Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/06/26

EAJ kezkatuta dago Pasaiako parkeen egoera txarragatik

EAJko udal taldeak gobernuari eskatu dio jolastokien egoera hobetzera bideratutako diru partidak osorik erabiltzeko gerta daitezkeen istripuak ekiditeko. Halaber, jeltzaleek udal gobernuari eskatu diote pasaitarren beharrei lehentasuna eta erantzuna emateko udalerriko egoera eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko.
EAJ kezkatuta dago Pasaiako parkeen egoera txarragatik

EAJko udal taldeko bozeramaile eta alkatetzarako hautagaia den Nahikari Oterminek Pasaiako haurren jolastokien egoera txarraren inguruko kezka azaldu du prentsa ohar baten bidez. Bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, besteak beste, Donibane eta Trintxerpeko zenbait parkeen egoera tamalgarria da eta ondorioz, haurrentzako arriskutsuak izan daitezke. Horregatik, EAJko udal taldeak Bilduko gobernuari eskatu dio jolastokien egoera hobetzera bideratutako diru partidak osorik erabiltzea gerta daitezkeen istripuak ekiditeko.

“Herriko hainbat parkeek hobekuntzak eta berrikuntzak behar izanda ere, azken bi urtetan haurren jolastokien egoera hobetzera bideratutako diru partidak ez dira osorik erabili, horregatik egin diogu aipatu eskakizuna udal gobernuari” azaldu du Oterminek. Jeltzaleak adierazi du 2013an soilik 500 euro erabili zirela parkeak hobetzeko, horretarako diru gehiago bazegoen ere, eta aurten inbertsioa handiagoa izan da Antxon eta San Pedron bi jolastoki berri sortu direlako. “Pozgarria den arren bi parke berri izateak, dagoeneko sortuak daudenak ere zaintzea beharrezkoa dela uste dugu, bereziki haurrek erabiltzen dituztela kontutan badugu” gaineratu du Oterminek.

Azkenik, Nahikari Oterminek azpimarratu du haurren jolastokien egoera txarrak Pasaiak bizi duen utzikeriaren adibide direla, horregatik talde jeltzaleak udal gobernuari parkeen egoera hobetzeko eta behar diren kasuan parkeak berritzeko eskatzeaz gain, horretara bideratuta dauden diru partidak erabiliaz, pasaitarren beharrei lehentasuna emateko eta horiei erantzuteko eskatu diote, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...