelako. Juezek azaldu duenez, gobernu sozialistak merkatu plaza itxi nahi du eta eibartarrak eta bereziki merkatuko parte diren baserritar, merkatari eta bezeroak arduratuta daude udal gobernuaren erabaki honekin. Horregatik, gaia argitzearren eta Miguel de los Toyos alkateak zer egin nahi duen ezagutze asmoz, EAJko udal taldeak hainbat galdera erregistratu ditu udaletxean.

“Inork ez daki ziur udal gobernuak zer egin nahi duen, ezta merkatari ta baserritarrek ere” azaldu du bozeramaile jeltzaleak. Kezka nagusi denez, jarraitu du Juezek, EAJk Eibarko alkateari galdegin dio ea zein harreman izan dituen Merkatuko merkatariekin udal gobernu taldearen asmoak zein diren ezagutze aldera. Halaber, talde jeltzaleak jakin nahi du postu bakoitzari dagozkion kontratu eta lizentziak noiz amaitzen diren, merkatua sustatzeko negozio eredu berriak txertatzea aztertu duten hala ez, alkateak bideragarritasun planik ba ote duen, urteko mantenu kostua zenbatekoa den eta aurretik Errebalen zegoen eraikina eraitsi aurretik bertako mantenu kostuak ere zein zen jakin nahi dute jeltzaleek. Baita udal gobernuak plaza noiz ixteko asmoa duen ere.

Eva Juezek azaldu duenez, Merkatu Plazako hainbat merkatarien erretiroa hartzeko asmoa dute datorren urtean, baina merkatuaren bideragarritasuna ez dago egungo postuei lotua bakarrik, baita plazaren biziberritze eta modernizazioari ere. Beraz, Merkatu plaza ixtearen arrazoia ez da bideragarritasun gabezia, ideologia kontua da, gaineratu du Juezek, “PSOEk ez du plaza bizirik mantentzeko inolako asmo, ezta interesik”. Bilbon, Elgoibarren zentzua du merkatu plaza izateak, eta zergatik ez du Eibarren? galdegin du Juezek. “Merkatu plaza gure herrian errotuta dagoen txikizkari merkataritzaren erakuslea da, eta enplegu eta aberastasun iturri da.

Jeltzaleek azaldu dute Errebalerako proiektua ezerezean geratu zenetik (duela 5 urte jada eraikia egon behar zuena), PSOEk ez du jakin zer egin ez Errebalekin, ezta merkatu plazarekin ere. Ideiak faltan eta denbora irabazi nahian, herritarren parte hartze prozesu bat jarri zuten martxan, eta EAJk parte hartu du prozesuan. “Prozesu honen emaitzen aurkezpenean ez da merkatu plaza aipatu ere egin, baieztatu du Juezek, horregatik, alkatearen asmoa plaza ixtea bada, zer egin nahi duen azaldu behar zuen parte hartze prozesuan, izan ere, parte hartze prozesuari bizkarra ematen badiote, herritarrei informazioa ezkutatuz, sinesgarritasuna galtzeaz gain beraiek bultzatutako prozesua ezerezean geratuko da” azaldu du Juezek.

Azkenik, Juezek adierazi du udal gobernuaren eraginkortasun eta aurreikuspen gabeziak eta kudeaketa gaitasun eta borondate politiko ezak merkatu plaza desagerraraziko dutela. “Inor kontutan hartu gabe erabaki du udal gobernuak plaza ixtea, herritarrei bizkar emanez eta baserritar eta merkatariei ezer azaldu gabe” salatu du Juezek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...